NAIZ

Oskar Alegriaren ‘Zumeta 23’ filma, Youtuben ikusgai

Oskar Alegria zinemagileak ‘Zumeta 23’ film laburra ekoitzi du, Usurbilgo Udalaren enkarguz, Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurrenean. Udalaren Youtubeko kanalean jarri dute ikusgai.

Irailaren 22an eta 23an Usurbilen eta Zubietan ospatu zen Xumetik herri jaialdian estreinatu zen Oskar Alegria zinemagilearen ‘Zumeta 23’ film laburra. Usurbilgo Udalaren enkarguz egin zuen, Jose Luis Zumetaren (Usurbil, 1939 - Donostia, 2020) Usurbilgo muralaren 50. urteurrenean.

Duela mende erdi, Zumetak bere lanik ikonikoena utzi zuen bere herriaren bihotzean: Usurbilgo frontoian. Orain udalaren Youtubeko kanalean jarri dute denen eskura, eta lau hizkuntzatan. Oskar Alegriaren lanean, bi pilotari-margolarik kolore festa bat ospatu dute Zumetaren muralaren omenez.

Aurten mende erdia bete da Zumetak zeramikazko mural ikonikoa hasi zuenetik —1974ko apirilean bukatu zuen—, eta haren omenezko ekitaldi eta jarduera ugari antolatu dira urteurrenaren karietara. 

Zubietan grabatu dute orain Youtuben ikusgai dagoen film laburra. Narrazio zuzenik gabeko filma da, eta abstrakzioa du oinarri. Mihise modura balio duen frontis zuri bat, bi puntista, kantari bat, eta dozenaka begi jokaldiari so. Izan ere, filmean, pilotariak margolari dira —Maite Ortiz de Mendibil eta Manex Urtasun—, pinturaz betetako pilotak dituzte pintzel, eta, kolpeka, pilotak paretan lehertuz sortzen dute obra.

Bat baino gehiago ditu Jose Luis Zumetak obra esanguratsuak eta Euskal Herriko iruditerian present daudenak. Horien artean berezia da mural hau. «Obra publikoa da, eta berak ez du hainbeste. Eta daukan dimentsioagatik ere bai, kontuan izanik berarentzat material berria zela buztina; erronka handia izan zen», aitortu zuen elkarrizketa batean bere alabak, Usoa Zumetak. Esperimentazioa etengabekoa izan zen. Une zailak ere pasa zituen artistak, berak bilatzen zuena gauzatzea lortuko ez zuenaren beldur.

Egilearekin batera, herritarrek ere beraiena sentitu dute ordudanik murala. «Herriaren irudia izan da ia-ia», ziurtatu zuen aipatu elkarrizketan Usoa Zumetak.