Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Euroitunaren konpromisoak ez direla betetzen nabarmendu dute Behatokiak eta Kontseiluak

Hizkuntza gutxiagotuen babeserako Euroitunak eskatzen dituen konpromisoak ez direla betetzen ari salatu dute astelehen honetan Iruñean Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.

Behatokiko Agurne Gaubeka eta Kontseiluko Idurre Eskisabel, Iruñean Euroitunari buruzko txostenarekin.
Behatokiko Agurne Gaubeka eta Kontseiluko Idurre Eskisabel, Iruñean Euroitunari buruzko txostenarekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euroitunaren aplikaziori buruzko seigarren ebaluazioko txostena aurkeztu dute gaur Iruñean Idurre Eskisabelek eta Agurne Gaubekak Kontseilua eta Behatokiaren izenean. Eta ondorio nagusia argia da: bertan diren gomendioak ez dira betetzen.

Duela 25 urte sortu zen Euroituna Europako Kontseiluaren eskutik hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sustatzeko. Estatu espainolak 2001ean berretsi zuen ituna, frantsesak ez du oraindik horrelakorik egin. Beraz, soilik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian indarrean dagoen araua da Euroituna, euskarari dagokionean.

Abuztuan, Estatu espainolak 2017-2021 epean emandako pausuei buruzko txostena aurkeztu zuen. Europako Kontseiluko adituek horri buzuko balorazioa egin beharko dute. Kontseiluak eta Behatokiak irakurketa propioa egin dute eta aste honetan bertan helaraziko diote Europako Adituen Batzordeari. Honekin batera, urtarrilaren bueltan aditu hauek Euskal Herrirako etorriko dira egoera zuzenean aztertzeko asmoarekin eta Kontseilua eta Behatokiko kideek beraiekin bildu nahi dutela adierazi dute.

«Europatik Espainiako Estatuari 5. ebaluazioaren ostean ezarri zitzaizkion berehalako neurriak martxan jarri behar zituen arren, ez betetzeetan katramilatuta jarraitzen du. Izan ere kontuan izan behar da Europako Adituen Batzordetik zein Europako Ministroen Batzordeak emandako berehalako gomendio batzuk Espainiako Estatuaren legedian aldaketak egitea suposatu beharko lukeela», azaldu du Eskisabelek.

Horrela, Botere Judizialaren Lege Organikoak talka egiten du Euroitunaren bederetzigarren artikuluarekin. Edozein prozedimendutan alde batek euskara erabiltzea eskatzen badu, horrela egin behar dela agintzen du Euroitunak. Legedi espainolaren arabera, ordea, alde batek hizkuntza gutxiagotuaren ezagutza maila falta adieraztearekin nahikoa da prozedura guztia gaztelera hutsean egiteko beharra ezartzeko.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak zehaztu duenez, justiziaz gaindi, Estatu espainolak Europara zuzendutako txostenean hezkuntzan, administrazio publikoan, komunikabideetan edo ekonomia eta gizartearen alde egindakoak aipatzen ditu.

«Lehenik eta behin, arreta deitzen digu Euroitunaren aplikazioa aztertzerakoan Espainiako Estatuak ez duela kontuan izaten zenbat ez betetze eman ziren aurreko urteetan eta ez da argi adierazten horiekiko aurrepausorik eman den edo ez. Gainera, ez dute aurrerapauso nabarmenik planteatu, eta aurrera begirako neurriak partzialak eta oso azaleakoak izan dira», esan du Gaubekak. Madrilek egindako txostenak talka egiten du Behatokiaren Euskaren Telefonoan jasotzen diren kexekin.

Estatuko administrazio

Gauzak horrela, Gaubekak nabarmendu duenez Estatuko administrazioak Euskal Herrian dituen bulegoetan ez da euskarazko arretatik eskeintzen. Izan ere, Hego Euskal Herriko lau herrialdetan ez da euskaraz kontuan duen lanposturik Estatuko Administrazioen. Langileen euskara jakinduri mailari dagokienean, %11koa da EAEn eta solik %1ekoa Nafarroa. «Beraz, herritarrei zerbitzuak euskaraz bermatu ahal izateko ezintasun nabarmenak daude», azpimarratu du.

Administrazio elektronikoari dagokionean, Madrilek aurkezturiko txostenean euskarrien %100 elebidunak direla adierazten da. Baina Behatokiko zuzendariak aipatu duenez, «urte guzti hauetan ehundaka izan dira herritarrek helerazi dizkiguten gaztelania hutsa erabiltzen duten euskarriak eta hainbat eginbide telematiko edo webguneetako informazioa oraindik orain euskaraz behar bezala gaitu gabe daude».

Nafarroa

Nafarroako administrazio publikoari dagokionean, irakasleen lanpostuez gaindik %3 soilik dira Nafarroako Gobernuko lanpostuen artean elebidunak, «hau euskara ofiziala den eremuan ere Itunak ezarritakoak bete ahal izateko oztopo nabarmenda izanik». Honekin batera, prozedura elektronikoen %17 baino ezin daitezke euskaraz egin.

«Azkenik, Itunaren III. atalari dagozkion konpromisoen ez betetzea ere salatu nahi dugu Nafarroan legez euskara ofiziala ez den eremuetan», erantsi du Gaubekak. Izan ere, ofiziala ez den lurraldeetan ere euskara babestu eta sustatu beharko luke Nafarroako Gobernuak Euroitunan agertzen diren konpromisoen arabera. Egoera bestelakoa da: D ereduen irekiera berriak oztopatzea, eta unibertsitatean euskara ikasteko eskubidea bermatu gabe jarraitzen da.

Nafarroa osoan euskararen ofizialtasunaren beharra azpimarratu du ere Gaubekak.

EAE

EAEri dagokionean, urraketak ere ematen dira. Osasungintzan eta segurtasun alorretan euskaraz arreta jasotzeko hutsune nabarmenak antzeman dituzte. Hezkuntzan, Lanbide Heziketan zein unibertsitatean euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen du. Honekin batera, eremu sozioekonomikoan, komunikabideetan edo kultura alorrean euskara sustatzeko konpromisoekiko neurri eraginkor eza kritikatu dute Kontseiluak eta Behatokiak.

Justiziarentzako aipamen berezia

Sistema judizialari aipamen berezia egin diote. Estatu espainolaren sistema judizialaren aldetik euskararen lurralde guztian Itunaren konpromisoak sustatzeko hainbat neurri atzera bota dituztela salatu dute. Euroitunaren 7.2 artikuluan hizkuntza gutxiagotuen mesedetan hartzen diren neurriak ezin direla hizkuntza nagusituaren diskriminaziotzat jo adirazten da. Azkenaldian izan diren epai ugaritan, berriz, diskriminazioaren «logika» erabili izan da euskararen aldeko neurriak bertan behera uzteko. Epaileen artean «euskararen kontrako oldarraldia» ematen ari dela salatu du.

Hori dela eta, azaroaren 4an 17.00etan Bilboko Euskalduna jauregitik deitu duten manifestaziora joateko dei berezia egin dute.