Manex Altuna

Beñat Prados eta Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Almeriaren aurka hasieratik jokatzeko «prest»

Galarreta, Unai Gomez eta Nolaskoain lesionaturik daude; Vesga eta Herrera, aldiz, min hartuta kolpe baten ondorioz. 21 urteko nafarrak hamaikakoan sartzeko aukera izan dezake. Aldi berean, Bilbao Athleticeko Mikel Jauregizar erdilariak lehen taldearekin entrenatu du eta amaitu da animazio greba.

Beñat Pradosek zelai erdian jokatu du Getaferen eta Realaren kontrako partidetan.
Beñat Pradosek zelai erdian jokatu du Getaferen eta Realaren kontrako partidetan. (@AthleticClub)

Edozein unetan jokatzeko aukera iritsi daitekeela sinetsita entrenatzen du Beñat Pradosek. Lezaman egindako agerraldian azpimarratu duenez, «prest» ikusten du bere burua hamaikakoan sartzeko. Ernesto Valverderena izango dela erabakia gaineratu du. Bere helburua minutuak «irabazi» ditzakeela erakustea da. Azken finean, teknikariak taldeari «lagundu» eta bere «ekarpena» egin dezakeela.

Pradosen lehen denboraldia da Athleticen. Iaz utzita aritu zen Mirandesekin Bigarren Mailan eta «ikasteko» aukera izan zuela aipatu du. Denboraldi-aurrean erritmoari egokitzea kosta zaiola onartu du, baina gero eta hobeago moldatzen ari dela uste du. Dagoeneko lau partidatan parte hartu du, eta 65 minututik gora izan ditu. 22 urteko nafarrak Sadarren jokatu zen derbian egin zuen debuta. Defentsaren eskuin hegalean aritu zen.

Lezaman euskarri bezala hezi dela gogoratu duen arren, Prados posizio hortan jokatzeko gai ikusten da. Taldeari «laguntzea» ahal den moduan eta «beharrizanetara» egokitzea dela bere eginkizuna azpimarratu du. Mirandesen ere atzeko lerroaren erdian jokatzen jarri zuen Joseba Etxeberriak. Futbola «ikusteko» dohaia dauka, ondo moldatzen da baloia mugitzen eta taldea zuzentzen. Aldi berean, oldarkorra da lehiatzerakoan.

Ezaugarri horiek direa-eta, proba ezberdinak egin ditu Valverdek berarekin eta udan zehar hainbat aldiz zelairatu du defentsaren erdialdean. Mallorcaren kontrako norgehiagokan, aldiz, Lekue ordezkatu zuen lateral postuan. Azken bi partidetan, ordea, zelai erdian zelairatu du Getaferen eta Realaren kontra.

Lesionatuak eta Jauregizar

Mikel Jauregizar erdilariak lehen taldearekin entrenatu du. (@AthleticClub)
Mikel Jauregizar erdilariak lehen taldearekin entrenatu du. (@AthleticClub)

Iñigo Ruiz de Galarreta, Unai Gomez eta Peru Nolaskoain lesionaturik daude eta ezingo dute ostiralean Almeriaren aurka jokatu San Mamesen. Vesga eta Herrera ere min hartuta daude. Athleticek zabaldutako txostenaren arabera, kolpe ezberdinak dituzte eta ikusteke dago hurrengo partida jokatzeko moduan izango diren.

Bestalde, Guruzetak ere taldekideekin batera entrenatu gabe jarraitzen du. Valverdek aldatu egin behar izan zuen Anoetako derbiaren atsedenaldian min hartu baitzuen belaunean Zubeldiak emandako kolpe baten ondorioz.

Mikel Jauregizar, Bilbao Athleticeko erdilaria, lehen taldearekin entrenatzera igo da. 19 urteko mutilak bikain hasi du denboraldia. Gol bat ere lortu du, sailkapenaren goikaldean kokatu den Carlos Gurpegik zuzentzen duen bigarren taldearekin.

Lesioengatik bada ere, hasieratik jokatzeko aukera izan dezake Pradosek. Derbian jasandako porrotak taldea izorratuta utzi diela esan du. Hala ere, Athleticek ondo hasi duela denboraldia uste du eta Almeriaren kontra hiru puntuak lortuta joan nahi direla hurrengo etenaldira.

ICHHren bultzadarekin

Behintzat, Iñigo Cabacas Herri Harmailaren hauspoa igarriko dute. Zale-zurigorrien taldeak animazio greba eten duela jakinarazi du. Sare sozialetan zabaldutako oharrean diotenez, ez dute lortu Athleticen Zuzendaritza Batzarekin jasotako isunen arazoa konpontzea, baina, egoerari irtenbide bat emateko asmoarekin, San Mamesen taldea animatzeko eginkizuna bultzatzen hasiko dira berriro.

Getaferen kontrako azken partidan euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko kamisetekin sartzea debekatu zietela zale batzuei azaltzen dute eta jasaten duten «kriminalizazioak» ez duela etenik. Bestalde, Ligak Getaferen aurkako norgehiagokan Bordalas eta Greenwood-en kontra egindako kantuak salatu ditu. Talde madrildarrak ere kexa bat atera zuen partidaren biharamunean.

Almeria sailkapenaren zuloan dago eta entrenatzaile bila ari dira Vicente Moreno kaleratu ostean. Azken jardunaldian 3 eta 0 irabazten hasi ziren etxean Granadaren aurka, baina azkenean berdindu egin zuten. Gainera, Luis Suarez golegilea lesionatu egin zen. Urdaibaiko arraunlariek ohorezko sakea egingo dute, liga eta Kontxako bandera irabazi ondoren.

Garaipena lortzea garrantzitsua izango da Athleticentzat, lasaitasuna berreskuratu eta sailkapenaren goikaldean kokatzeko. Datorren asteburuan ez da Ligako partidarik izango eta urriaren 22an jokatuko du berriro Athleticek Camp Noun Bartzelonaren aurka. 29an Valentzia etorriko da San Mamesera eta, azaroaren 5ean, Vila-realen zelaian arituko dira. Hurrengo asteburuan Celtaren kontra etxean jokatu ostean, Ligaren beste etenaldi bat iritsiko da.