Ondo funtzionatzen duena gehiegi ukitu behar ez dela sinetsita, berrikuntza handirik gabe aurkeztu da gaur Bilbon aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketa Bilbon. Azken sei txapelak bere pilotariek irabazita, txapelketa hau Asperen gotorleku moduko bat bilakatu da eta aurten ere antzeko zerbait gerta liteke, Eibarko enpresak bere izarrak oso ondo kokatuta daudelako. Bide horretan, Joseba Ezkurdiak bere txapelaren defentsa egingo du eta Jokin Altunak bere zortzigarren finala bilatuko du jarraian.
Enpresa bakoitzak seina pilotari aurkeztu dituen arren, iazko emaitzen arabera, pilotari horien kokapena ez da simetrikoa izango eta, esaterako, lau zerrendaburuak Aspekoak izango dira, finalerdietan Eibarko enpresako lau pilotari; Ezkurdia, Altuna III.a, Elordi eta Peio Etxeberria izan zirelako.
Honek, final zortzirenetako kanporaketetan Bilboko enpresako sei pilotari eta Aspeko bi bakarrik egotea ekarri du. Bilboko Bizkaia pilotalekuan egindako zozketaren ondoren, honako hauek izango dira kanporaketak.
A. Multzoa (Ezkurdia eta Peio Etxeberria zerrendaburu)
Urrutikoetxea/Salaberria (urriak 8, Tolosa)
Jaka/Larrazabal (urriak 7, Laudio)
B.Multzoa (Altuna III.a eta Elordi zerrendaburu)
Artola/Agirre (urriak 6, Agoitz)
Elezkano/Peña II.a (urriak 8, Tolosa)
Aurtengo edizioan bi izango dira aurpegi berriak, uda guztian bezala Unai Lasoren hutsune handia betetzeko Baikoren apustua den Iker Larrazabal gazte amurrioarra eta Asperen aldetik, iazko Promozio mailako txapeldun izan zen Iker Salaberria. Goizuetarrak, gainera, atarikorik jokatu behar izanik gabe egin du lekua txapelketan eta Dario Gomez izan da azken galbahean geratu den pilotaria, Danel Elezkanoren aurka galduta.
Txapelketa ostiral honetan hasiko da Agoitzen Artola eta Asier Agirreren arteko partidarekin eta finala azaroaren 19an jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Deigarria da, bertan egiten ari diren egokitzapen lanak direla eta, Labriten ez dela kaiolako partidarik jokatuko eta finalerdiak Eibarren eta Gasteizen jokatuko dira. Egoitzen artean ere nabarmentzekoa da Bilboko Deportivok jardunaldi bat hartuko duela azken laurdenetako bigarren jardunaldian.
Altunarentzat saria
Azken urtean txapelik jantzi ez badu ere, gaurko ekitaldia aprobetxatu du EPEL-ek Jokin Altunari azken kurtsoko rankingeko pilotaririk onenaren saria emateko. Laugarren aldiz eraman du sari hau amezketarrak, Aitor Elordi, Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaletaren aurretik. Sailkapen honetan ere Aspeko pilotariak oso nagusi izan dira eta Jon Ander Peña, 5. postuan, izan da Bilboko enpresakoen artean onena.