NAIZ

Hondakinak gaika biltzeko kanpaina aurkeztu du Tolosaldeko Mankomunitateak, ‘Eman aurpegia’

Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketan sentsibilizatzeko kanpaina berria plazaratu du Ikaztegietan, ‘Eman Aurpegia’. Ekonomia zirkularrean eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan txertatzen dira bertako ekintzak, ingurumenari buruzko legedian jasotakoa betetzeko.

Tolosaldeko Mankomunitateko kideak, ‘Eman aurpegia’ kanpaina aurkezten, Ikaztegietan.
Tolosaldeko Mankomunitateko kideak, ‘Eman aurpegia’ kanpaina aurkezten, Ikaztegietan. (TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEA)

Asmo handiko plan bat jarri du martxan Tolosaldeko Mankomunitateak, osatzen duten 28 udalerrietako herritarrek gehiago eta hobeto birziklatu dezaten. Hiri-hondakinen gaikako bilketaren tasa %66,98koa zen 2022. urtean. Europako Zuzentarauak 2025erako ezarritako helburua gainditzen zuen jada (%55). Hala ere, mankomunitatearen konpromisoa ezarritako helburuak lortzea ez ezik (%5eko igoera 2030erako eta %10ekoa 2035erako), horiek gainditzea ere bada.

Hala adierazi dute ‘Eman Aurpegia’ kanpainaren bultzatzaileek Ikaztegietan egindako ekitaldian. Alaitz Labaien mankomunitateko lehendakaria eta Amezketako alkateordea, Gurutze Etxezabal mankomunitateko lehendakariordea eta Orexako alkatea, eta Alba Garmendia Castaños Ikaztegietako alkatea izan dira bertan.

Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako biztanleria osoari erantzuteko beharrak errealitate heterogeneoari egin behar dio aurre, bai biztanleriaren banaketari dagokionez, bai bilketa-ehunekoen parte- hartzeari dagokionez. Lau udalerri jendetsuenek mankomunitateko biztanleriaren %70 biltzen dute (Tolosa, Andoain, Amasa-Villabona eta Ibarra). Horietatik, Tolosa eta Andoain biztanleria osoaren %54 dira. Gainerako udalerriek 500 biztanle baino gutxiago dituzte.

Aurkeztutako kanpainak heterogeneotasun hori hartzen du kontuan. Jarduera nagusia hondakinen gaikako bilketa izango bada ere, ekonomia zirkularrarekin lotutako beste alderdi batzuk ere jorratuko ditu, kontsumoaren murrizketa eta berrerabilera kasu. Herri bakoitzean dagoen bilketa-sisteman dauden aldeak ahaztu gabe.

Helburuak

Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarritako plan honekin, alde batetik, hondakinak kudeatzeko ildo estrategikoen berri eman nahi diete herritarrei. Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuei balioa emateko eta hiri-altzariak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta zaintzeko ohiturak aregotzeko.

Ekonomia zirkularrean eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan txertatzen dira ekintzak, ingurumenari buruzko legedian jasotakoa betetzeko. Gainera, elementu eta instalazioen berri emango dute, zalantzak argituko dituzte eta erabiltzaileek eskubideak eta betebeharrak ezagutzen lagunduko dute. Hori guztia bildutako hondakinen kantitatea eta kalitatea hobetzeko asmoz.

Ekintzak

Kanpainaren leloarekin, ‘Eman Aurpegia!’, modu positiboan lagundu nahi dute hondakinen gaikako bilketaren arloan ohiturak aldatzen. Ardatz horren gainean egingo dituzte gainerako ekintzak, besteak beste: webgune bat, dagozkion online komunikazio-estrategiekin; sare sozialak, birziklatzeari buruzko mezu zuzen eta errazekin; eta mankomunitateak eskaintzen dituen bilketa-sistema guztiak zehatz-mehatz bilduko dituen gida bat, bilketa-lerro bakoitzean bota behar diren hondakinak gogoraziz.

Kalean bertan ere ibiliko dira, herritarrekin harreman zuzenean.

Tolosaldeko Mankomunitateak birziklatzearen inguruan sentsibilizatzeko aurkeztutako ‘Eman aurpegia’ kanpainak lau hilabeteko iraupena izango du eta hiru fase izango ditu 28 udalerriak bisitatzeko.