Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Barneko «haitzetik» ernatutako narrazio bilduma berria ondu du Bernardo Atxagak

‘Paradisuaren kanpoko aldeak’ liburua da Bernardo Atxagak euskal literaturari egindako azken ekarpena, barne-nukleotik ateratako kontakizunez osatua.

Atxaga, Donostian egindako aurkezpenean.
Atxaga, Donostian egindako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Idatzi komikoak eta tristeak, halaxe dio Pamielarekin batera argitaratutako lanak bere azpitituluan. Idazle asteasuarrak prentsaurrean azaldu du zein izan den obra honen ernamuina. Haitz bat. Barruan daraman masa handi bat. «Bizitza harkaitz bat bezala ikusten dut. Halako masa bat. Idazlea naizen partez, aspaldi honetan, azken hamar urteetan, nire ibilbidea aldatu dut eta nire helburu nagusia da, harkaitz horrena, marmol puska horren baitan, zenbait obra ateratzea», aipatu du. 

Bere asmoen artean dago, horrela azaleratu du bederen, etorkizun labur batean memoria batzuk ateratzea, «harkaitza handitzen baldin bada», baina gaur Donostian aurkeztutako bizipen sail bat dela azpimarratu du, «eta bizipen sail horrekin batera doa gogoeta». «Aterako da baita ere seguru asko halako pentsamentu liburu bat –gaineratu du–, zeren, bide honetan, harkaitzean, zuek denok bezala, topo egiten duzu honekin, talka egiten duzu bestearekin, gozoa jasotzen duzu hemen, mikatzkeria han. Nire joera da beti azkar gogoeta bat egitea, apunte batzuk hartzea. Eta aterako da egun batean».

Bere asmoen artean ere bazen, harkaitz horretatik nukleo bat sortzea, uhin moduko bat ateratzea, «liburu bat non bere laburrean nire esperientziaren arabera, esperientzia literarioa batez ere, pentsatutakoa nire ustez esperientzia horretan mamitu edo gauzatu nituen testu onenak, horrekin batera egitea halako liburu bat, ibilbide literarioaren nukleoa edo muina. Hau narrazio bat da, testu eta idatzi labur eta ez hain laburrez osatutako nukleo bat», gaineratu du.

Esperientzia desberdinak

Bizipen desberdinetatik eratorritako gogoetak eta narrazioak dira liburuan aurkezten dituenak. Mauzac-eko espetxean izan zen horietako bat. «Bertara joateko gonbidapena jaso nuen, idazle bezala, eta hara joan nintzen, eta ez bakarrik Mauzacera, baita beste leku batzuetara ere. Nukleo hau egiteko ernamuina Mauzacen sortu zitzaidan. Nire karpetan neraman Itoitzek kantatzen zuen bertso bat, latinezko bertso bat –‘Desolatio’ kantukoa–, eta han Mauzaceko kartzela isolatu hartan, bat batean pentsatu nuen: ‘Nola irakurriko dut hemen hau?’. Zeren hitz egiten du kartzelako patioen desolamenduaz. Baina, non hobeto hemen baino?», zehaztu du.

Izan ere, letra hura ez zitzaion iruditzen «hain bortitza», baina «baina toki hartan intentsitate bat hartzen zuen. Hitz horiek neutraltasun batean pasatzen dira hemen, baina han sekulako intentsitatea hartzen zuten. Ordu batzutan eguzkiak zuzenean jotzen duen bezala, halako zeozer iruditu zitzaidan niri ere», gaineratu du.

«Pentsatu nuen entzuleak osatzen zuela poema eta osatzen zuela intentsitatea. Aspaldi nenbilen nire testu laburrak argitaratzeko gogoarekin, eta ez nituen liburu desberdinetan argitaratu nahi, eta pentsatu nuen idatzi guzti horiek jende baten aurrean irakurri behar nituela, Mauzaceko irakurketa, eta beste leku batzuetan egin nituen irakurketak», esan du.

Bere helburu literarioa zein den galdetu bere baitarako eta erantzuna azkar aurkitu zuen Atxagak: «Irakurlea nirekin eramatea eta esatea, ez duzu irakurriko poema hau edo liburu hau ohiko moduan, lasai-lasai, irakurriko duzu lekukoekin, eta lekuko horiek izango dira herritarrak, gazteak, presoak... Eta horiekin batera irakurriko duzu, nahi eta nahi ez, nire narrazioaren bidez pentsatzen baitut hara eramaten zaitudala», zehaztu du.

Gai gehiago

Mauzacekoa abiapuntu hartuta, beste hainbat gaietan ere murgiltzen da Atxaga bere proposamen literario berrian. Literaturan, orokorrean, zatiketa bizi izan dela ohartarazi zuen, gizartean gertatzen den bezalaxe, «aberats eta pobreekin». «Literaturan hainbat gai, hainbat persona, bizitza, gelditzen dira kanpoan. Jende pobrea, esate baterako, literaturan ia modu bakar batean egon zen presente urteetan eta mendeetan eta izan zen genero komikoan».

Euskal literaturan, zentzu horretan, bereizketa ez dela hain nabarmena izan argudiatu du. «Guk ez dugu bakarrik hartu hiri nagusietako literatura edo kanonetako lliteratura, ez dugu bakarrik unibertso handiei buruz hitz egin. Aintzat hartu dugu tradizio herritarra. Euskal idazle askok hartu dute aintzat, Barandiaranek, esaterako. Euskal Herrian altxor bat izan da hori. Nik zirkulua horraino zabaldu dut eta nekazari baten esanak ere bildu ditut».

Eta nola ez, haur literatura. Atxagak berak badu tradizio zabal haurrei zuzendutako obrak idazten, ‘Xola’ren saga, kasu, eta ale honetan ere egin dio keinua. «Hemengo hitz bakoitza sinatzen dut. Ez zait beti gertatzen. Hitzez hitz badago nire eskua, nukleo hori», amaitu du.