NAIZ

Emakume bati eraso egin dio bikoteak Lezon

Emakume bati bikotekideak eraso egin diola salatu dute Udalak eta Piztu Lezok, Gaxuxak eta Iruntzen Emakume taldeak. Elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 19.30ean, Gurutze Santuaren plazan indarkeria matxistaren aurka daudela adierazi eta azken gertakaria «irmoki gaitzesteko».

Eraso matxisten kontra egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia.
Eraso matxisten kontra egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lezoko Udalak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, emakume bati eraso egin dio bikotekideak. Horren haurrean, elkarretaratzea deitu dute Piztu Lezo, Gaxuxa eta Iruntzen Emakume taldeek eta Lezoko Udalak ostegunean, 19.30ean, Gurutze Santuaren plazan.

«Tamalez, eraso matxistek gure herria astindu dute, beste behin ere, eta horrekin batera agerian geratu da oraindik ere lan handia egin behar dela emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko. Gauzak horrela, eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa funtsezkoa da, apustu ausartak eta neurri sakonak behar dira, hitzetik praktikara pasatzeko, hau da, oldarkeria behin betiko desagerrarazteko», azaldu dute.

Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute berau lehen mailako auzi politikotzat hartzea, «konplize jarrerak bazter uztea eta bizi garen antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen alde apostu egitea».

«Halako portaerak Emakumeen Giza Eskubideen urratze larriak dira: diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak, besteak beste. Indarkeria matxista jendartean nagusi den genero-ezberdintasunaren adierazpen mespretxugarriena da eta erabateko ezezkoa esaten diogu horri», adierazi dute aho batez.