M.A.

Hamaika jarduera hiru kilometroko tarte batean

Ohiko jai ereduari eutsiz, hiru gune lotuko dituen bideak osatuko du Nafarroa Oinezen eremua Etxarri Aranatzen. Herriguneko ibilbidea motza izango da, ekimenak eta jendetza hartzeko gune zabalekin.

Dultzainariak iaz Tafallan egindako jaiaren ibilbidean.
Dultzainariak iaz Tafallan egindako jaiaren ibilbidean. ( Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Andra Mari Ikastolak herri ugari hartzen dituenez, euskararen festa ez dute beti toki berean antolatzen. Azkena, esaterako, Arruazu, Lakuntza eta Arbizuko lurretan egin zuten. Aurten, ordea, Etxarri Aranatzen da. Azken urteetako joera jai eremua herri ingurura eraman eta ibilbide motzagoen alde egitea da, gune gutxiagorekin, baina zabalagoak. Ikastola erdigunean jarri nahi izan dutenez, hiru kilometro eskaseko bidea eraikinetako batetik pasako da eta bestean hiru guneetako bat dago.

Ekimenak non aurrera eraman erabakitzean, leku aproposa topatzea ez da dirudiena bezain erraza. Jarduera batzordeko kide Maider Ansak azaldu duenez, «asko baldintzatzen du segurtasun planak: anbulantzientzako irteera izatea, musikarientzako sarrera egokia edukitzea ibilbidetik pasa gabe... baldintza dezente hartu behar dira kontuan». Hala ere, denetarik eta denentzat izango da eremuetan.

Lehen gunea, Utzubar Txiki da. Bertan, ekingo diote Nafarroako ikastolen jaiari irekiera ekitaldiarekin, 10:00etan. Erakundeen eta agintarien ohiko adierazpenez gain, omenduek izango dute beraien tartea. Behar bereziak dituzten Andra Mari Ikastolako ikasleek eta haien familiek moztuko dute zinta eta festa giroa hedatzen joango da Sakanako erraldoien konpartsarekin.

Hitzaldien ordu berean, erronkaren lehen proba jokatuko dute gune honetan. Nafarroako zenbait ikastoletatik etorritako hamar gaztez osatutako hamabi talde ariko dira norgehiagokan. Zenbait proba egingo dituzte jendaurrean, ibilbideko hiru guneetan, eta amaitzean, horietan erabilitako materialetako batzuk hirugarren gunean utziko dituzte antolatzaileek, «kuadrillen artean lehia pixka bat sortu edo norbaitek probatu nahiko balu», argitu du Ansak.

Gainerako bietan baino ordubete lehenago hasiko da lehen guneko jarduera zerrenda. Jolas eta ikuskizunekin batera, Go!azen, The Potes, The Trikiteen eta DJ Bullek estilo oso bestelakoetako musika jarriko dute dantza gogoz daudenentzat, eta egunean zehar, Haurren Hirian jolastea edota aurpegia margotzea izango dute txikienek.

Bigarren gunean ere, Arluzepe, ez da musika faltako. Aurtengo abestiari musika jarri dion Tapia eta Leturia izango dira erronka eta herri kirol erakustaldiaren ondoren. Jarraian, Oskia, dantza plaza; Alarma morea eta Trikidantz etorriko dira. Jolasen artean, kukaina bizikletaz.

Azkenik, Batzetan, haurrei begira hasiko dira, Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna eta Lur Korta ipuin kontalariaren saioarekin, hain zuzen ere. Nabarmentzekoak dira Andra Mari Ikastolako ikasle ohiek jotzen duten Nafarroa 1512 eta Alerta Gorria taldeen kontzertuak, eta jende asko bildu ohi duen Gozategiren zuzenekoa.

Puntu morea

Berritasun nagusia da puntu morea jarri dutela, eraso sexistaren bat gertatuz gero, asistentzia emateko. Aurrez bazen protokoloan sakondu dute, beraz. «Duen garrantzia eman diogu eta tematu gara», zehaztu du Ansak.

Asteburu osoko jaia izan da, atzo ere zenbait jarduera burutu baitzituzten. Horiek herriari begirakoak izan ziren, «eskerrak emateko modu bat», gaurkoak herritarrei, tabernei eta komertzioei eragin dizkien eragozpenengatik.