Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskal Selekzioa vs. Espainia, Frantzia, Italia eta Ingalaterra; quadballeko Nazioen Kopan

Frantzia, Espainia, Italia eta Ingalaterraren aurka lehiatuko da Euskal Selekzioa, besteak beste. Fantasia dirudi. Eta kirol honen oinarria Harry Poterren magian dagoenez, ez dabil urrun fikziotik. Quadballeko Nations Cup jokatuko dute euskaldunek asteburu honetan, Saloun (Katalunia).

Quadball-eko Euskal Selekzioa garaipen bat ospatzen.
Quadball-eko Euskal Selekzioa garaipen bat ospatzen. (EUSKADI QUADBALL)

Asteburu honetan Salouk (Katalunia) jasoko du Quadballeko Nations Cup txapelketa, mundu osoko selekzioekin. Guztira, 18 talde lehiatuko dira eta tartean dago Euskal Selekzioa. Bost urtez geldirik egon eta gero –tartean Espainiako Federazioaren baimenik eza Europako txapelketa jokatzeko–, bueltan da selekzio euskalduna.

Frantzia, Espainia, Italia, Ingalaterra eta Kataluniarekin neurtuko da lehen fasean. Alegia, euskaldunak frantsesen eta espainiarren aurka. Fantasia dirudi. Eta kirola beraren oinarria Harry Potterren egonda, badauka fikziotik ere zerbait. Txapelketa hau «extra ofiziala» denez, Espainiako Federazioak ezin izan du euskal selekzioa kanpoan utzi, iazko udaran Irlandako Europako txapelketan gertatu legez.

Egun, Hego Euskal Herrian quadballeko lau talde daude, herrialde bakoitzean bana. Bizkaia Boggarts dago indartsuen, azken urteetan Arabakoa eta Gipuzkoakoa «zoritxarrez» ahuldu ostean. Nafarroakoa, aldiz, orain hasi da suspertzen.

Xabi Fernandez Bizkaiko taldean ari da duela hiru urtetik. Covid pandemiaren ostean, jada taldeko kirola praktikatzea posible zenean, lagun batek animatuta hasi zen probatzen eta ordutik, harrapatuta dago. Sortzen den giro onak, esperientziak elkartrukatzeak, aniztasunak eta hiru kirol bakar batean uztartzen direla nabarmentzen du bizkaitarrak.

Bizkaia Boggarts taldea garaipen bat ospatzen. (VAN KLAVEREN)

Estatu Batuetako Vermont unibertsitatean jaio zen kirola, 2005ean, Harry Potter eleberriko quiddicth-ean oinarrituta. Orduan, «bromatik gehiago» zeukan kiroletik baino, benetazko erratzekin ere aritzen baitziren baina urteak pasa ahala, «seriotasuna» hartzen joan da. Orain, gainera, quadball izena ematen zaio.

Araudi bat dago, epaile izateko ere azterketa bat pasa behar da... Eta noski, Munduko eta Europako txapelketa ofizialak ere badaude. Azken Munduko Kopa aurten jokatu da, Estatu Batuetan eta, hain zuzen ere, hori dela-eta jokatzen da Nations Cup. Alegia, kirol gutxitua izanda, talde eta federazioen baliabideak urriak dira eta EEBBetara joatea ezinezko izan zaie batzuei. Min hartuz gero, bertan dagoen mediku aseguru garestiak ere erabat baldintzatu du batzuen erabakian.

Hala, «hurbilagoa den Mundiala» jokatuko dute Saloun, mundu osoko selekzioekin eta Munduko txapelketara joan zirenen B taldeak ere lehiatuko dira –Ingalaterra, kasu–. Euskal Selekzioak Frantziaren aurka egingo du debuta, larunbat honetan, 9.00etan. Kataluniako selekzioa ere multzo berean dago eta Espainiaren aurka neurtuko ditu indarrak lehendabizi.

Hain zuzen ere, Estatu espainoleko lehendabiziko quidditck elkartea Bartzelonan jaio zen –Associació de Quidditch de Catalunya– eta nazioarteko elkartean sartu zen. Gerora sortu zen Espainiako eta beraz, nazioartean ofizialki lehiatzeko bermea daukate kataluniarrek, euskaldunek ez bezala. Dena den, Fernandezek argi utzi du hurrengo urteko Europako txapelketan Euskal Selekzioaren izenean lehiatu ahal izateko «borrokatuko» dutela.

Jokoaren nondik norakoak

Azaldu dugu badagoela Euskal Selekzioa quadball kirolean, zeina Harry Poterreko quidditch-ean oinarrituta dagoena. Baina noski, hegan egitea ezinezkoa zaigunez, zein da joko honen nondik norakoa?

Bada, aurreratu daiteke, fikziozko eleberritik gertu mantentzen duena hanka artean eramaten duten metro bateko makila dela. Derrigorra da hau hanka artean izatea.

Quadball partida bat, Bizkaia Boggarts taldea lehian (Ajantha ABEY).

Bestalde, hiru uztai daude zelaiaren alde banatan eta jokalarien egin beharretako bat izango da baloia horietako batean sartzea. Horretarako, talde bakoitzetik lau jokalari egongo dira, erasoan zein defentsan, hala egokitzen denean. Une berean, taldeko bi jokalari zelaiaren albo banatan egongo dira, beste baloi batekin eta hauen egitekoa zelai errean jokatzea da; hots, aurkariak uztaian sareratzeko lanetan daudela, baloiarekin jo eta kanporatu egin dezakete.

Azkenik, partidaren 20. minutuan, epaile neutral bat zelairatzen da, bizkarrean, gerri aldean, kaltzetin bat daukala. Hau, Harry Potterren agertzen den ‘snitch’ da, pilota magikoa. Talde bakoitzetik jokalari bana hau lortzen saiatuko dira. Hau hartzeak 30 puntu balio ditu eta partida erabaki lezake.

Ezustekoa emateko prest

Euskal Selekzioaren helburua Nations Cup honetan «txukun» aritzea izango da eta, ahal dela, ezustekoren bat edo beste ematea ere bai. Multzo zaila daukate baina pare bat partida irabazteko gai ikusten da Fernandez. Txapelketaren bigarren fasean, «gure mailako selekzioekin lehiatuko gara» eta hor paper ona egin dezaketela iritzi du.

Garrantzitsuena, esperientziak batzen joatea izango da, horrek harrapatu baitio Fernandezi. Kirola mistoa eta inklusiboa izanda, taldekide zein arerioen hainbat bizipen ezagutzeko balio izan dio, agian beste kiroletan ematen ez direnak. Gizarteak establezitzen dituen rol horietatik kanpo egon izan diren pertsonenak, esaterako; baita ere, genero binarioarekin identifikatzen ez direnak eta abar.

Izan ere, kirolak mistoa behar du izan. Gehienez, genero bakoitzeko hiru pertsona egon daitezke zelaian aldi berean. «Generoa aipatzen dugunean, jokalari hori identifikatuta sentitzen den generoa da eta horrek ahalbidetu du hausnarketa eta eztabaida bat egotera», azaldu du.

EAEko eskola ezberdinetan bisitak egiten dituzte kirol hau ezagutarazteko. Fernandezek esan legez, quadballaren alde positiboetako bat da gorputz atletiko edo normatiboak ez dituzten horiek, agian jolasorduetan praktikatzen diren kirolengatik, berriro ere kirolera hurbilarazten dituela.