Maite Ubiria

Alternatibek lurraldean sustraiak dituztela erakutsi du Euskal Herria Burujabe ekimenak

Lurraldean sustraiturik dauden alternatibek erakuslehioa zabaldu dute Baionan. Elkarteek, erakundeek, baita eragile politiko eta sozialek ere, oraina eta geroa artean zubia eginez herrixka osatu dute Euskal Herria Burujabe ekimenaren amaiera egunean. 

Euskal Herria Burujabe bigarren egunean kaleak jendez bete dira Baiona Ttipian.
Euskal Herria Burujabe bigarren egunean kaleak jendez bete dira Baiona Ttipian. (Naiz)

Euskal Herria Burujabe ekimena larunbatean hasi zen eta igande honen arratsaldean amaituko da, Lapurdiko hiriburuan.

Goizean hitzaldiak hasi dira Unibertsitatean eta, karrikan, anartean, elkarteak, erakundeak, kooperatibak eta, baita eragile politiko eta sozialak, Baiona Ttipiaz jabetu dira.

Roland Barthes zabaldunearen albo batean kokatzen den unibertsitatearen sarrera aitzinean, iraganetik «lurralde jasangarriagorantz» ibilbidea irudikatzeko baliatu dute garraioari eskainitako eremua atondu duten elkarteek.

Badira 30 urte Ipar Euskal Herrian abian eman zen abiadura handiko tren lerro berria arbuiatzeko borroka aletu dute elkarteek, frantses Gobernuak egitasmoa gibelatu badu ere «lurralde honentzako arriskua irudikatzen duela beti ere» agerian jarri nahian.

Handik gertu, Txirrind'ola elkarteak bere atelierra karrikan plantatu du, haurrei txirrindularen erabilpenean trebatzeko txoko berezia eskainiaz.

Bi haur txikien joan-jinak koadratzeko lanetan atzeman dugu Carole. «Aitzinamenduak izan badira ere, adin guztietako txirrindularientzan bide seguruak bermatzea beterik gabeko erronka da Ipar Euskal Herrian», adierazi dio NAIZi.

 

Bizikleta etzana baliaturik alternatiben herrixkaren gaindi atzera eta aurrera ibili da, tarteka azkarrago bestetan motelago, lagun talde bat, erakusmahai batetik bestera zebiltzaten oinezkoen artean sustu bat edo beste eraginez.

Energia piztu

2016tik goiti hiru lurraldetako eraikin publikoen teilatuak eguzki panelekin betetzeari ekin dion I-Ener kooperatibak mahaia ezarri du alternatiben herrixkan, «trantsizio energetikoari sentsibilizatu eta jendartearen gehiengoak parte hat dezan ekintza emankorrak plantan ematea zinez garrantzitsua delakoan».

Hazparnealdean energia berriztagarriak sortzeko eratu den Izpindar elkarteko lagunak ez dira oso urrun kokatu.

2021ean ezarri zituzten lehenengo instalazioak, eta argindarraren prezioak gora eta gora egiten duen unean, erakus-mahaian zegoen bazkide batek etxea aldaketa klimatikoari egokitzeko lanak abiatu dituen bikote gazteari informazioa ematen atzeman dugu.

Kale estu artean sartu dira, makila bat eskuetan, maistraren lana hartu duen militantearen gibalean dozena erdi bat lagun. Izugarrikerien eremura abiatu dita, hain zuzen.

Planetari eta lurraldeari «ekoizpen eta kontsumo sistema neurrigabeak» egiten dioten kalteaz ohartarazteko, beldurra sortzeko moduko kolpetxoak ematen zituen ibilbidearen gidariak murruetan ezarritako afixengan «ikasleen» arreta ekartzeko.

Tunel ilunetik bestaldean, zorionez, Roland Barthez zabalgunean, irudia dezente argiagoa zen. Ibaialdean, Xaho kaian, besteak beste etxebizitzari eskainitako elkarteak paratu dira.

Berrietatik hasira, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko badira pare bat urte sortu zen Alda! elkarteak alokairuen gaineko abusuak ezarri ditu jomugan.

Zuberoatik heldutako Etxalde elkarteak eskarmentu gehiago badu ere, etxebizitza sozialak sortzeko moldeak etengabe berritzean ari da.

Zagalgunean ezarritako xapito erraldoian bostehun lagunentzako bazkaria herritarra prestatu dute Euskal Herria Burujabe ekimenaren arima diren bolondresen laguntzari esker. Bi egunetan ehunka laguntzailek jardun dute berdin eztabaidetan, tailerretan, kultur ekimenetan edota ostatuetan buru belarri lan egiten.

Antolaketa desafioa ez da edonolakoa, 150tik gora erakusmahai, hitzaldi, tailer, lekukotasun eta bestelako ekimen baino gehiago antolatu baitira alternatibak eraikitzeko orduan «lurraldea dela mailarik egokiena» erakusteko xede duen Euskal Herria Burujabe topaketaren baitan.

Cade elkartearen komunak

Esperientziak eta egitasmoak partekatzeko «zinez baliogarriak direla hauek bezalako topaketak» aitortu dio NAIZi ingurumenaren alde jarduten duten elkarte ezberdinei plataforma eskaintzen dien Cade kolektiboko Peio Durrutyk.

Komuna bi eman ditu hain zuzen AHTren aurkako borroka horretan aitzindaria izan zen taldeak bere erakustokiaren aitzinean.

«Lurraldea suntsitu dezaketen proiektuei buruz oharrarazteko» lan egiten dutela azaldu du Durrutyk.

Komunak zertarako jarri dituzte? Alferrikakoak diren egitasmoak botatzeko?

Kutsadura handiagoa sortuko lukeeakoan proposaturiko erabilpen hori deuseztatu du Durrutyk, urare kalitea eskasak sortzen duen kezka era erakargarrian adierazteko eman dituztela komunontziak gaineratuz.

Erakusmahaian, argazkien bidez, itsas belar toxikoen progresioaz oharrarazteko informazioa ematea hobetsi du gaur Cade kolektiboak.

Taloaren usainak Jacques Portes plaza hartu duenean, lagun edo familie artean mokau bat hartzeko ordua zela baieztatu du San Andres elizako ezkilak.

Arratsaldean, zazpi jauzien gaineko azkeneko solasaldiak iraganen dira unibertsitatean.

Laborantza, elikadura eta ura, ekonomia, energiak, etxebizitza, mugikortasun politikak eta elkartasuna. Alor tematiko horien gainean aritu dira bi egun hauetan adituak, hautetsiak eta bestelako munduaren aldeko militanteek.

Esperientzia eta gogoeta horietatik irakaspenak bildu ondoren, amaierako mitina 17.00tatik goiti iraganen da Paul Bert plazan jarritako xapito handiaren azpian.

'Lurraldeen burujabetzaren bidez mundu amankomuna eraikin dezagun' deia plazaratuko dute bertatik «lurralde burujabe, jasangarria eta solidarioa» eraikitzeko xedea finkatu duen Euskal Herria Burujabe egitasmoaren hurrengo geltokiak irudikatze aldera.