M.A.
Interview
Iñigo Orella
Andra Mari ikastolako zuzendaria

«Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko egun bihurtu nahi dugu Nafarroa Oinez»

Andra Mari Ikastolako zuzendaritzan bigarren urtea du Iñigo Orellak (Berriozar, 1973) eta hilabete gehienetan Ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardurekin uztartu du bere jarduna. Festa handia izateaz gain, D eredua indartzeko elkarlana eta hizkuntza politika berriak eskatzeko baliatuko dute.

Iñigo Orella.
Iñigo Orella. (Aitor Karasatorre | FOKU)

Nafarroa Oinez antolatzeko ardura ia zuzendaritzarekin batera hartu zenuen...

Banekien non sartzen nintzen, zeregin guztiekin onartu nuen. Kontratuan zegoen (kar, kar). Bide luzea egin dugu, oso polita, oso intentsua, eta eguna hurbiltzen doan heinean, emozioa handiagoa da. Nabari da badatorrela eta gogo handiz itxaroten ari gara egun handia. Sekulako egun polita prestatu dugu, programa oso aberatsa, eta espero dugu giro bikaina, jende pila etortzea. Gu, hemen, esperoan egonen gara ongietorria emateko guztiei.

Laugarren aldia duzue. Zergatik erabaki zuen ikastolak hautagaitza aurkeztea?

Azkena 2009an izan zen eta badira beharrak. Aurrekoari esker Haur Hezkuntza-Lehen Hezkuntzako eraikin berria egin genuen, nahiz eta oraindik zor handia izan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eraikina oso zaharkitua dago, 1960ko hamarkadakoa da, hobekuntza handia egiteko beharra du. Bazkide Batzarrean planteatu zuten, jendeak ikusi zuen behar genuela horrek aurrera egiteko, eta animatu zen.   

Hori da jaiaren helburu ekonomikoa, baina aldarrikapenak ere baditu. Zeintzuk dira?

Hiru nagusi ditugu. Lehena, ikusarazi nahi genuen euskararen arnasguneetan gauden ikastolok egiten dugun lana eta daukagun kezka arnasguneetan euskararen erabilerarekin gertatzen ari denarekin. Badira hainbat eragile diotenak ezagutza bai hazten ari dela, baina erabilera geldirik dagoela edo atzera doala. Horrek kezkatuta, guk euskararen erabileraren sustatzaile izan nahi dugu eta uste dugu arnasguneetan gauden ikastolok eta herriok erreferente izan gaitezkeela. Bigarrena da aldarrikatzea ikastolen eta kasu honetan Andra Mari Ikastolaren hezkuntza eredua, izaera eta bokazio publikoa duena, herrikoia, auzolanean oinarritua eta anitza. Inklusioa eta aniztasuna guretzat oso-oso garrantzitsuak dira, gure ikastolan mundu guztiak dauka tokia. Hirugarrena, transmisioa, euskara, euskal kultura eta Andra Mariren proiekturena. 54 urte ditu ikastolak, oraingo ikasleen aitona-amonek sortu zuten, hirugarren belaunaldian gaude. Belaunaldiz belaunaldi, Sakanan erroturik. Eta hala jarrai dezala.

Hotsein! leloa aukeratu duzue. Nori egin nahi diozue deia?

Lotuta dago helburuekin. Sakanako euskaran adierazi nahi du «deitu, aldarrikatu, hots egin, zalaparta egin» eta logoa bozgorailu bat da, hots egiteko garrantzitsua den tresna. Bertako hitza da, indarra du, ulergarria da euskara batuan... Asmatu dugula uste dugu eta aldarrikapenetan lagundu digula.  

Zonifikazioa eta banaketa salatu dituzue, ofizialtasunaren auzia agertzen da abestian... Bestelako hizkuntza politika behar du Nafarroak?

Bai. Herri eragile garen aldetik bat egiten dugu jendartean dauden kezkekin, eta Nafarroan dudarik gabe euskarak duen mugarik handienetako bat marko legala da, ezarritako zonifikazioa. Maddalen Arzallusek eta Joseba Tapiak egin duten kantan hori da aldarrikapena. Zergatik Etxarrin bai eta Fustiñanan, Aiegin edo Mañerun ez? Zergatik ez? Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko egun bihurtu nahi dugu Nafarroa Oinez eguna. Nafar guztiok eskubidea izatea euskaraz aritzeko eta euskaraz ikasteko bai Lezkairun, Lerinen edo Etxarrin. Zentzu horretan uste dugu ikastolok eta gainerako eragileok elkarlanetik, aliantzak eta bideak ireki behar ditugula D eredua indartzeko bai sare publikoan bai ikastoletan, ikasle gehiago aritzeko D ereduan. Uste dugu elkarlana dela bidea eta ez elkarren kontra aritzea.

Euskararen eta D ereduaren egoerari buruz hausnartzeko mahai inguruak egin zenituzten apirilean. Zer ondorioztatu zenuten?

Hizkuntzaren alorrean eta gure helburuekin lotuta, gogoeta egin nahi izan genuen arnasguneetan gertatzen ari denaren inguruan: garai berriak, digitalizazioa, pantailak, joera berriak, globalizazioa...  Hezkuntzari dagokionean, fokua jarri genuen D ereduak Nafarroan dituen beharretan. Jatorri desberdinetako pertsonak eta ikuspegiak elkartu nahi izan genituen, gure ekarpena egiteko eztabaida horri. Ikastoletatik haratago joan nahi genuen eta bat egin Nafarroan ditugun kezkekin eta arnasguneetan ditugunekin.

Eskualdeko hamalau herri hartzen dituzue, eragile gisa, zer garrantzia du ikastolak Sakanan?

Eskualdean eragile aktiboak gara, barrura begiratzeaz gain, kanpora ere begiratzen dugu eta elkarlanean aritzen gara beste eragile batzuekin, udalak direla, Mankomunitatea, beste elkarte batzuk... Gure ikasleei transmititu nahi diegu ikastolatik kanpo jendartean dagoen aniztasuna, balore kooperatiboak, komunitarioak, inplikazioa, kritikoak izatea...  

Ikastola 1969an abiarazi zenuten, nola ikusten duzu Andra Mariren etorkizuna?

Osasuntsu, proiektu sendoa dela ikusten dugu. Ez da Etxarriko ikastola bakarrik, hamalau herritako ikasleak hartzen ditugu, Iturmenditik Hiriberrira. Ondo errotutako proiektua dela ikusten dugu, sumatzen da azken boladan jaiotze tasa dela-eta haur gutxiago dagoela, baina etorkizunari ilusioz begiratzen diogu. Guretzat oso garrantzitsua da aniztasuna, inbertsio handia egiten dugu bai baliabide bai pertsona bai gogo aldetik. Beti borrokan gabiltza baliabide duinak eskuratu nahian, aniztasun horri behar duen arreta emateko. Eta beti marko legalekin borrokan...

Hain zuzen ere, behar bereziko ikasleak eta haien familiak omenduko dituzue.

Gure ikastola izan zen euskarazko trantsizio gelak edo gela alternatiboak sortu zituen lehenetarikoa. Momentu honetan horrelako bi gela ditugu, bat DBHn eta beste bat Haur-Lehen Hezkuntzan, beste ikasle batzuk ere pasatu dira hortik... Familiek kristoren ahalegina egiten dute euskaraz ikasi ahal izateko eta ikastolan izateko, eta askotan Administrazioaren aldetik ez ditugu beharrezko baliabideak horiek artatzeko. Egoera hori ikusarazi eta familia hauek egiten duten ahalegina nabarmendu nahi dugu, baina, aldi berean, baliabideak aldarrikatu aniztasunaren trataera behar den bezala egiteko. Uste dugu askotan diskurtso polita erabiltzen dituztela, baina gero ez daude baliabideak praktikoki horri aurre egiteko.