Maite Ubiria
Interview
Mathilde Etxeleku
Bizi! kolektiboaren bozeramailea

«Klimaren desafioa altxatzeko, lurraldean sustaturiko alternatibek dute indarra»

Euskal Herria Burujabe ekimenari hasiera eman zioten larunbat arratsaldean Baionan. Euskal Herri jasangarriagoa eratzeko bidean, alternatibak erakutsi eta gogoetak partekatzea da topaketaren xedea. Igande honetan hitza hartuko duen Mathilde Etxelekuk aletu dizkio GARAri hitzorduaren gako nagusiak.

Mathilde Etxelekuk habitat eta etxebizitza alorrean jarduten du Bizi! kolektiboaren baitan.
Mathilde Etxelekuk habitat eta etxebizitza alorrean jarduten du Bizi! kolektiboaren baitan. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Herria Burujabe ekimenari hasiera eman zioten atzo arratsaldean Baionan. Tokian tokiko egitasmoak erakusteko eta, era berean, Euskal Herri jasangarriagoa eratzeko bidean, handik eta hemendik heldutako lekukotasunei esker gogoetak partekatzea da gaur bururatuko den topaketaren xede nagusia.

Alternatiba egin zenetik hamar urte igaro direnean heldu da Bizi!-k antolaturiko hitzordu berria. Atelierrak, hitzaldiak, erakusketak, bazkariak, kontzertuak.. klima larrialdiari aurre egiteko erronka altxatzeko erakustoki bilakatu da Lapurdiko hiriburua bi egunez.

Mathilde Etxelekuk aletu dizkio GARAri hitzorduaren gako nagusiak.

Aldaketa klimatikoari buruzko alarma gorriak piztuak dira, baina eguneroko kezkak arlo sozialean kokatzen dira gehienbat. Prezioen gorakada, zerbitzu publikoen higatzea. Nola uztartu bi xedeak?

Ene ustez krisi ekologikoari buruzko erronka gero eta jende gehiagok egiten du bere. Gisa guztiz, hauturik ez dugu. Ez badugu deus egiten ondorioak sufrituko ditugu. Aldiz, aldaketak martxan ematen baditugu, gauzak hobeki pasatuko dira. Guk beti lotzen dugu klimaren aldeko borroka gizarte hobea eratzeko desafioarekin. Elkartasunaren auzia klimaren aldeko borrokari txertatzea biziki garrantzitsua da.

Gakoetako bat trantsizio ekologikoa nola diruztatu da. Aberatsen artean aberatsenei zerga berezia ezartzeko proposamen europarra hor dago.

Lehenik ohartu behar gara jendeak indibidualki ezin duela aiseago egin. Gainera, enpresek kutsatzen dute gehienbat. Eskala indibiduala eskas geratzen dela argi dago. Indarrak kolektiboa behar du izan jendartea errotik aldatzeko. Enpresekin, erabakitzaile politikoekin, sindikatuekin.. nahi dugu gogoetatu, lurralde politikoetan auzi hauek guztiek tokia ukan dezaten, hori baita guretzat abiapuntu egokia.

Erronka ezberdinen gainean gogoeta proposatu du Euskal Herria Burujabek. Isurketa gehien egiten duten garraioetatik has gaitezen.

Mugikortasunaren aldetik, autoaren ordezko alternatibak sustatzea litzateke ardatz nagusia. Ekimen zehatzetara joz, Aupa kooperatibaren sorrera nabarmenduko nuke: autoa partekatzeko apustua egin du, horrek autoen erabilera murrizten lagunduko duelakoan. Auto gutxiago, kutsadura gutxiago, bide eta aparkamenduak arramoldatzeko diru publiko gutxiago, jendearentzat gastu gutxiago... Ondorio guztiak onuragarriak dira. Era berean, garraio publikora aldatzeko beharra bultzatu eta eskaera ase behar da, trena bultzatuz eta hirian mobilitate lausoak sustatuz. Euskal Elkargoaren barnean, hirigintzan indar gehiago egin daiteke, besteak beste oinez eta bizikletaz lasaiki eta segurtasun handiagorekin, egunerokotasunean mugitu ahal izateko.

Hiria eta landa eremua, kosta eta barnealdea, bien artean arrakala sortzen du garraioak.

Argi dago desoreka handia dagoela. Barnealdeko biztanleentzat autoaren premia murriztea, autoa partekatuz, bada hemen eta orain aukera bat. Azpiegiturak behar dira sortu. Baina urrunago begiratuta, garraio kolektiboari zentralitate osoa eman behar zaio.

Hain zuzen topaketa hauetan aipagai izanen den beste erronkaz mintzatuz, etxebizitza da zure lan arloa.

Etxebizitzari buruz hainbat lehentasun finkatuko ditu Euskal Herria Burujabe proiektuak. Jende gehiegik ezin du etxebizitza ukan. Etxebizitza soziala behar da sustatu, espekulazioa ekidin eta alokairu turistikoei mugak ezarriz. Beste helburuetako bat da etxebizitzak eraikitzeko zer eta nola alda dezakegun zehaztea. Zer materialekin jokatu, murruen isolamendua hobetzeko eta energiaren kontsumoa txikitzeko. Hirugarrenez, hirigintza behar dugu berriz pentsatu: nola antolatzen dugun hiria, autoari tokia kenduz eta elkarbizitzarako eremuak sustatuz. Eta, noski, begetalizazioa azkartuz. Larrialdi klimatikoari begira, garrantzi handiko arloa da.

Zazpi jauzi egin dituzue, herrialdeka garaturiko ekimenak nabarmenduz. Euskal Herrian bada dinamika bat edo urrutiko erreferenteak gailentzen dira?

Zazpi jauziak zehaztu ditugu eta horiek guztiek parada eman digute loturak azkartzeko. Errazagoa da urratsak egitea botere gehiago dugun esparruetan. Gure lurraldean energia, nahikeria, baliabideak badira. Klimaren urgentziari erantzuteko eredu egokia eraiki dezakegu, hurbiletik, gure lurraldearen baitatik hasita.