NAIZ

«Eredu komunitarioan eta elkarlanean» oinarritutako Udaltzaingorako LEPa Bizkaiko lau herritan

Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein eta Lemoak Udaltzaingorako lan eskaintza publikoa egingo dute, «eredu komunitarioan eta elkarlanean oinarrituta».

Bi udaltzain, Ondarroan.
Bi udaltzain, Ondarroan. (ONDARROAKO UDALA)

Ondarroako alkate Urtza Alkortak, Ander Aldazabal Lekeitokoak eta Iratxe Lasa Markina-Xemeingoak agerraldia egin dute astelehen honetan Udaltzaingorako martxan jarri duten LEP lan eskaintza publikoaren inguruko xehetasunak emateko. Gaur zortzi argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. 

«Elkarlanean» oinarritutako enplegu eskaintza hau, «udaltzaingoaren eredu komunitario bateranzko bidean», Ondarroan, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Lemoan egingo da, eta denetan eskainiko dira plazak.

Ondarroako udaltzainburuak ere ekimenaren inguruko azalpenak eman ditu: «Eskaintza bateratu honetara bildu dira Lekeitio, Markina-Xemein eta Lemoa ere, ikusi dutelako gurea bezalako herriek badaukatela beharrizan berezi bat Udaltzaingo eredu komunitario baterako».

Gaineratu duenez, «herri txikien beharrizanei hobeto erantzuten die halako prozesu batek, inguruko jendeari aukera eman eta polizia eredu zurrunetik aldentzen den udaltzaingo eredu bat osatzeko. Udaltzaingo komunitario bateranzko bidean, bitartekaritzan, hurbileko tratuan eta herria eta herritarrak balioan jartzen dituen eredu baten aldeko apustua da hau».

Ondarroak hiru udaltzain plaza eskainiko ditu prozesu honetan, eta horietatik bat emakumezkoentzako izango da, herriko Udaltzaingoaren Plan Bereziko berdintasun atalean jasotzen denez. Markina-Xemeinek, Lekeitiok eta Lemoak, aldiz, plaza bana eskainiko dute: «Prozesuan bertan aukeratuko dute hautagaiek zein den gehiago atsegin duten lantokia, eta gero oposaketen puntuazioaren arabera esleituko zaie lekua».

Era berean, azterketan bertan, «herriaren ezagutzari buruzko atala ere zein herriri buruzkoa egin hautagaiek aukeratuko» dutela nabarmendu dute.