Nerea Lauzirika

Mediterraneoko uretan da berriz Aita Mari ontzia, Italiara bidean

11. misio humanitarioa abiatu berri du Aita Mari ontziak. Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Castelloko Itsas Kapitaintzaren bidez beharrezko baimenak eman ondoren, Burrianako portutik irten da astelehen honetako eguerdian.

Aita Mari ontzia.
Aita Mari ontzia. (SMH)

Beharrezko baimenak eskuratuta, Mediterraneo itsasoan da berriz ere Aita Mari ontzia. 11. misio humanitarioa da abiatu berri dutena eta bost egun barru helduko dira italiar uretara. Burrianako (Castelló) portuan zain zegoen ontzia, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Castelloko Itsas Kapitaintzaren bidez eman beharreko baimenaren zain, eta astelehen honetan bertan jaso dute berria.

Isa Egiguren bozeramaileak NAIZi azaldu dionez, ziurgabetasuna izaten da nagusi bidaietan, Italiako migrazio politika «ia egunero» aldatzen baitute, eta zaila da misio bakoitzean aurkituko duten egoera aurreikustea. «Jende asko ari da ateratzen Libiatik eta, batez ere, Tunisiatik, eta eguraldia oso ona da, beraz espero dugu patera dezente aurkitzea», adierazi du.

Beste zenbaitetan traba administratibo ugari jarri izan badizkiete ere, azaldu du oraingoan «erraza» izan dela baimenak eskuratzea: «Testuinguru politikoaren araberakoa izaten da, baina inoiz ez dakigu zehazki zergatik den».

Salatu du gero eta traba gehiago jartzen dizkietela migratu behar duten pertsonei Europara heltzeko. Hain zuzen ere, europar agintariei leporatu die mugak nola edo hala «aldentzen» ari direla: « Libian ere gertatzen da, baina bereziki Tunisian. Europatik jasotzen dute dirua jendea hor mantendu dezaten. Hala ere, beti ateratzen dira paterak».

Beti gertatu den zerbait dela aitortu badu ere, Egigurenek azaldu du Tunisian egoera arriskutsu bilakatzen ari direla migratzaileentzat, presidenteak otsailean egin zuen diskurtso arrazistaren ondotik: «Handik aurrera etxetik, lanetik eta toki guztietatik bota dituzte. 1.000 pertsonatik gora basamortura bidali zituzten».

Udan Italiako Lampedusa uhartera asteburu bakarrean patera ugari iritsi ondoren Tunisia gogorrago jokatzen ari dela salatu du: «Europak esan zuen Tunisiari diru gehiago emango ziola eta nabaritu da ez direla horrenbeste iristen».

«Harresi guztiak jarrita ere, jendea moldatzen da etortzeko», baieztatu du, eta adibide gisa jarri du Kanarietako El Hierro irlan egunotan jazotzen ari dena, pertsona ugari ari baitira heltzen, bereziki Senegaletik.

Larunbatean Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu den Nerea Melgosaren eta Migrazio eta Asilo zuzendaria den Xabier Legarretaren bisita izan zuten, baimenen zain zeuden bitartean. Egiten duten lana aitortu zuen Melgosak eta Egigurenek instituzioengandik babesa jasotzea eskertu du.

Izan ere, sarritan instituzioekin izaten dituzte arazoak. Inspekzio ugari pasarazten dizkiete eta arazo administratibo asko izan dituzte, itsasoratzea atzeratu edo ezinezko egin izan dizkietenak: «Horren atzean erabaki politikoak daude eta, horregatik, horrelako babesa ere behar dugu».

Kriminalizatuta

Egiten duten lana kriminalizatuta dagoela azaldu du Aita Mari ontziko bozeramaileak, eta herritarrengandik jasotzen duten babesa ere eskertu nahi izan du, sarri askotan politikariak izaten baitira haienganako jarrera negatiboa agertzen dutenak. «Migrazio politikak eskumara ari dira joaten, modu kezkagarrian gainera, Europakoak zein Espainiakoak», azaldu du, eta Melillan jazotakoak gogora ekarri ditu.

Ontziak eskifaia profesionala darama, normalki bera izaten da, eta baita boluntarioak ere. Borondatez ari direnak kazetari bat, bi osasun langile eta hiru sorosle izaten dira, eta misio batetik bestera aldatzen dira.