Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Datuek egungo ereduei eustea zentzugabea dela erakusten dute

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak adierazi zuen gurasoek «eredu desberdinen artean aukeratzeko askatasuna» bermatzeko adostu zutela bere alderdiak eta EAJk hizkuntza ereduak mantentzea. Alta, matrikulazio-datuek agerian uzten dute Anduezaren hitzak aitzakia direla gehiago argudioa baino.

Haur talde bat eskolarako bidean.
Haur talde bat eskolarako bidean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAJk eta PSEk indarrean dauden hizkuntza ereduak mantentzeko elkarrekin aurkeztu duten zuzenketak zeresan handia eman du, eta, argudio gisa, alderdi honetako idazkari nagusi Eneko Anduezak iragan astean adierazi zuen gurasoek «eredu desberdinen artean aukeratzeko askatasuna» bermatzeko hartua izan dela erabakia. Baina gurasoek seme-alabei hizkuntza ofizial baten ezagutza galarazteko eskubidea ote duten alde batera utzita –horri ere erantzun beharko zaio–, matrikulazio-datuek agerian uzten dute Anduezaren hitzak aitzakia direla gehiago argudioa baino.

Izan ere, urtetik urterako bilakaerak gurasoen hautua argia dela erakusten du, D ereduaren aldekoa, betiere, eta gainera, datuek A eta B ereduak segregazioa indartzeko tresna bilakatu direla erakusten dute, ikasleen zaurgarritasuna areagotzeko modua.

Ia desagertuta sistema publikoan

Silvan & Miracle aholkularitza taldeak egindako txosten batek erakusten duenez, A eta B ereduek gero eta ikasle-portzentaje txikiagoa hartzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, eta jaitsiera are agerikoagoa da duela hamarkada batzuk indargune izan zuten sistema publikoan, non ia erabat desagertu diren.

1983an, duela berrogei urte, EAEko sistema publikoan zeuden ikasle guztien %60,6 A ereduan matrikulatuta zeuden. Joan den ikasturtean, aldiz, sare publikoko ikasleen %0,9 bakarrik zeuden A ereduan

Gaur egun –2022/2023 ikasturteko datuak dira–, EAEko hezkuntza sistema osoa kontuan hartzen badugu, ia ikasgai guztiak gazteleraz ematen dituen A ereduan ikasleen %3,1 daude matrikulatuta, eta B ereduan, non ikasgai batzuk euskaraz eta beste batzuk gazteleraz diren, %17,5. Beraz, bi ereduen artean sistema guztiaren %20 ordezkatzen 1983an, duela berrogei urte, EAEko sistema publikoan zeuden ikasle guztien %60,6 A ereduan matrikulatuta zeuden. Joan den ikasturtean, aldiz, sare publikoko ikasleen %0,9 bakarrik zeuden A ereduan.

Sistema publikoari begiratuta, baina, zenbakiak deigarriagoak dira. A ereduak, adibidez, ikasleen %0,9 bakarrik hartzen du sare horretan. Oso gutxi, batez ere kontuan izanda duela berrogei urte, ereduak martxan jarri zirenean, sare publikoan matrikulatuta zeuden ikasleen %60,6 A ereduan zebiltzala. Orain, seme-alabak sare publikoan matrikulatzen dituzten familien artean ia inork ez du gaztelerazko eredua hautatzen.

Are gehiago, esan daiteke A ereduak oro har ikasle gutxi dituela eta, dituen gehien-gehienak, ikastetxe pribatuetan aritzen direla; zehazki, eredu horretako ikasleen %76,9, lautik hiru baino gehiago. A eredua sistema pribatuan errotuta dagoen eredua da.

B ereduan zifrak bide beretik doaz. Izan ere, hezkuntza sisteman dabiltzan haur eta nerabeen %2 baino gutxiago ari dira hizkuntza eredu horretako sare publikoan ikasten.

Eta A eredua sistema pribatuan sustraituta badago, zer esan B ereduari buruz, non ikasleen %91,9 ikastetxe pribatuan matrikulatuta dauden.

Sistema pribatuan aurkitu dute habia –habia txikia, dena den– A eta B hizkuntza ereduek. Txostenean bertan esaten da gaztelerazko hezkuntza dela ikastetxe pribatu batzuek beren eskaintza nabarmentzeko erabiltzen duten aldagaia.

Sare publikoan, aldiz, bi eredu horietan matrikulatutako ikasleek sistemaren %2,5 baino ez dute hartzen. Oso datu esanguratsua da, hizkuntza-eredu horien egungo izaera marjinala agerian uzten duena eta Anduezaren baieztapenak auzitan jartzen dituena.

A eredua sare pribatuan: elitista eta ia etorkinik gabekoa

Beren egungo txikitasunean, A eta B ereduek sare pribatuan daukate indargunea, beraz; datuek hala adierazten dute. Eta, gainera, eredu horietako ikasleen profila oso desberdina da matrikulatuta dauden sarea publikoa den ala pribatua den.

Silvan & Miraclek zabaldutako dokumentuan azaltzen denez, A ereduan sistema publikoan ari diren ikasle ge- hientsuenak maila sozioekonomiko eta kultural apalekoak dira, eta %80 ISEK indizearen beheko mailetan kokatzen dira. Beste ezaugarri bat ikasleen jatorria da, gehienak Estatu espainoletik kanpotik heldutako familietako haurrak baitira.

Guztiz kontrakoa gertatzen da sare pribatuko A ereduan ikasten dutenen izaera sozioekonomikoari begiratuta. Izan ere, horiek dute ISEK indizean maila altuena hezkuntza sistema osoan, eta etorkinen kopurua oso urria da. Dokumentuan aipatzen da, halaber, emaitza onak izaten dituztela ikasgai eta ezagutza arlo gehienetan, euskara ikasgaian salbu. Baina, antza, seme-alabak ikastetxe elitista horietan matrikulatzen dituzten gurasoentzat euskararen ezagutza ez da gehiegi arduratzeko kontua.

Euskadiko Eskola Kontseiluak 2017/2018 eta 2018/2019 ikasturteetako datuekin egindako txosten baten arabera, sare publikoko A ereduan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako azken kurtsoetako ikasleen %95ek baino gehiagok euskara maila baxua zuten

B ereduan ere publikoaren eta pribatuaren arteko aldea nabarmena da. Sare pribatuetako ikasleek ISEK maila ertaina/altua daukate, EAEko batez bestekotik gorakoa, baina sare pribatua bakarrik kontuan hartuta beste ereduetako ikasleena baino txikiagoa da. Eta ikasle etorkin kopurua besteena baino altuagoa. B ereduko sare publikoan, berriz, ikasleen %50 ISEK maila baxuan daude, etorkinen kopurua azkar igotzen ari da eta ama-hizkuntza euskara duten ikasleen presentzia hutsaren hurrengoa da.

Datuok eskuan, A eta B ereduak «segregazioaren elementu katalizatzaileak» direla ondorioztatzen dute txostenaren egileek. Eta gogorarazten dute «erabakitzeko askatasunaz ari bagara, A eta B ereduak gainbeheran» daudela, «gizartearen bilakaera sozial eta linguistikoa horiek desagerrarazten ari delako». Eta, hala ere, horiei eutsi nahi die EAJk eta PSEk.