Maite Ubiria

Urriaren 30ean mugako pasabideak irekiko dituztela hitzeman du Prefeturak

«Erabaki probokatzailetzat» hartu zuen larunbatean Hendaiako auzapezak mugaren itxiera luzatzeko Bruselako agintariei frantziar Estatuak jakinarazitako erabakia. Prefeturaren eskutik jakin berri du urriaren 30ean irekiko direla 2021etik hertsiak izan diren lau pasabide, Etorbidearen zubia barne.

Joan zen uztailaren 7an Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubia irekitzea galdetzeko eginiko protesta.
Joan zen uztailaren 7an Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubia irekitzea galdetzeko eginiko protesta. (Patxi BELTZAIZ)

Pirinio Atlantikoen Prefeturak jakinarazi duenez, urriaren 30ean irekiko dituzte 2021eko urtarrilaz geroztik hertsiak izan diren ondoko lau pasabideak: Aldude, Izpegi, Larraine eta Etorbidearen zubia.

Estatuaren delegaritzak azaldutakoaren arabera iragan irailaren 30ean jakinarazi zion Gerald Darmanin frantziar Barne ministroak bere asmoa espainiar Barne Ministaritzari. Aipaturiko gutunean azaldu zuenez, bi estatuen artean poliziaren patruila amankomunak garatzeko bidean «eman diren urratsek» ahalbideratuko lukete aipaturiko neurria hartzea.

Zehazki, Pirinioetan 2021eko urtarrilaz geroztik hertsiak izan diren pasabideei eragingo die aipaturiko deliberoak. Beraz, Euskal Herrian zein Katalunian eragina izanen duen erabakia herritarrek garaturiko hamaika protesta eta ekimenen ondotik heldu da.

Azkenekoa joan zen urriaren 10ean igaro zen Hendaian. Zehazki, 30 bat herritarrek bultzaturiko kanpainaren amaiera ekitaldia iragan zen Lapurdiko herriko Udalaren atarian. Hondarribia, Irun eta Hendaiako auzapezek hiru hiiabetez luzatu den kanpainaren amaiera ekitaldian parte hartu zuten. Kotte Ezenarro alkate hendaiarrari egokitu zitzaion 12.654 sinadura horiek jasotzera, «Prefeturaren esku» uzteko mandatuarekin.

«Erabaki lotsagarri eta probokatzaile gisara» hartu zuen Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak egun batzuk lehenago NAIZek aurreratu zuen albiste kezkagarria.

Europar Batasunaren baitan mugen kudeaketaren ardura duen erakundeak berak argitaratu zuen informazioan oinarrituta, frantses Estatuak beste sei hilabetez, hau da azaroaren 1etik eta apirilaren 30 arte, mugen itxierarekin jarraitzeko erabakia jakinarazi zion Bruselari.

Iragarpen horrren aurka fermuki mintzatu ziren sinaduren bilketa burutu zuten herritarrak Hendaian. «Nola da posible aldarrikatzea terrorismoaren aurka egiteko itxita mantenduko dutela Etorbidearen zubia ondoan dagoen Santiago zubia zeharkatzeko aukera dagoenean?», galdetu zuen bozeramaile batek.

Ildo beretik, «erabaki ulergaitz eta probokatzaile»tzat hartu zuen aipaturiko jakinarazpena hedabide honekin mintzo Hendaiako auzapez sozialistak.

Ezenarrok salatu zuenez, Barne ministroari joan zen uztailean zuzendu zion eskutitzak ez zuen erantzunik jaso. Ea Prefeturak pasabideen egoerari buruz zerbait jakinarazi zion galdetuta, «erabaki politikoa izanik, ulertu daiteke Prefeturak esku hartzerik ez izatea», erantzun zion NAIZi Ezenarrok.

Izan ere, Julien Charles prefetak berak telefonoz jakinarazi dio, urriaren 11 honetan, Hendaiako auzapezari erabakia.

Ondoren, Ezenarrok agiria zabaldu du bere poztasuna agertzeko. Era berean, pasabideen irekitzea erdieste aldera Bidasoako herritarrek eta auzapezek eginiko lana nabarmendu du.

Bi estatuetako poliziez osaturiko patruilak

Prefetak bere agirian azaldu duenez, joan zen urtarrilaren 19an Pedro Sanchez eta Emanuel Macron presidenteek Bartzeloan izan zuten goi-bileran aztertu zen muga pasabideen egoera. Bertan frantziar ordezkaritzak muga inguruan poliziaren patruila amankonunak eratzeko beharra defendatu zuen. Bere erranetan egitasmo horrekin eman diren aurrerapenek posible egingo dute, hain zuzen, apaturiko muga pasabideen berrirekiera.

Bere garaian, espainiar Gobernuaren iturriek egitasmo horrekiko distantzia markatu zuten. Nolabait «migranteen ehiza» eginbehar nagusitzat izango zuen polizia eskema sustatzeak «irudi arazoa» sortu zezaleekoan.

Oroitzearren, eskandaku handia eragin zuen joan zen udaran migratzaileak atxilotzearen truke poliziei egun libre gehiago izatea proposatzen zuen oharrak. Irungo komisaldegian azaldu zen oharra eta espainiar delegatuak ekimen isolatu gisara hartu zuen pasadizoa deitoratu eta neurriak iragarri zituen berehala.

Prefeturak, edozein kasuan, «ondoko asteetan bi estatuen arteko polizien kolaborazio operatiboa aregotuko dela» mugaren eremuan zehaztu du bere prentsa oharrean.

Hesiak ez, kontrolak bai

Gaur gaurkoz ezin da jakin, ordea, horrek zer aldaketa ekarriko dituen mugaren kudeaketan. Edozein kasutan, gaurko erabakiak lau pasabide irekitzea baizik ez du ekarriko. Hau da, kontrolak ezartzeko erabakia ez zu auzian ematen Parisek.

Santiago edo Behobia zubietan urte hasieratik ez daude kontrol iraunkorrak. Izan ere, frantses poliziek ez dituzte kasernak kendu eta tarteka bertan jartzen dira autoen kontrola egiteko.

Pasabideak irekita ere, poliziaren kontrolak atxikitzeko asmoari ez baitio uko egin frantses Gobernuak. Horregatik bateragarria da Bruselari jakinaraztea Schengen akordioa bertan behera utziko duela, oraingoz, 2024ko apirilera arte eta, era berean, guziz hertsiak ziren pasabideen berrirekitzea iragartzea.

Irudiaren aldetik, errazago izango zaio kudeatzea, gainera, 2015az geroztik zirkulazio askatasuna aldarrikatzen duen europar tratatuari eginen duen bere interesen araberako kudeaketa lausoa.

 «Migranteekiko jazarpena» amaitzeko deia egin du EH Baik

Lau pasabideen berrirekitzeko iragarpenaren harira, Euskal Herria banatzen duen mugan izan diren hildakoak gogora ekarri du.

Muga irekitzearen alde eginiko kanpainiek emaitza eman dutela nabarmendu du EH Baik, 2021az geroztik hamaika elkarretaratze eta salaketa ekimen egin direla erakundeetan oroitaraziz.

Gauzak horrela, Etorbidea zubia irekitzeaz harago, «etorkinen aurkako eten-
gabeko kontrol eta jazarpenekin buka dezala» exijitu dio frantses Estatuari.