NAIZ

Tolosako Asuncion klinikako langileek urriaren 18rako eta 25erako greba deitu dute

Urte luzeetako langileen borroka izan da Tolosako Asuncion klinikako langileena, hiru eguneko lanuzteak eta 24 greba egun egin dituzte jada, baina aldaketarik egon ez denez, beste bi greba egun deitu dituzte ELAk eta LABek: urriaren 18a eta 25a.

Asuncion klinikako langileak, lan baldintzak duintzeko protestan.
Asuncion klinikako langileak, lan baldintzak duintzeko protestan. (Andoni Canellada | FOKU)

Asuncion klinikako langileek, hiru eguneko lanuzteak eta 24 greba egun aurrera eraman eta gero, beste bi greba egun deitu dituzte urriaren 18 eta 25erako euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde, LAB eta ELAk jakinarazi dutenez.

Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, baina batzuen eta besteen lan baldintzak oso urrun daude.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmenaren %12,2 galdu dute. Hitzarmena berritzearekin, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak izatea eta 35 orduko lan astea egikaritzea dira lortu nahi dituztenak.

Klinika kudeatzen duen Inviza enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken lau urteotan, erregistroan dauden datuen arabera, baina enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inolako borondaterik.

Borrokaldi luzea

Langileak ez ezik, herritarrak ere kexu dira, baita gertuko instituzioak ere. Hamarkada luzeetan egondako arazoari oraindik ez diote irtenbiderik eman, hamabi urte daramete Tolosaldeko herritarrak TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataforman antolatuta, osasungintza publikoa eta ospitale publiko bat aldarrikatzen. Eskualdeko alkateak ere borrokan ari dira, Alkateen Mugimenduaren bitartez.