Peli Lekuona

Desazkunderako deia egin dute Donostian, «turistifikazioak marra gorria gainditu» duelako

Heldu den urriaren 22rako manifestazioa antolatu dute Donostiako Bizilagunekin elkarteak eta hiriko beste hainbat eragilek, «turistifikazioari stop» esan, eta «desazkundearen bidea» hartzeko. Bultzatzaile batekin, Asier Basurtorekin, mintzatu gara, baita Nekane Arzallus udal zinegotziarekin ere.

Donostiako turistifikazioaren ondorioz hiritar askok alde egin behar izan du bere ingurutik.
Donostiako turistifikazioaren ondorioz hiritar askok alde egin behar izan du bere ingurutik. (Jon URBE | FOKU)

Egunotan Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa egiten ari da Donostian. Aurki etorriko da Turespaña konbentzioa ere. Bizilagunekin plataformak bi ekitaldi horiek baliatu ditu Turistifikazioaren Aurkako Urria iragartzeko. Abiapuntua Turismoaren Kolapsoaren Eguna izan da.

Urriaren 7ko asteburuan pankarta erraldoi bat zabaldu zuten Kursaal parean, alde batetik Munduko Turismo Erakundeak «estatuak turismo industriaren mende» jartzen dituela salatzeko; bestetik, foro hori antolatu duen Basque Culinary Center ere «turismoa sustatzeko erakunde bat» dela uste dutelako, «ezagutza eta berrikuntza erakundez mozorrotu» arren.

Pintxo Land-era ongi etorria ere egin du Bizilagunekin plataformak. Asier Basurto kideak Naiz Irratiari kontatu dionez, ekintza ironiko bat izan da, turistei baino auzotarrei zuzendua. «5.000 esku-orri baino gehiago banatu ditugu. Horietan pintxoen deskribapenak zeuden, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazko testuan, berriz, auzoaren egoera eta taberna horietan euskal hiztunek jasaten duten bazterketa salatu dugu». Desazkunde Turistikoaren kalean dago Etxe Arrotz Bar Restaurant. Kontaktu gisa, Udalaren telefonoa jarri dute.

 

Asier Basurto Bizilagunekin plataformako kidea, Naiz Irratiarekin elkarrizketan. (NAIZ)

 

Basurtok baieztatu duenez, orokorrean, Donostian kanporatze prozesu bat gertatzen ari da, nagusiki etxebizitza larrialdiak eraginda. Parte Zaharrean bizi baldintzak ere asko kaskartu dira: deskantsurako eskubidea, kalean ibiltzeko aukera, adineko eta haurrek eguneroko bizimodua egiteko baldintza fisikoak, zarata, zaborra... Bertako auzo elkartea, euskara batzordea, gazte asanblada eta Ernai ere batu dira ekintzara. Horrek erakusten du gaiak sortzen duen kezka.

«Jende askok uko egin dio Alde Zaharrera joateari, bertan arrotz sentitzen delako, gutxietsia eta lekuz kanpo, beste batzuentzat delako nagusitu den ostalaritza eredua», azaldu du Bizilagunekin plataformako kideak.

«Egiturazko neurriak hartzeko unea»

Donostiako ehun lagunetik hamar turistak dira eta ondorengo hiru urteetarako %20ko hazkundea espero da. «Gure ustez, aspaldi jo zuen goia turismoak. Okerrena da azken zortzi urteetan inertzia bat sortu dela eta orain hori gelditzen saiatuta ere, eman zaion bultzadarekin seguruena momentuan ezingo da kontrolatu. Iruditzen zaigu etxebizitzaren merkatuan, hiriaren egitura ekonomikoan, hirigintzan, kulturan... kalteek jada onargarriaren marra aspaldi gainditu dutela eta neurri estrukturalak hartzeko momentua dela».

Bizilagunekin-ek desazkunde prozesu bat proposatzen du, «trantsizio bat egitea, ahalik eta ez traumatikoena, sektore horrek hiriko ekonomian hartzen duen pisua ez dadin gehiago hazi eta beste sektore batzuek indarra har dezaten».

«Operazio kosmetiko bat»

Donostiako Udalak iragarri du ez dituela ostatu jardueren lizentzia gehiago emango Antigua, Gros eta Egiako zati batean. Asier Basurtoren arabera, «operazio kosmetiko bat» da, «politikoki kalkulatua, ohartu direlako donostiarren gehiengoa oso kezkatuta dagoela gai honekin eta, beraz, kontatu behar dute neurriak hartzen ari direla. Errealitatean, berriz, neurri horiek azaltzerakoan salbuespenez hitz egiten denbora gehiago pasatzen da debekuez baino. Atea irekia utzi dute oraindik hotel gehiago jartzeko».

Azken zortzi urteetan emandako 50 lizentzia horietako batzuk oraindik eraiki gabeko hotelenak dira. «Zain gaude ikusteko, esaterako, Arte Ederren Antzokian eraikiko duten hotela eta horrek ekarriko dituen ondorioak, Loiolako Erriberan ikasleen egoitzaz mozorrotutako 200 logela baino gehiagoko hotela...».

Udalak ondarearen babesa aipatzea ez zaio sinesgarri egiten Basurtori, «azken urteetan txikitu duten ondare guztia» kontuan hartuta. Ancora elkartearekin elkarlanean salatu du Bizilagunekin plataformak hiri eredu hau ze kaltegarria den. «Negozioa dagoen bitartean edozein ondare suntsitzeko prest daude».

Turista, urrunagokoa eta aberatsagoa

Berriki jakin da Ijentea II eraikinean etxeak eraikiko direla, Groseko telefonikako eraikinean ere bai. Luxuzkoak izango dira. Hoteletan ere izar gehienekoak ugaritu dira gehien. «Hirian ematen ari den elitizazio prozesuaren barruan ulertu behar da hori. Turisten profila asko aldatu da: orain urrunagotik datoz, gaitasun ekonomiko handiagoa dute, eta horrek sortzen duen kaltea askoz handiagoa da. Hiriko estandarrak, kontsumo eta etxebizitzarenak, igotzen ditu eta horrek eragiten du benetan donostiarren kanporatzea eta beste kalte asko».

Defendatu duenez, neurri batzuk berehala hartu behar dira: alokairuaren prezioak arautzea, etxebizitza turistikoak debekatzea, «ezin delako onartu etxebizitzekin negozioa egitea etxebizitzen larrialdia bizi den hirian». Argitu nahi izan du ez dela betiko arazoa, batzuek dioten bezala, eta egoera asko larriagotu dela azken urteetan.

Basurtok azaldu duenez, donostiarrak «masiboki» kanporatu dira eta horrek esan nahi du beren sare komunitariotik ateratzea. Ondorioz, bizi komunitario hori ahuldu da eta biztanleak hartu dituzten herriek ere inpaktuak jasan dituzte, positiboak eta negatiboak, ez baita naturala ehunka, milaka pertsona iristea herri batera.

Urriaren 22ko manifestazioa

Etxe hutsen gaineko IBI zerga %50 igotzea ondo ikusten dute. «Zenbat eta gehiago igo, hobeto. Gure ustez, merkatuan eragitea, prezioak ordaintzeko modukoak bihurtu arte, oso justifikatua dago».

Alokairu turistikoaren baitan, etxe batzuek lizentzia eskuratzen dutela salatu du. «Gero ez dago aktibitaterik eta saldu egiten dute lizentziarekin. Etxearen prezioa igotzeko ezaugarri bat gehiago da lizentzia. Zuzenean erosi eta AirBnBn jartzen da. Lizentziarik gabe ere alokairu turistiko asko dago». Plataforma zenbatzen saiatzen ari da, baina oso zaila da.

Loiolan eraikiko diren etxeek lagunduko dute? «Bai, baina deigarria egiten zaigu hormigoi gehiagoz hornitutako soluzioak izatea gustagarrienak. 2.000 etxe iragarri zituzten, orain 1.600. Antz handia hartzen ari da AirBnBko kopuruarena. Urte hasieran 1.400 zeuden plataforma honetan guk dakigula. Horiek denak alokairu merkatuan jartzea Loiolako operazioaren tamainako antzekoa litzateke. Pentsa zer inpaktu handia, espero dugu lehenbailehen hartzea neurriak».

Urriaren 22rako manifestazioa antolatu dute, «turistifikazioari stop esan, eta desazkunde turistikorantz bideratzeko. Donostiarrekin partekatu nahi dugu gauzak aldatzea posible dela. Aktibatu eta parte hartzera animatzen ditugu, gure hiria eta bizitzak daude jokoan».

Arzallus: «Oreka bilatu behar da»

Donostian %85 hazi zen turismoa 2005 eta 2019 urteen artean; 2019tik 2022ra, aldiz, %16. Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza Sostengarriko zinegotziak nabarmendu du «oreka bilatu» behar dela, eta herritarrak zaindu. Azken bi legegintzaldietan hainbat neurri onartu dituztela azaldu du. Adibidez, etxebizitza turistikoen ordenantza eta Alde Zaharra eremu saturatu izendatzea. Hala ere, arautzen jarraitu behar dela uste du.

 

Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza Sostengarriko zinegotzia, Naiz Irratiko estudioan. (NAIZ)



Udalak hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) moldatuko du, turismoaren presiopean diren eremuetan bizitegi-erabilerako lursail eta eraikinetan hotel, etxebizitza turistiko edo bestelako ostatu-erabileretarako lizentzia berrien lagapenak bertan behera uzteko. Eremu batzuetan ezingo da etxebizitza turistikorik ez hotel gehiagorik eraiki. Ategorrieta, Ulia, Zentroa, Igara, Ondarreta eta Antiguon, besteak beste.

Beste eremu batzuetan, hotelak eraiki ahal izango dira, baina ez bizitegi lursailetan.

Salbuespenerako tartea ere bada, esaterako, ondare edo kultur balioa duten eraikinekin. Arzallusek azaldu du asko direla horrelako eraikinak Donostian, eta horietako batzuek oso zaila dutela bestelako erabilerarik izatea. Argitu du, hala ere, ondare kontseiluak eman beharko duela eraikina hotel bihurtzeko onespena, baldin eta «oso ondo justifikatzen bada ezin dutela beste ezer egin. Ate bat irekia uztea da, etxe edo eraikin hori hutsik gera ez dadin».

Eraikin horietan hotelak zabaldu beharrean, etxebizitzak sortzea aukera hobea ez den galdetuta, Arzallusek erantzun du Lakuako Gobernuak jarri dituela horretarako zailtasunak, «Gobernuak bizigarritasunari buruzko dekretua atera du eta baldintza oso gogorrak ditu; batzuetan ez da posible etxebizitzak eraikitzea».

Loiolako etxebizitzak eta BCC

Loiolako kuarteletan aurreikusiak diren 1.600 inguru etxebizitza gauzatu ahal izateko akordioa itxia dago Madrilgo Gobernuarekin, baina sinatzea falta da. Nazioarteko lehiaketa bat egingo dute ostean eta HAPOaren moldaketa baten bitartez lehenbailehen martxan jartzea da asmoa. Zinegotziak azaldu du «bideragarritasunaren arabera» zehaztuko dela zenbat izango diren babes ofizialekoak eta zenbat salmenta librekoak.

Ijentea kaleko eta Gros auzoko Telefonicako eraikinetako adibideak abiapuntu hartuta, Donostian eraikitzen ari diren etxebizitza gehienak luxuzkoak ote diren eta hori eredu egokia ote den itaunduta, Arzallusek adierazi du pozik dagoela bi eraikin horietan hotela eraikitzeko baimena eskatu zutelako eta behintzat «merkatutik kendu» dituztelako. Udalak ahalik eta etxebizitza publiko gehien eraikitzeko asmoa duela azaldu du, baina onartu du zailtasunak izaten direla lursailak pribatuak direnean. «Amorrua» eragiten dio hedabideetan badirudielako etxe guztiak luxuzkoak direla orain Donostian.

Basque Culinary Centerren bigarren eraikinari emandako babesari buruz, orain arte inbertitu zen euro bakoitzak hiru ekarri dituela eta, gainera, Donostia «erakusleihoan» jartzen duela baloratu du. «Ez da elementu turistiko bat. Zientzia ekarriko du Donostiara. Lanpostuak, ikertzaileak», argitu du.

Donostiarrak hiritik kanporatuak sentitzearen inguruan, «lehen ere gertatzen zen», esan du. «Ez da turismoagatik bakarrik. Ikertzaile asko etortzen da, Unibertsitatera, Miramonera lanera».

Barne Produktu Gordinaren %13

Zinegotziak onartu du neurriak hartzeko beharra dagoela, turismoaren onurak ahantzi gabe: «Donostia ez da turismoarekin bizi baina hiriko BPGaren %13a da». Hutsik dauden etxeen gainean, batez ere neurri fiskalak hartu behar direla uste du. Tasa turistikoa abiatzeko pausoak ematen ari direla ere baieztatu du.

Uztailean Donostia gune tentsionatu izendatzeko izapideak hasteko mozioa onartu zuen Udalbatzak. Lakuako Gobernuaren erantzunaren zain daude orain.