NAIZ

Erkiaga-Gorka, bi belaunaldi Jai Alai Leagueko lehen txapelen azpian

Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal gailendu dira Durangon jokatutako Final Fourrean, azken partidan Laduche-Basqueri bi setetan irabazita (15-13-15-5)

Jai Alai Leagueko lehen podiuma Durangoko Ezkurdin osatu da.
Jai Alai Leagueko lehen podiuma Durangoko Ezkurdin osatu da. (ERAMAN!)

Bi belaunaldi txapel beraren azpian. Halaxe uztartu ditu Jai Alai Leaguek bere lehen edizioan. Batetik Aritz Erkiaga, dagoeneko urte luzez maila gorenean jokatzen ari den pilotaria. Erakutsi beharreko guztia, demostratuta dauka. Bestetik Gorka Sorozabal. Bere lehen denboraldia da hau Euskal Herrian profesional mailan eta marka jarri du. Ligako azken fasera bigarren atzelari onena bezala sailkatuta lehenik (soilik Lopez izan da hobea) eta ondoren, Erkiagarekin titulua irabazita.

Durangoko Ezkurdi pilotalekua izan da horren lekuko. Berriztu eta inauguratu zutenetik zortzi hilabetera, zesta-puntaren plaza garrantzitsu izatera bueltatu da, denbora motzean. Bertan eman zuten erakustaldia, pasaden astean, Laduchek eta Basquek. Astelehen honetan lehen setean lehiatu dute, eta ondo. Baina behin hura galduta, amore eman dute. Ezinak jota jokatu dute bigarren seta. Atzean, harkaitza baino sendoago aurkitu dute Gorka Sorozabal biarriztar gaztea, eta aurrean, tantoa amaitzeko erraztasun itzelarekin Erkiaga. Errematean maisua da Aritz, baina ikusi egin behar da nola botatzen duen errebesez pilota. Beti atzeko hormaren beheko aldera, eta gainera baztertuta. Erremate politenak besteko garrantzia dauka Erkiagaren piloteoko errebesak.

Pozgarria da Durangoko Ezkurdin, hainbeste urte eta gero, halako betekadak ikustea. Hala esan die Goikoetxeak durangarrei, partida amaieran egin dioten agur-omenaldian. Bete egin da Ezkurdi Jai Alai League-ren final handia ikusteko, eta norgehiagoka oso parekatua izan da bere lehen zatian. Bana, launa, zortzina eta hamarna berdindu dute. Urdinek abiadura eman nahi izan diote pilotari, horretarako material bizia aukeratuz. Hala ere oso seguru aritu da Gorka Sorozabal. Bere ezaugarri teknikoez gain, hori da bere dohaina. Segurtasuna. Duen adina izanda gainera. Azken txanpan erabaki da lehen jokoa. Laduchek barruan goxo-goxo utzi du lehenik (10-9), baina Erkiagak erreskadan egindako bi tantok eragin dituzte txalo zaparrada handienak. Errebotean ustekabeko horma-bikoa lehenik, errebesez (12-11) eta zabalean moztuta hurrengoa (13-11). Basquek pilota txulara bidali eta tanto batera jarri dira urdinak, baina ezin izan dituzte berriz gorriak harrapatu. 15-13.

Maldan behera

Bigarren jokoan 6-1 aurreratu dira gorriak. Hormabikoak eta txapa gainean moztutako tantoak egin ditu Aritzek. Hori gutxi ez eta Laduchen sakeetara ere eroso sartu da, ondoren aurreko koadroetan amaituz. Partida erabakita egon da, baina finala bukatzea falta zen. Etsita eta burumakur izan arren, ahaleginean jarraitu dute Laduchek eta Basquek markagailuak 15 eta 5ekoa erakutsi duen arte.

Erkiaga eta Gorka Sorozabal dira beraz, Jai Alai Leagueko lehen irabazleak. Liga honetako txapelketetako bat ere elkarrekin irabaziak. Beraiek lortu zuten abuztutan, Donibane Lohizuneko Nazioartekoetako txapela. 


Partidaren Euskal Telebista bidez ikusi dugu baina Canal Plus Francek ere eman du, frantziar Estatu mailan, Jai Alai Leagueko finala. Pozgarria Bidasoaz iparraldeko eta hegoaldeko profesionalak, kantxa kanpoan ere, elkarlanean ikustea.