«Palestina askatu» oihu artean abiatu da asteazken arratsalderako BDZ-k deituta zuen mobilizazioa Donostian, ostegun honetan. Jendetza elkartu da Palestinari elkartasuna helarazi eta Israelen aurkako boikota adierazteko egindako protestan. Israel «75 urteko kolonialismoa, apartheid eta garbiketa etnikoa» egiten ari dela salatu dute eta 2023a urterik «odoltsuena» izaten ari dela gogoratu. Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, Gasteizen ere asteazken honetan egin dute mobilizazioa.
«Isralego Estatua garbiketa etnikoan oinarritutako egitura bat da. Ez du muga etikorik, haientzat palestinarrak ez baitira gizaki ere», salatu dute mobilizazioaren deitzaileek protestaren amaieran. Eta azken egunetako erasoak gaitzetsi ostean, Europar Batasunak Israel «etengabe defendatzen» duela gaineratu dute. Frantziar Estatuak palestinarren aldeko mobilizazioak debekatu dituela gogoratu dute eta Euskal Herrian bertan debeku horiek islada izan dutela nabarmendu: «Urruñan eta Maulen Palestinaren aldeko elkarretaratzeak debekatu ziren, Eibarreko azken partida ere adibidea da».
Euskal Herriaren «eginbeharra» elkartasuna adieraztea dela gaineratu dute, eta horretarako bi tresna proposatu dituzte: mobilizazioa eta boikota. Batetik, datozen egunetan antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute, eta bestetik, boikota egitera. «Gizarte zibil palestinarraren deialdiari jarraiki, Hego Afrikan apartheidaren kontra egin zen bezala, israeldar Estatuaren espresioak boikotatu, inbertsioak kendu eta zigortzean datza. Gutako bakoitzak bere kontsumoaren bitartez egin dezakegun lana da, Israel ahultzekoa».
Euskal Herrian «genozidioa normalizatzea bogan» dagoela esan dute. Eta CAF, Irizar, Zahor, SPRI edo Ertzaintzaren bidez «genozidioarekin kolaboratzen» ari direla zenbait salatu dute.
«Gizatasuna kentzeko prozesua»
Hithem Abdulhaleem Bilbon bizi da baina jatorri palestinarra du, eta berak ere hitza hartu du mobilizazioaren amaieran. 1948az geroztik, Isralego autoritatea jarraibide bat betetzen ari dela adierazi du: «Palestinarrei bizitza ezinezkoa egitea, herri bat itotzea».
Horretarako bere baliabide guztiak dabiltzala Israelek nabarmendu du: «Palestinako herritarrei gizatasuna kentzeko estrategiak eta politikak darabiltza, palestinarrak ez garela gizakiak sinestarazten dute, eta hortaz, gure minarekiko enpatia ere galduta dute jada».
«Propaganda manipulatzailea» ere erabili izan dutela salatu du, eta hori jada Palestinan bizi ez diren baina bertakoak direnen pentsakera eta posizioa zein den manipulatzeko erabili izan dela kontatu. Horregatik, «erasoen aurrean gure elkartasuna eta energia guztia» bidali behar zaiela Palestinako herritarrei gehitu du.
Amaitzeko, mezu argi bat helarazi du: «Ez dugu atzera joko, gure eskubideei uko egingo diogula uste badute, jai dute. Bizitzea merezi dugu, Palestina askatu!»