NAIZ

Hil egin da aurreko astean Erandion zauritutako 32 urteko langilea

Hilaren 9an lanean ari zela Erandion zauritutako 32 urteko langilea hil da, LABek jakinarazi duenez. Reformas Maver enpresako langilea 4 metroko altueratik erori zen amianto egitura bat eraisten ari zela. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan 45 langile hil dira.

Barakaldon egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Barakaldon egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hil egin da joan den asteko astelehenean Erandion lanean ari zen bitartean zauritutako 32 urteko langilea, LAB sindikatuak asteazken honetan jakitera eman duenez. Reformas Maver enpresako langilea zen eta amianto egitura bat eraisten ari zela 4 metroko altueratik erori zen. Sindikatuaren arabera, aurten lan istripuan zendu den 45. langilea da.

LABek azaldu duenez, «badirudi erorketa gertatu zenean langileak ez zuela babeserako lotura sistemarik». Halaber, azpimarratu dute «bereziki deigarria» dela amiantoa kentzeko prozedura baten baitan horrelako istripu bat izatea, «prebentzio neurriak eta enpresariaren partetik ezarritako kontrola muturrekoa izan beharko liratekeenean».

Hori dela eta, sindikatuak uste du ez dutela araudia bete: «Egun, prozesu arriskutsuenetan, araudirik zorrotzenak izanik ere, prebentzio araudia ez dela betetzen patronalak bitartekoak ipintzen ez dituelako». Gaineratu dute langileek beren bizitzarekin ordaintzen dutela hori.

Izan ere, LABek gogora ekarri nahi izan du iaz 11 langile hil zirela era honetako istripuetan, hots, altueraren batetik erorita, eta aurten beste 4 izan dira jada. Sindikatuak «onartezintzat» jo du horren maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean «beharrezko bitartekoak ez jartzea» eta Lan Ikuskaritzari, Osalani eta gobernuei leporatu die jarduera horiek ez kontrolatzea.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza «txarrak» ere salatu ditu LABek: «Lanaldi luzeak, azpikontratazioa,autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza...». Gainera, prekarietatea «laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktorea» dela baieztatu dute, eta langileria deituko dituzten mobilizazioekin bat egitera deitu dute.

Arrantzale bat hil da lanean

32 urteko langileaz gain, beste langile bat zendu da lanean zela, oraingoa heriotza ez-traumatikoa izan bada ere. Arrantzale bat hil zen astearte honetan Pasaiako itsas eremuan, arazo kardiobaskularren ondorioz.

Halaber, LABek langileek pairatzen duten lan-karga eta estres maila altuekin lotu ditu era honetako heriotzak.