NAIZ

Euskal Konfederazioa: «Egungo baliabideekin segitzea euskara hiltzera kondenatzea da»

Ostegun arratsalde honetan izendatuko dute Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakari berria. Bilera aitzin, egitura horren buruan izanen den Maider Behotegiri zuzendu da Euskal Konfederazioa euskara berreskuratzeko helburu zehatzak finkatuz beharrezko baliabideak bermatu ditzan eskatzeko.

Euskal Konfederazioko kideak, gaur goizean EEPk Baionan duen egoitzatik aurrean antolaturiko agerraldian.
Euskal Konfederazioko kideak, gaur goizean EEPk Baionan duen egoitzatik aurrean antolaturiko agerraldian. (Patxi BELTZAIZ)

EEP Euskararen Erakunde Publikoak ostegun arratsalde honetan Baionan eginen duen bileran izendatuko dute lehendakari berria, Maider Behotegi.

Departamendu Kontseiluaren baitan euskara arduraduna den bardoztarrak Antton Kurutxarriri erreleboa hartuko dio.

Lehendakari berriaren bultzadapean, erakunde ezberdinen arteko negoziaketa hasiko da, besteak beste EEPren partaidea diren Estatuak, Eskualdeak, Departamenduak eta Euskal Elkargoak EEPko
aurrekontuari zenbateko ekarpena eginen dioten finkatzeari begira.

Duela hogei urte sortu zen egiturak baliatzen dituen estatutuen arabera, erakunde bakoitzak laurden bat ezartzen du.

Aipaturiko banaketak baldintzatzen du, bestalde, euskararen aldeko aurrekontua osatzera datorren Gasteizko Gobernuaren ekarpena.

Borondate politikoaren kontua

Lehendakari berriaren izendapenak eta EEPk ondoko hilabetetan garatu behar duen lanaren garrantzia markatzeko bilera horren aitzin agerraldia egin du Euskal Konfederazioak Baionan.

EEPk duen egoitzaren atarian euskararen aldeko «politika ausartak» garatzeko tenorea dela ohartarazi dute euskalgintzako kideek.

«Lurralde hizkuntzen aldeko lege koadroa eskasa bada ere, aitzinamendu berriak egitea posible dela, borondate politikoa erakutsiz gero», nabarmendu du Euskal Konfederazioak.

Euskalgintzak hamarkadetan frogatu duenez, «ez dago fatalitaterik, eta behar diren ahaleginek eta ezinbestekoak diren inbertsioek emaitzak ematen dituzte» gaineratu du.

Euskal Konfederazioaren arabera, «ez da oraino berantegi euskara berpizteko, baldin eta zinezko borondate politikoa agertzen bada».

Aldiz, «gaur egungo erritmoan eta gaur egungo baliabideekin segitzea euskara epe ertainean hiltzera kondenatzea litzatekeela» agerian jarri du Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren bozgorailuak.

Ildo beretik, bere kezka agertu du EEPk berriki euskalgintzako eragileei aurkezturiko txostenak, lehenengo lepotik burua, orain arte aplikaturiko politikarekin jarraitzeko xedea jaso duelako.

Azkeneko inkesta soziolinguistikoak, ordea, 2004. urteaz geroztik hiru lurraldetan martxan eman den hizkuntza politikak ez duela bermatu euskararen biziraupena uste dute eragileek.

Biztanlegoaren bilakaera

EEPk irailean partekatu zuen azterketaren arabera, 2050. urterako Ipar Euskal Herrian 345.000 eta 401.000 biztanle arteko kopurua izanen da. Hau da, gaur egun baino 30.000-85.000 biztanle gehiago izanen dira hiru lurraldeotan. 

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin sortze eta heriotzen arteko tartea negatiboa denez (mila herritar bat gutxiago urtero), frantziar Estatutik heldutako jendearekin edo Frantziar Estatuan plantatzeko asmoa duten biztanleekin osatuko da hazkunde hori.

«Tarteko eszenatoki bat hartuz, EEPren arabera 2050ean 371.000 biztanlerekin euskaldun kopurua %17ra jaitsiko da. Kasurik hoberenean, gaur egungo euskaldun kopuru bera litzateke, erdal testuinguru geroz eta handiago batean», laburbildu dute Euskal Konfederazioko kideek.

Betiere EEPk euskarazko eragileei eskainitako kalkuluen arabera, hamar herritar berri horietatik zortzi frankofonoak izanen dira eta bi euskaldunak.

Alta, azken urteetan izan den joera aintzat hartuta, «2050.ean 401.000 biztanle izanen badira, euskaldun kopurua %16 petik kokatuko litzateke», azaldu du Euskal Konfederazioak.

Hiztunen %30a

Datu adierazgarri horien aitzinean, «Euskararen Erakunde Publikoak ez duelako euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politikarik proposatzen baizik eta orain arte bezala segitzea», bere kezka azaldu du Euskal Konfederazioak.

Joan zen otsailaz geroztik, euskalgintzako hainbat eragilek bizi duten prekarietateari buruz hainbat ohar egin badituzte ere, oraindik erantzunik ez dutela jaso mahaigainean ezartzeko balio izan du, bestalde, gaurko agerraldiak Euskal Konfederazioak.

Izan ere, oroz gainetik EEPren lehendakariari «ausarta izan dadin» galdegiteko ekartu dira euskalgintzako kideak Baionan.

Euskararen garapenari buruz helburu zehatza finkatu ditzan galdetu diote Behotegiri, Unescoren arabera mintzaira bat bizirauteak hiztunen %30a izateak eskatzen duela oroitaraziz.

Helburu horren araberako, finean, baliabideak ezarri ditzatela Estatuak, Eskualdeak, Departamenduak eta Euskal Elkargoak eskatu dute euskara lanabes duten eragileek.

Finean, euskararen aurkako oldarraldia salatzeko azaroaren 4an Bilbon antolaturiko manifestazioara joateko deia zabaldu du Euskal Konfederazioak