NAIZ

EHUk Logopediako gradua eskainiko du hurrengo ikasturtean

EHUk Logopediako gradua eskainiko du 2024-25 ikasturtean Donostiako Psikologia Fakultatean. Adimen artifizialari buruzko masterrak eta musikako doktoregoak ere eskainiko ditu, Gasteizen eta Musikenen, hurrenez hurren.

EHUren Psikologia Fakultatean eskainiko da Logopedia gradua.
EHUren Psikologia Fakultatean eskainiko da Logopedia gradua. (EHU)

EHUko Gobernu Kontseiluak 2024-2025 ikasturteko eskaintza akademikoa zabaltzea adostu du. Onartu den titulu berrietako bat Logopedia gradua da; Donostiako campuseko Psikologia Fakultatearen eskaintza akademiko berrituaren parte izango da, eta martxan dago jada ere Psikologiako graduaren ikasketa planaren eguneratzea. Hala, fakultateak «kalitate eta gaurkotasun handiko» eskaintza akademikoa izango du 2024-2025 ikasturtean, unibertsitateak nabarmendu duenez.

Logopediako graduak 40 plaza eskainiko dizkie euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzen dituzten ikasle hirueledunei, hiru hizkuntza horietan emango baitira irakasgaiak. Gainera, ikasle batzuek aukera izango dute prestakuntza dualeko ibilbidea egiteko. Graduak lanbide arautu batean aritzeko gaitasuna emango du, gizartean eskaera gero eta handiagoa duen lanbidea, eta aukera emango du, lehen aldiz, euskaraz trebatzeko diziplina honetako profesionalak.

Adimen Artifiziala

Logopediako graduarekin batera, beste bi tituluk osatuko dute 2024-25 ikasturterako eskaintza: Adimen Artifizialari buruzko masterra eta musikako doktoregoa.

Hala, Adimen Artifizial Industriala eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritza masterrak 25 plaza eskainiko ditu eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan emango da. Ingeniaritzako gradudunen prestakuntza behar jakin batzuei erantzungo die; zehazki, prestakuntza espezializatu bat jaso nahi dutenak irudien prozesaketan, prozesu industrialen kontrolean, robotikan eta energiaren sorkuntza, biltegiratze eta banaketan adimen artifizialak izan dezakeen aplikaziora bideratutako industria tekniketan.

Helburua izango da ikasleek baldintza birtualetan diseinatzea, kostuak murrizteko, «amaierako produktuaren kalitatea hobetzeko eta diseinuak optimizatzeko, hori guztia ordenagailuz lagundutako ingeniaritzaren ikuspegitik». Master berri honek osatuko ditu industriari eta ordenagailuz lagundutako ingeniaritzaren garapenari aplikatutako adimen artifizialaren arloko ingeniaritza ikasketak.

Musikako doktorego programa, berriz, Musikene - Goi Mailako Musika Ikastegiarekin elkarlanean eskainiko da. Programak ateak zabalduko dizkie urtero tesia musikaren alorrean egin nahi duten 15 ikasleri.

Horrela, beren ikerketa ibilbidea jarraitu ahal izango dute Musikeneko eta EHUko ikasleek, bai eta irakasleen prestakuntza masterrean Musika Hezkuntza, Dantza eta Arte Eszenikoak espezialitatea egiten ari diren ikasleek ere (2023-2024 ikasturtean sortu eta plaza guztiak bete dituen espezialitatea). Prestakuntzak, musika interpretazioa eta sorkuntza lantzeaz gain, musika uztartzen du zeharkako ikuspegi batetik beste diziplina, arte eta zientzia batzuekin.