Jon Ormazabal

Sabai pertsonal bat hautsita, hirugarren aldiz jarraian finalerdietan da Peio Etxeberria

Azkenerako sufritu egin behar izan duen arren, partidaren lehen erdi luzean kantxaren erdiaz nagusituta, ultzamarrak lehen aldiz irabazi dio (22-19) Ezkurdiari.

Peio Etxeberriak lortu du azkenerako Joseba Ezkurdiari irabaztea.
Peio Etxeberriak lortu du azkenerako Joseba Ezkurdiari irabaztea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken hiru urteetan bezala, Peio Etxeberria Lau eta Erdiko finalerdietan izango da Bilboko Deportivon Joseba Ezkurdiari 22-19 irabazita. Gaurkoan, ordea, orain arte gaindi ezina zitzaion langa bat gaindituta eman du finalaren atarikorako urratsa eta partidaren lehen erdian erakutsitako jokoarekin, beste sabai bat apurtzeko moduan dirudi. Azkenerako, aita hiltzeko beldurrez edo, zalantzaren batekin eta erabat akituta amaitu du Zenotzekoak, baina orokorrean berea eman ezinda aritu den Ezkurdia baino gehiago izan da eta merezita lortu du txartela. Txapelduna, ordea, ez dago hilda eta hurrengo asteburuan kanporaketa zuzen bat izango du Erik Jakaren aurka.

Egungo txapeldunak kontrastez beteriko hasiera izan du, lehen tantoa bolea txundigarri batekin amaitu badu ere, bere lehen sakean pasa egin baitu. Bere zoritxarrerako, bigarren aurpegi hori gainlendu da partidarik gehienean, hein handi batean, Peio Etxeberria izan delako piloteoan erabateko agintea izan duena.

Kantxaren erdiguneaz jabetu da ultzamarra eta, pilotarik gehien-gehienak ederki gozatuz, alderik-alde ibili du pausoa aurrera eman ezinik aritu den bere aitapontekoa izan dena. Erritmo biziko eta pilotakada gutxiko partida hasiera batean, 7-0eko partzial batekin 2-10 aurreratu da Zenotzekoa eta alde hori hamar tantotara ere igo du lehen atsedenaldi luzearen ostean (4-14).

Hala ere, Joseba Ezkurdiak ez zuen amore emateko inolako asmorik eta izan du partidan berriz sartu duen susperralditxo bat. Sakea lagun, piloteoaren aginte makila hartu du sakandarrak eta, anguloak aurkitzea kosta bazaio ere, bi aldiz ere lau tantotara gerturatzea lortu du. Hori bai, arbizuarra ez dugu partida osoan libre ikusi, batez ere eskuinez huts askotxo pilatu ditu eta gehiegi asmatu behar izanik gabe, berriz ere egin dio ihes Peio Etxeberriak (11-18).

Baina irabazteko beldurrak, gehiegizko errespetuak edo auskalo zerk jota, –partida amaitutakoan bareak jota ere ibili dela onartu du– Peio Etxeberriari zalantza batzuk ere sartu zaizkio eta Ezkurdia asko gerturatu zaio markagailuan (16-19). Sakandarrak, ordea, hagina zorroztu gabe egin du Bilborako bidea eta txaparen aurka zapuztu ditu bere aukeretako asko erdi-erdiko pilota batekin. Izan du Ezkurdiak azken halagin bat, baina Peio Etxeberriak, hauspa erabat beteta izan arren, ez du barkatu zabalean egindako tanto bikain batekin.

Exposito aurrera

Promozio txapelketari dagokionean, Unai Expositok finalerdietarako txartela lortu du A taldean, nahiz eta Altsasun jokatutako partidan 22-20 galdu duen Eskirozen aurka. Astigarragakoak nahikoa zuen 17 tanto egitearekin taldeko lehen postua ziurtatzeko eta berarekin Unai Alberdik egin du aurrera. 

B multzoan, Bilboko azpeitiarren arteko derbian Iker Egiguren oso nagusi izan da eta 22-11 gailendu zaio batere aukerarik gabe geratu den Alberdi I.ari. Aspekoak orain larunbatean Tafallan Zubizarretak eta Matak egiten duenaren zain egon beharko du. Ataundarrak 19 tanto egingo balitu, bi gipuzkoarrek egingo dute aurrera.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia: 19

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 295. Iraupena: 55,28 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 2-3, 2-10, 3-10, 3-11, 4-11, 4-14, 10-14, 10-15, 11-15, 11-18, 12-18, 12-19, 16-19, 16-21, 19-21, 19-22. Sakeak: 1 (falta 1) Ezkurdiak eta 3 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 10 Ezkurdiak eta 11 Peio Etxeberriak. Galduak: 6 Ezkurdiak eta 7 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera ona, 450-500 ikusle Bilboko Deportivon. Mattin anaia izan du botillero Ezkurdiak eta Andoni Gaskue egon da Peio Etxeberriarekin. Lehen sakea urdin.