NAIZ

Salsamendik Orio utziko du: «Elkarte barruko gorabeherak ez dezala bizikidetza nahastu»

Jon Salsamendik Orioko entrenatzaile izateari utziko dio. Azken asteetan zurrumurru honek indarra hartu zuen, eta ostiral honetan teknikariak berak helarazi du ahots bidezko mezua. 38 urte eman ditu arraunean, horietatik 27 Orion. Esker hitzez agurtu da. Mikel Arostegik hartuko du bere lekukoa.

Jon Salsamendi, iaz, Lekeitioko estropadan.
Jon Salsamendi, iaz, Lekeitioko estropadan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jon Salsamendi arrauneko entrenatzaileak ez du Orion jarraituko. Halaxe baieztatu du ostiral honetan, komunikabideei helarazitako ahots bidezko mezu batean. Esker hitzez agurtu da, bai aurreko bi zuzendaritza taldeei bai eta orain kargu hartzen duenari ere, «oso jende gutxik hartuko lukeen erantzunkizuna hartzeagatik, eskerrik asko eta indartsu mantendu aurrera begira».

Duela aste batzuetatik bolo-bolo zebilen Salsamendik ez zuela Orion jarraituko, whatsappez zabaldutako mezu bat zela-eta. Berak ere onartu du urriaren 10ean jasotako dei bat tarteko, «familiari eta 2023ko denboraldian nirekin batera aritutako arraulariei» adierazi ziela hurrengo denboraldian ez zuela jarraituko.

Urriaren 17an egin zen behin betiko zuzendaritza batzorde berria aurkezteko ezohiko batzarra eta bertan, Salsamendiren ustetan, «presidente berriaren adierazpenak entzunda, nire izenak, berriro ere Orio AEren 2024ko proiektuarekin nolabaiteko binkulazioa eduki zezakeela airean geratu zela iruditu» zitzaion.

Hala, ostiral honetan konfirmatu nahi izan du bere erabakia irmoa dela eta beraz, ez duela Orion jarraituko. Esker hitzez agurtu da eta nabarmendu du esatekoak esanda dituela eta «isiltasunetik askoz hobeto ulertuko zaidalakoan» dagoela.

«Laster 53 urte beteko ditut, 38 jarraian arraunean eta horietatik 27 Orion [azken 7 denboraldiak erreskadan, mirotzen teknikari bezala]. Orio AE osatzen duen komunitate osoari, zaleei, babesleei eta Orioko udal eta herritar guztiei, eskerrik asko. Momentu zoragarriak bizitzeko emandako aukeragatik, eskerrik asko. Kirol emaitzak albo batera utziz, hainbeste urtetan, hainbeste arraularirekin (ehundaka) bizitakoa elkarrekin bizitzen uzteagatik, eskerrik asko. Zaleen pozak, tristurak, baina, batez ere, ilusioak elkarbanatzeagatik, eskerrik asko. Konfiantza eman didazuen guztiei eta kritikatik hobea izatera bultzatu nauzuenei ere, eskerrik asko», esan du.

Era berean, aurreko bi zuzendaritza taldeei eta, «bereziki, hurrengo lau urteetarako elkartearen zuzendaritza kudeatzera konprometitu den lan taldeari» ere eskerrak helarazi nahi izan die. Are gehiago, eskaera bat egin die zale eta herritarrei, lan talde honen erabakiak errespeta ditzaten, eta «batik bat, elkarte barruko ‘gorabeherak’, ez dezala inondik inora herri bizikidetza nahastu. Iritzi ezberdinak zilegi dira bai, baina herri bizikidetza zaintzen ez badugu, beste guztiak ez luke inongo zentzurik».

Mikel Arostegi

Neguko prestaketarekin laster abiatuko dira traineruak eta Oriok gaur arratsaldean jakinarazi duenez, Salsamendiren lekukoa Mikel Arostegik hartuko du.

Klubak adierazi duenez, «Orion eta Oriotik kanpo ibilbide zabala osatu du Mikel Arostegik arraun munduan». Honez gain, «gure bultzada eman eta laguntza osoa eskaini nahi diogu Orio Arraunketa Elkartean Mikel Arostegiri, eta zorterik onena, nola ez, Jon Salsamendiri aurrerantzean».