ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek bilera bana egin dute EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin astelehen honetan, asteazken honetan eta abenduaren 19an sektore publikoan deitu dituzten lanuzteen testuinguruan. EAJk, PSEk eta PPk uko egin diote sindikatuekin biltzeari.
«Badirudi EAJ bezalako alderdiek nahiago dutela adierazpen publikoak egin, eta proposatzen zaizkion elkarrizketa esparru guztiak baztertzea», gaitzetsi dute aipatu sindikatuek prentsara bidali duten ohar bateratuan.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos izan dira astelehen honetan sindikatuekin eserdi diren talde bakarrak. Bilera hauetan, sektore publikoko langileen ordezkariek eskatu diete Madrilgo Kongresuan dituzten botoak baliatu ditzatela sektore publikoko beharginen lan-baldintzak Euskal Herrian negoziatu daitezela lortzeko.
«Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, Aurrekontuen Legeen bidez, eremu publikoko sektore ezberdinetako soldaten eta enpleguaren inguruko negoziazio kolektiboari betoa jarri ziola. Sindikatuek beto hori ez normalizatzeko eta EAEri (eta ez Espainiar estatuari) dagokion eskumen bati uko ez egiteko eskatu diete bi alderdi politikoei», azaldu dute sindikatuek.
Aurrekontua, gainbehera gelditzeko
ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESKk «gainbeheran» ikusten dituzte zerbitzu publikoak, baita lan-baldintzak ere. Gabezia horiei aurre egiteko aurrekontu gehiago behar dela iritzi diote; hori dela eta, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi galdegin diete ardurak dauzkaten eremu eta instituzioetan «aurrekontu partida nahikoak» onar ditzatela.
«Euskal erakundeek bankuetan 10.000 milioi euro dituzten bitartean, gizarte-premiak larriagotu egiten dira eta zerbitzu publikoek okerrera egiten dute. Borondate politikoa badago, gure sektore publikoaren gabezia larriak konpon daitezke», zehaztu dute oharrean.