Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Guggenheim Urdaibai Stopek dei egin die Gernikara museoarekin «arduratuta dauden herritarrei»

Kulturgileen, talde ekologisten, feministen, sindikatuen eta alderdi politikoen atxikimendua jaso du Guggenheim Urdaibai Stop plataforma herritarrak datorren larunbaterako, hilaren 28an, Gernikara deitu duen manifestazioak. Zaratatsua izango da, entzungor daudenek ondo entzun dezaten.

Manifestazioaren deialdia egin duten plataforma herritarreko zenbait partaide, astelehenean Gernikan.
Manifestazioaren deialdia egin duten plataforma herritarreko zenbait partaide, astelehenean Gernikan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arratsaldeko 18.00etan abiatuko da Gernikako Pasealekutik larunbatean, hilak 28an, Gernika Urdaibai Stop plataformak deituriko manifestazioa. Bukaera, herria zeharkatu ondoren, Foruen plazan. «Egitasmo honekin arduratuta» dauden herritar guztiei deitu diete manifestaziora; are gehiago, Busturialdeko herritarrez gain, «eskualdea maite duten guztiei» gerturatu daitezen eskatu zaie.

Astelehen eguerdian Gernikako Astran egin den prentsaurrekoan, eskaera bat egin da ere: ahal den neurrian, garraio publikoa erabili dezatela. Ez baita erraza izango autoa aparkatzea. Hurrengoa asteburu ‘mugitua’ espero da Gernikan, protestara etorriko diren herritarrez aparte, festa giroa izaten ohi delako urriko azken asteleheneko azokaren aurreko egunetan.

Kezka, haserrea, mesfidantza... Urdaibai natura erreserbaren erdian, eta Gernika eta Murueta artean, eraiki nahi den Guggenheim ‘bikoitzaren’ proiektuak mota guztietako sentimenduak sortzen ditu Busturialdean. Baita ere galdera anitz. «Turismo-azpiegitura handi horren eraikuntzak Urdaibairen osotasuna ekologikoari eragingo lioke, eta ez hori bakarrik: haren esentzia ere arriskuan jarriko luke. Behar pribatu bati soilik erantzuten dion inposizio hutsa da, eta ez dator bat erreserba babesten duten lege, itun eta araudiekin, ezta jasangarritasunerantz hurbiltzeko desiagarria den gobernantzarekin ere», dio argi Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ezagutzera eman duen komunikatuak.

«Ez da publikoa»

Guggenheim Fundazioak Bizkaiko Diputazioa, Lakua eta Madril bidelagun dituen arren, plataformarentzat «horrek ez du ezelan ere esan nahi proiektu publiko bat denik, edo guztion onura kontutan hartuta sortu duenik».

Isilpean garatzen ari den proiektua dela aurpegiratu diete, eta talka egiten du, diotenez, eskualdeak eskatzen duen herritarren parte-hartzearekin: «Are gehiago, diseinatzen ari diren proiektu horrek askoz presio handiagoa eragingo luke babes bereziko eremuen gainean, eta horiek zaurgarritasuna larriagotu. Ozen esan behar dugu legeak eskuan hartuta, erabat onartezina da zatika eta hedabide jakin batzuen bidez plazaratu duten proiektua».

Eskatzen den «proiektu partizipatibo» eredu hori martxan jartzen den bitartean, administrazioak ezer baino lehen «Urdaibaiko padurak eta beste hainbat gune babestu jendez betetzeaz arduratu beharrean, ekosistema horiek lehengoratzen eta kontserbatzen jardun behar lukete, egun jasaten ari diren presio handia arintzen laguntzeko».

«Gernikako arbolarekin sartzea bezala»

Eneritz Artetxe gernikar aktoreak ahotsa jarri dio, asteleheneko prentsaurrekoan, manifestazioaren deialdiari. Inguruko kulturgile asko legez –Eñaut Elorrieta, Gatibuko partaideak ere aurkitu daitezke sinatzaileen artean–, proiektu polemiko honekin kritikoa da oso: «Kulturaren izenean, kultura ez den zerbait egiten ari da berriz ere. Nik sentitzen dut inposaketa handi bat dela eta nire inguruan ikusten dut jende guztia ez dagoela ados honekin, eta ez dela kontsultatu, ez da informaziorik eman eta ez da gardentasunik egon. ‘Por mis ovarios’ egiten ari dela dirudi, bai ala bai egingo dela esan baitute. Eta ez dira konturatzen Urdaibarekin sartzen ari direla, gure bihotzarekin. Gernikako arbolarekin sartzea bezala da. Beste alde batetik, ni kultur eragilea naiz eta ez naiz batere identifikatzen eurek kultura deitzen dioten kontzeptu horrekin. Kultura izena jartzen zaio baina azkenean ez da kultura, eta sormenetik gutxi du».

Edorta Jimenez idazlearen liburu guztietan dago Urdaibai. Zergatik joango da manifestaziora?, galdetu diogu: «Proiektu hau errespetu eza da, ingurunea ez ezagutzea, gure bihotzak urratzea da. Esango nuke, eta esperientziaz diot, agintarietako askok ez dutela Murueta ezagutzen, ez herria ez gunea. Eta ez dakit inoiz Dalian edo inguruan egon diren. Niretzako urteetan pasealekua izan da. 1995 urtean hasi nintzen, lehenik anaiarekin eta gero beste lagun batzuekin, Urdaibai itsasontziz erakusten. 2017an utzi nion, jubilatu nintzenean. Beraz, izan dira 30 urte, eguraldi guztiekin, egoera guztietan, lekua ikusten itsasoaz, etabar... ezin da sinetsi, ez dago hitzik». 

Javier Etayo, Tasio, marrazkilaria ere kritikoa da oso. Manifestaziorako egin diren kamiseten egilea da –berak egindako biñeta koloretsua, eta adierazgarria, erabili dute–, eta sutan jartzen diona «lehenik eta behin, sekretismoa da: inork ez digu ezer esan, informazio tantaka ateratzen ari dira. Engainatzen gaituzte. Ez digute egia esaten: hau jendaurrean aurkeztu behar da ekitaldi areto batean, proiektua azaldu eta hausnarketa egin».

Eta museo berri batek ez lioke bizitza emango eskualdeari? «Bilbon bat badago, zertarako nahi dugu beste bi hemen? Susmoa daukat aspaldidanik pentsatutako plan bat dela: ingurua hiltzen utzi, desindustrializatzea, hau logela-eremua bihurtu eta gero, guztia basamortu gisa dagoenean, etorri eta salbatuko gaituztela esatea», dio.