Amaia Ugarte
Donostia

Zaintza sistemak neska gazteengan duen eraginaz ohartarazi eta A30eko grebara deitu du Ernaik

«Pentsatu al duzu zer gertatuko litzatekeen neska gazteok salgai jartzen bagaituzte?». Bada, hala egin du Ernaik Donostian, hiru neska gazte «salgai» jarri, zaintza sistemaren «merkantilizazio eta prekarizazioak» gazteei nola eragiten dien ikusarazi eta azaroaren 30eko greba feministara deitzeko.

Nahikari, 19 urte, erresidentzietan lan egiteko prest, 34 euroan. Maialen, 24 urte, aitona eta amona zaintzeko, 2x1. Ane, 22 urte, umeak zaintzeko ezin hobea, 20 euroan.

Hiru neska gazte erakusleiho banatan sartu eta «salgai» jarri ditu Ernaik, zaintza sistemaren krisia mahaigaineratu, erabat feminizatuak eta prekarizatuak daudela salatu, gazteen ikuspegitik nola ulertzen den eta bereziki neska gazteengan zer eragin duen eta nola ezaugarritzen den ikusarazteko.

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrari begira egindako ekimena izan da, astearte honetan Donostiako Ibaetako campuseko Karlos Santamaria liburutegiaren aurrean. Grebari begira gazte antolakundearen irakurketa plazaratu eta grebaren antolakuntza prozesuan nahiz egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan dute horrela.

«Pentsatu al duzu nork zaintzen zaituen, nork zaintzen dituen zure ingurukoak? Pentsatu al duzu zer gertatuko litzatekeen erresidentzia guztiak pribatizatuko balituzte, osasungintza publikoa pribatizatu eta gure osasuna enpresa handien esku geratuko balitz? Zainduak izateko borrokaren bidez lortu ditugun eskubide guztiak kenduko balizkigute? Pertsona etorkinei ateak itxi eta are gehiago baztertuko balituzte? Neska gazteok salgai jartzen baldin bagaituzte? Gazteok orain zaintzen duguna baino bost bider gehiago zaindu behar badugu inongo babesik gabe? Aldatu dezagun ezarri nahi diguten etorkizuna». 

Zaintzaren inguruan hausnarketa bultzatzeko galderak bota dituzte, bozgorailu baten bidez etengabe errepikatu dituztenak. Ane Alaba Ernaiko komunikazio arduradunak nabarmendu duenez, neska gazteek «bereziki» pairatzen dituzte zaintzaren alorrean dagoen «prekarizazioa eta merkantilizazioa», praktiketan, umeak zaindu behar dituztenean... horri aurre egiteko «baliabide guztiago ditugulako».

Zaintza lan guztia «emakumeon gain jausten» dela eta «genero arrakala ikaragarria» dagoela salatu du, eta hori hezkuntzarekin lotuta dagoela erantsi: «Nola hazten gaituzten ikusi besterik ez dago, emakume izateagatik txiki txikitatik zaintza gure gain hartzea ezartzen digute eta gerora hezkuntza prozesu osoan ere horrela jasotzen dugu, ez da kasualitatea unibertsitateko hainbat karrera feminizatuak egotea».

«Sistema publiko komunitario sendoa»

Etorkizunean, gainera zaintza lanak areagotzen joango dira, bilakaera demografikoari lotuta dagoelako, eta, hortaz, datozen hamarkadetan «gehiago izango dira zainduak izan behar diren pertsonak eta gutxiago zaindu ahalko dutenak».

Horren aurrean, Ernaik nabarmendu du «orain» dela momentua «ekiteko, gure eskubideak borrokatzen jarraitzeko eta prekarizazio prozesu hau eteteko». Hori aldatu ezean, ohartarazi du, «gure gurasoek baino bost aldiz pertsona gehiago zaintzea tokatuko zaigu».

Horregatik, egungo zaintza sistema iraultzea ezinbesteko jo du eta zaintza sistema «publiko komunitario sendoa, Euskal Herrikoa, hemen errotua eta guztiok kontuan hartuko gaituena» abiarazi. Bide horretan, azaroaren 3oeko greba orokorrean jarri du hitzordua Ernaik.