NAIZ

Baldintzapeko askatasuna lortu du Mikel San Argimirok, 21 urte espetxean eman ostean

Zenbait traba gainditu ostean eta 21 urte kartzelaratua izan ostean, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Mikel San Argimiro Isasa donostiarrak, Etxeratek jakinarazi duenez. Ainhoa Barbarinek, aldiz, espetxean jarraitu beharko du, bigarren graduan.

Mikel San Argimiro ez da espetxera itzuli beharko.
Mikel San Argimiro ez da espetxera itzuli beharko. (NAIZ)

Kartzelaldia amaitu da Mikel San Argimiro Isasa donostiarrarentzat. Lege bidean egindako urratsetan Auzitegi Nazionalak jarritako zenbait oztopo gaindituta, baldintzapeko askatasuna lortu du azkenik eta ondorioz ez da kartzelara itzuli beharko. Honen berri eman du Etxeratek ostegun honetan.

Espetxealdiaren azken hilabeteak Martutenen eman ditu San Argimirok, baina aurretik urte asko izan zuten urrutiratua, Caceresen hain zuzen ere. Hortik Soriara lekualdatu zuten, Gobernu espainolak hurbiltze prozesuari ekin zionean, eta beranduago Euskal Herrira ekarri zuten.

Iaz hirugarren gradua onartu zion Lakuako Gobernuko Justizia Sailak, baina Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu ondoren kartzelaratu egin zuten berriz, beste kasu ugaritan gertatu den bezala. Orain hirugarren graduan ez ezik, baldintzapeko askatasunean da.

2002an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel San Argimiro, eta tortura latzak eragin zizkion. Bere kasua Europako Giza Eskubideen Auzitegira heldu zen eta berea izan zen, hain zuzen ere, honengatik bertan onartutako lehen helegitea: horren ondorioz Estatu espainola zigortu zuten 2010an, tortura horiek ikertu ez izanagatik. Geroztik hona beste dozena bat kasutan epai berdina eman du Estrasburgok.

Ainhoa Barbarin, espetxean

Bestalde, Sarek jakinarazi duenez, bigarren graduan jarraitu beharko du Ainhoa Barbarinek Martuteneko espetxean, fiskalak bere hirugarren gradua eteteko abuztuan aurkeztu zuen helegitearen gainean, Espetxe Zaintzako Epaitegiak horrela ebatzi duelako.

«Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duen Espetxe Tratamenduetako Batzordearen proposamena eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurka egin du Audientzia Nazionalak, presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz», deitoratu dute ohar baten bidez.

Saretik diotenez, «bigarren aldiz eten zaio etxera bidea gauzatzeko duen eskubidea, birritan birgizarteratzeko fasean aurrera egiteko aukera eten zaio». Izan ere, hirugarren graduan egoteko baldintza guztiak betetzen dituela defendatzen dute, 21 urte daramatzalako espetxean eta bere zigorraren bi herenak bete ditu.

Egoeraren aurrean, Sarek presoei legedi arrunta aplikatzearen alde agertu da eta justizia espainolari hala izatea eskatu dio: «Euskal gizartearen zati handi batek, behingoz, espetxeen salbuespenarekin amaitzea eta konponbidearen eta presoen etxeratzearen bidean aurrera egitea eskatzen duen honetan, Espainiako justiziak ere entzun egin beharko luke nahi hori, eta bat etorri euskal presoei legedi arrunta aplikatzeko borondate horrekin».