NAIZ

Euskal ikus-entzunezkoen alorra indartzeko akordioa sinatu dute Legebiltzarrean

Gasteizko Legebiltzarrean EITBk martxan jarri berri duen Primeran plataformaren balorazio baikorra egin eta euskal ikus-entzunezkoen alorra indartu eta egituratzeko akordioa erdietsi dute. Akordioa EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosek izenpetu dute.

Gasteizko Legebiltzarreko irudi orokorra.
Gasteizko Legebiltzarreko irudi orokorra. (Endika Portillo | FOKU)

Euskal ikus-entzunezkoen alorra indartu eta egituratzeko beharra nabarmen ari dira azpimarratzen azkenaldian sektoreko profesionalak eta bide horretan urrats berriak emateko akordioa izenpetu da ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarrean. Akordioak EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen sinadura darama eta, bertan, Jaurlaritza eta EITBri zenbait eskaera luzatzen diziote.

Lehenik eta behin, balioan jarri dute EITBk Primeran streaming plataforma martxan jarri izana. Euren hitzetan, plataforma hau akuilu izan daiteke euskarazko eta euskal ikus-entzunezko edukietarako irismena errazteko eta ingurune digitalean euskarak duen presentzia handitzeko. Era berean, «euskarazko ikus-entzunezkoen arloan zabaltzen duen aro berriak euskararen biziberritzeari lagunduko» diola uste dute.

Akordioa izenpetu duten taldeek ikus-entzunezkoen alorra indartzeko urrats berrriak egin ditzala eskatzen diote Jaurlaritzari, baita sistema bezala funtzionatzeko eta egituratzeko dauden aukera ezberdinak aztertu eta garatu ditzala ere, «sorkuntzan, ekoizpenean eta hedapenean ditugun baliabide guztiak elkarreraginean jarriz».

Sektorearen biziberritzean eragin dezala ere eskatu diote. Zehazki, sorkuntza eta ekoizpen independenteetarako «laguntzak eta tresnak» garatu ditzala galdegin diote, horiei bideratutako inbertsioak handituz eta hobekuntzak txertatzen jarraituz, «urteroko euskal sorkuntza eta ekoizpena aberastuz joan dadin».

Azkenik, EITBri espreski zuzenduta, bere zerbitzuen doakotasuna bermatu dezala eskatu dute, «eta bere kanal eta euskarrietan lan zinematografiko nabarmenak, lehen mailako fikziozko lanak, dokumental eta gaurkotasunezko animazioko lanak eskaintzen jarrai dezala».

Euskararen biziberritzean urratsa

EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek Primeran plataformaren sorrera balioan jarri eta ikus-entzunezko sektorea indartzeko «akuilu ederra» izan daitekeela jarri du balioan, eta alor honetan dauden gabezien erakusle izan daitekeela ere ohartarazi du. «Jaurlaritzak erabaki behar du zer nahiago duen. Guk argi dugu: aukera hau aprobetxatu behar dugu Primeran akuilu eder hori izan dadin, plataforma horrek aro berri bat zabal dezakeelako, besteak beste, gazteak erakarri eta fidelizatzeko eta euskarazko edukiak ahalik eta euskarri gehienetan zabaltzeko», ziurtatu du.

Hala, akordio berri honek «euskararen biziberritzeari, normalizazioari, lagunduko dio, euskarazko ikus-entzunezkoen arloan aro berri bat zabaltzen ari den honetan», EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz.

Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko akordio hau iritsi den testuinguruari ere erreparatu dio Agirrek. Bere hitzetan, «askatasunak kolokan dauden honetan, euskararen aurkako oldarraldi bete-betean gaudela, legea betearazteaz gain, euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz eta kontsumituz egin beharko diogu aurre egoera horri, zeren faxismoari euskarazko edukiak ikusten eta entzuten egiten zaion aurre ere bai. Beraz, herri bezala biziraun nahi badugu, euskarazko ikus-entzunezko sektore indartsua behar dugu, eta ezinbestekoa da esparru horretan apustu sendoagoa egitea, nazio bat garelako».