NAIZ
Bilbo

Pentsiodunen Mugimendua: «Une kritikoan gaude aldarrikatzen dugun osagarria lortzeko»

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko egiten ari diren dinamiken berri eman du, tartean datozen asteetarako Iruñean eta Gasteizen deitu dituzten mobilizazioak.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin du Bilbon.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin du Bilbon. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Bilbon egindako prentsaurrekoan, Euskal Herriko Pentsidodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko egiten ari diren dinamiken berri eman du, eta bitartean pentsio hori EAEn eta Nafarroan 1.080 euroraino osatzea eskatu du.

EHPMren lehen mobilizazioetatik aldarrikatu da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Sei urte geroago oraindik ez da gauzatu. Hori lortzeko bultzada mobilizatzaile bat ematea erabaki dute.

Honela, espainiar Estatuko Gobernuari gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko eskatzeko, urriaren 28an Madrilen egingo den manifestaziora deitu dute.

«EAEko Legebiltzarreko gizarte politiken batzordean agerraldia egin eta EAJ, EH Bildu, PSE, Elkarrekin Podemos eta PPko talde parlamentarioekin izandako bileren ondoren, EAEko hurrengo aurrekontuetan hori gauzatzeko partida bat prestatzea nahi dugu», adierazi dute.

Eta gauza bera eginen dute bihar, urriak 27, Nafarroako Parlamentuan eragile sozial eta sindikalekin egingo duten agerraldian. «Hori lortzeko eragozpen juridikorik edo ekonomikorik ez badago, legebiltzarreko taldeei eskatzen diegu behin betiko aurrerapausoa eman dezatela eta dagozkion erabakiak har ditzatela».

Gaur egun EAEn 167.718 pentsiodunek eta Nafarroan 51.306 pentsiodunek 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte, eta gehienak emakumeak dira. «Gutxieneko pentsioak, aldagai guztietan, emakume izena du. Izan ere, genero arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan».

Nabarmen dutenez, «une kritikoan» daude «aldarrikatzen dugun osagarria lortzeko». Hori dela-eta, manifestazioak deitu dituzte datozen asteetarako Iruñean eta Gasteizen. Nafar hiriburukoa azaroaren 11n izango da, 17:30ean, Baluarte plazatik Sarasate pasealekura. Gasteizkoa, berriz, azaroaren 16an egingo da, 11:00etan, Artiumetik Legebiltzarrera.