Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gogoratzeko nahia eta ezina, fruta zaporeen bitartez, Oihane Zuberoa Garmendiaren lan berrian

Zaporeek, dastamenak, badaukate oroitzapenak aktibatzeko ahalmen hori. Horrekin jokatu du Oihane Zuberoa Garmendia egile nafarrak bere bigarren poema-liburuan. ‘Bi aldiz iraun’ lanean «ahosabaitik abiatzen dira poema asko».

Oihane Zuberoa Garmendiak bere lan berria aurkeztu du.
Oihane Zuberoa Garmendiak bere lan berria aurkeztu du. (Maialen Andres | FOKU)

‘Bi aldiz iraun’ Oihane Zuberoa Garmendia nafarraren bigarren poema-liburua da, Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu duena. Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu dute ostiral honetan lana, zeinetan «memoria eta gaitza» dituen ardatz, «gogoratzeko nahiaren eta ezinaren arteko borroka, hurbileko objektuak eta jakiak eta mundu klasikoa».

Erronkariko egileak «estilo argi bezain sakonean» azaltzen ditu bere poemak eta kezkak, Aritz Gorrotxategi editoreak adierazi duenez.

Titularrak berak dakar lehen jokoa. Izan ere, «irakurtzerakoan pentsa dezakegu bi aldiz bizi nahi dugula», aitortu du egileak, «baina oroitzapena denean dagoeneko ez da bizi», adierazi du. Izenburua, gainera, prozesuaren amaieran idatzitako poema baten amaieratik hartu dute. Eta bertan uler daiteke benetako zentzua. «Ezin negu berean bi aldiz iraun».

Azken 3-4 urteetan idatzitako poemak dira. Etxera joan-etorrian kotxez egindako ordu luzeetan burura etorri eta gerora paperera eramanak. «Urteetan pilatu ditudan paisaiak landakoak dira eta nire barne arkitektura ere hortik dator», nabarmendu du. Hau bere bigarren lana da. Izan ere, ‘Bidaia (h)ariketak’ izan zen lehena, eta Iruña Hiria Poesia saria eskuratu zuen harekin.

«Azalean ikusten den moduan, liburuak asko du usainetik, dastamenetik eta zaporetik», nabarmendu du Garmendiak. Lau urtarotan banatuta dator poema-liburua eta atal bakoitzak fruta baten izena darama, izen zientifikoak erabiliz, izen horiek «familiari buruz hitz egiten digutelako».

Egilearen hitzetan, lanak «sensorialetik asko dauka». «Ahosabaitik abiatzen dira poema asko. Frutek, granadek, irasagarrek edo mugurdiek iraganarekin konektatzen naute, bizitakoarekin. Eta hausnarketarako bidea ematen didate». Izan ere, zaporeek badute memoriarekin lotura zuzena. «Zaporea hartzen dugunean, ez dagoen zerbait etortzen da. Gogoratzea, memoria, galera, zahartzea... gai horiek errepikatu egingo dira lanean zehar».

Lau urtarotan banatuta

Lana udazkenarekin hasten da. «Niretzat urtea ikasturtearekin, udazkenarekin hasten da». Eta berarekin dator irasagarra. Mitologia grekoarekin konektatzen du Garmendia fruta honek eta «heriotzari eta sexualtasunari buruz» hitz egiteko bide eman dio, «modu espontaneoan». «Oso mikatza da. Konturatu naiz poema asko, hasierakoak, mikatzak direla eta bagoazela gozotasuna bilatzen».

Neguarekin dator granada, «desagertzen diren gauzekin» lotzen duena. Bertan, irakurleak hizkuntzarekin lotzen diren hausnarketak topa ditzake, galtzen diren hizkuntzak. «Hitzak bilatzen agertzen naiz», argitu du egile nafarrak. Eta, nola ez, neguko paisaiak nagusi: txuria, isiltasuna, izotza...

Gutxinaka, liburua udaberrian sartzen doa, paisaia «alaiagoak» plazaratuz udako mugurdien garaira iristeraino. Bizitzari buruzko esaldi laburrak eta landutakoaren laburpen edo sintesi batekin eman dio amaiera poema-liburuari.

«Fruta gutxi jaten dugu eta poemak ere laburrak dira, nata askorik gabekoak. Ez dago sinbologia kriptikorik, argiak dira», baieztatu du Garmendiak.