NAIZ
Gasteiz

Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko antolatuko dute Araba Euskaraz, ‘Mugaezin’ lelopean

Datorren ekainaren 16an ospatuko dute Araba Euskaraz, beste urte batez Olarizun eta oraingoan ‘Mugaezin’ lelopean. Arabako zortzi ikastolak elkarlanean ari dira ekainetik Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko jaia atontzeko, Arabar Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko.

2024ko Araba Euskaraz aurkeztu dute ostiral honetan.
2024ko Araba Euskaraz aurkeztu dute ostiral honetan. (Araba Euskaraz)

«Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza», ‘Mugaezin’ aukeratu dute datorren urteko Araba Euskarazen lelotzat. Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta erabilpen eremuak zabaltzeko Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko egingo jaia Olarizun, ekainaren 16an.

Ostiral honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, joan den udako Arabako ikastolen jaiaren ondoren, zortzi ikastola arabarrak elkarlanean aritu dira. «Azken bi ekitaldietan martxan jarri dugun ereduari jarraipena emango diogu, auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz», laburbildu dute.

Azken bi urteetan bezala Olarizun ospatuko den jaia prestatzeko lanak banatu dituzte jada, eta ikastola guztiak batuta eta denen artean koordinatuta eginbeharrok «samurragoak» egiten direla nabarmendu dute.

2024ko Araba Euskarazekin, lehenik eta behin, 1976an sortutako Oiongo San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera eman nahi dute. Horrekin batera Arabar Errioxan «ikastolok euskararen alde egiten dugun lana ikusarazi nahi dugu: Arabar Errioxako neska-mutikoak euskalduntzen ditugu eta, horiekin batera, baita hainbat nafar, errioxar eta urrunagotik etorri berriak ere bai».

Leloa eta logoa

Leloari dagokionez, ‘Mugaezin’ aukeratu dute «mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagoak irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztietzat».

«Gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira», gaineratu dute. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean».

Logotipoa, bestalde, infinituaren ideian inspiratuta dagoela argitu dute eta Arabako zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du. Funtsezko elementuak forma (etengabeko mugimendua adierazten duen espirala), ekolore petaloak (zortzi dira, bakoitzak ikastola bat irudikatzen duelarik) eta kolore horia (argia, energia eta bizitasuna sinbolizatzen ditu).

Jomuga ekaineko jaia bada ere, ikasturtean zehar ekintzak antolatuko dituzte, baina datak eta zenbait ekitaldiren diseinuak zehazteke daudela esan dute. Araba osoan zehar izango dira, Araba Euskaraz «lurralde osora hedatu nahi dugulako».