Zati bakoitzaren azken jokaldian jasota, galdu egin du Osasunak Benito Villamarinen. Bazirudien Ruben Garciak 85. minutuan eginiko golak, puntu bat emango ziela gorritxoei baina Betisen azken korner batean Iscok 2-1ekoa egin du, Arrasateren zorigaiztorako. Entrenatzaile bizkaitarrak ezezko keinuak egiten zituen, jokoz kanpoko posible batengatik edo bere taldearen malgutasunagatik, auskalo zergatik.
Izan ere, Osasunari kosta egin zaio bere nortasun oldarkorra ateratzea erasoan, batez ere lehendabiziko zatian. Oso kamuts aritu da, ez du erremate bakar bat ere egin 45 minutuan eta Arrasatek bere jokalariei eskatzen zien bertikalitatea ezin izan dute praktikara eraman, Pellegriniren taldeak ondo egiten baitzuen atzera.
Ez pentsa Betisek ere Sergio Herrera askotan probatu duenik. Azken txanpan iritsi dira etxekoen jokaldi arriskutsuenak, aurretik Ruben Peña –berriro ezker hegalean– eta Aresok ohi baino gehiago sufritu duten arren. Peñak, hain zuzen ere, erraztu egin du Betisen erasoko jokaldia, area barnean gehiegi nahastuta. Willian Josek ez du asmatu errematean.
Ez eta Isco berak ere, Chimy Avilak zelai erdian lo hartu eta etxekoek osatu duten kontraeraso azkarrean. Mirandak lapurtu, Marc Rocak buru altxa, Ayozeren lasterketara bideratu baloia eta honen erdiraketa errematatzen ez du asmatu Real Madrileko jokalari ohiak.
Bost minutu beranduago, baina, Guidoren beste erremate kamuts batek bigarren aukera eman die andaluziarrei eta Iscoren erdiraketa kolpe bakar batez sareratu du Willian Josek, gol ikusgarria eginez. Gola egin eta atsedenaldia adierazi du epaileak.
Arrasateri ez zaizkio gauzak gustatu eta beraz, lehen bailehen aldaketak egin ditu: Mojica eta Raul Garcia de Haro zelairatu ditu, Moncayola eta Chimy Avilaren ordez. Honekin, Ruben Peñak eskuin hegalera egin du, kasu honetan aurrerago jokatuta, eta Berriatuakoak nahi zuen oldarkortasun hori berreskuratu dute, Mojica berak ere hegalean ibilbide luzeago izan ohi baitu.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Budimir jokoz kanpoko argian zegoela egin du gola Raul Garcia de Harok eta Diaoren aldeko penaltia VARean berrikusi ondoren, erabakian atzera egin du Sanchez Martinez epaileak. Gakoa izan da jokaldi hori, penaltia adieraziz gero David Garcia kanporatua izango baitzen. Azkenean, bizirik mantendu da Osasuna eta horrek bermatu dio azken txanpara indartsu iristea.
Arrasatek ere ongi mugitu du aulkia, hegaletan bizitasun gehiago sartuz. Kike Barja eta Ruben Garcia zelairatu ditu eta valentziarra protagonista izan da. Catenak sekulako baloia bidali du arerioaren bizkarrera eta ‘14’ zenbakiak ez du hutsik egin Bravoren aurrean. Aldarrikapen keinua izan da valentziarrarentzat, Granadaren aurka minuturik jokatu gabe geratu baitzen eta gaur aulkitik hasi du partida.
Berdinketa ontzat ematen zenean, baina, kolpea jaso dute gorritxoek eta bilatzen duten erregulartasun horrek berriro ere ihes egin die. Iscok, 95. minutuan, maisutasunez sareratu du Mojicak eskas urrundu duen erdiraketa, etxekoei garaipena emateko.