NAIZ

Zaintzaren Egunean, A30eko grebara begira

Kalera atera da igande honetan Nafarroako mugimendu feminista, hilabete barru, azaroaren 30ean, egingo den greba feminista orokorrean parte hartzera deitzeko. «Lan handia dugu aurretik, eta indarrez eta ilusioz ekingo diogu», esan dute Zaintzaren Nazioarteko Egunaren karietara egindako ekimenean.

Iruñean egindako ekimena.
Iruñean egindako ekimena. (NAFARROAKO MUGIMENDU FEMINISTA)

Zaintzaren Nazioarteko Egunaren karietara, kalera atera da igande honetan Nafarroako mugimendu feminista, hilabete barru, azaroaren 30ean, egingo den greba feminista orokorrean parte hartzera deitzeko asmoz.

Nabarreria plazan brindisa egitearekin batera, gizarte osoari dei egin diote greba antolatzeko prozesura batzera, auzoetako eta lantokietako greba batzordeetan parte hartzera.

«Hilabete gelditzen da grebarako eta martxan gaude. Hasi gara antolatzen eta kalea berotzen. Lan handia dugu aurretik, eta indarrez eta ilusioz ekingo diogu», azaldu dute.

«Kalera atera gara aldarrikatzeko zaintzarik gabe ez dagoela bizitza duinik. Zaintzarik gabe ez baitago bizitza bera posible egiten duen euskarririk», irakurri dute.

Nafarroako hiriburuan bularreko minbiziaren aurkako lasterketa egin dela aprobetxatuta, bertara eraman dute greban parte hartzeko aldarria, pankarta batekin.

Iruñean ez ezik, Nafarroako hainbat herri eta auzotan ere egin dira ekimenak asteburuan zehar, grebara deitzeko; besteak beste, Zizur Nagusian, Burlatan, Eguesibarren, Garesen, Tuteran, Arrotxapean eta Barañainen.

Larunbatean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten hamaika eragile sindikal eta sozial Gasteizen bildu ziren eta azaroaren 30eko greba orokor feministari babesa adierazi zioten.