NAIZ

Taldekako Xilaban, Hazparkek irabazi du Muskildiko saioa

Taldekako Xilabako lehen finalerdiko saioa Muskildik hartu du eta Hazparke izan da nagusitu den taldea. Beraz, hazpandarrak azaroaren 18an Aiherran ospatuko den finalerako sailkatu dira.

Muskildik hartu du lehen finalerdia.
Muskildik hartu du lehen finalerdia. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Taldekako Xilaba ari da hurbiltzen bere amaierara. Asteburu honetan, larunbatean, Muskildin ospatu da txapelketako lehen finalerdiko saioa, Posonpesenean. Bertan, bi talde lehiatu dira. Hazparke batetik, Irantzu Idoate, Nahia Sasco eta Ortzi Idoate bertsolariek osatutako taldea, eta bestetik, Zispa Txispa, Maddalen Arzallus, Aitor Servier, Oihan Perez eta Aiantze Lannesek osatutakoa.

Bertsularien Lagunak elkartetik adierazi dutenez, «umorez beteriko saioa» osatu zuten bertsolariek, «agurretik hasi eta bukaeraraino». Eta, epaileek bere lana eginik, Hazparke taldea izan zen saioko garaile. Horrenbestez, hazpandarrak sailkatu dira azaroaren 18an Ahierran ospatuko den finalerako.

Taldekako Xilabako bigarren eta azken finalerdia Azkainen izango da, datorren larunbatean, azaroaren 4an. Saioa arratsaldeko zazpiretan abiatuko da Kiroletan, eta bertan beste bi taldek hartuko dute parte. Batetik, Irati Alcantarilla, Haize Lekuona, Ibai Lekuona eta Miren Artetxe bertsolariek osatzen duten Muttikoak eta, bestetik,  Etxahun Azkarraga, Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpuruak osatzen duten  Lizaieta taldeak.

Saio honetan jakingo da zein izango den finalean jokatuko duen bigarren taldea.

Bertsularien Lagunak elkartetik jakinarazi dutenez, saioan Azkaingo ikastolak egindako taloak dastatzeko aukera egongo da.