NAIZ

Elkarrekin taldeak zuzenketak aurkeztuko dizkio EAEko fortuna handien gaineko zergari

Elkarrekin Podemosek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan zuzenketak aurkeztuko dizkio EAJk eta PSEk egindako aberastasun handien gaineko zergaren proiektuari, proposamena Estatuko esparruarekin parekatzeko, tasa eta tarte berberak finkatuz.

Prentsaurrekoa eman dute EAEko hiru lurraldeetako ordezkariek.
Prentsaurrekoa eman dute EAEko hiru lurraldeetako ordezkariek. (ELKARREKIN)

Elkarrekin Podemos taldeak iragarri du zuzenketak aurkeztuko dizkiola EAEko fortuna handien gaineko zergaren proiektuari Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean. Estatu espainiarreko zerga esparruarekin parekatu nahi dute tributu hori, tarte eta tasa berdinak ezarriz.

Koalizioak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dituen bozeramaileek, Eneritz de Madariagak, Miren Echevestek eta David Rodriguezek hurrenez hurren, prentsaurrekoa eman dute astearteon, adierazteko ez dutela nahi EAE «aberatsentzako paradisu fiskala» izan dadin.

Elkarrekin taldeko ordezkariek salatu dute hiru lurraldeotako ogasunek fortuna handien gaineko zerga «leuntzea» erabaki dutela, Estatuko gainontzeko erkidegoetan baino baxuagoa izan dadin. Horrek, beraien ustez, «agerian uzten du EAJk ez duela inolako interesik justizia fiskal hobe baterantz aurrera egiteko, gehien dutenek gehiago ordain dezaten».

«EAJk ez du inoiz zerga honetan sinetsi, ezta oligopolio energetikoaren gaineko zergan ere. Orain, PSEren berme paregabearekin, aberastasun handien gaineko zerga desnaturalizatu eta murriztu nahi du, bere ahalmenaren gutxienekora», kritikatu dute bozeramaileek.

Zehazki, gogora ekarri dute EAEko proposamenak jasotzen duela 3,2 milioi eurotik aurrerako ondasunak zergapetzea, eta ez 3 milioitik aurrerakoak, Estatuko sistemak ezartzen duen bezala. Gainera, argitu dute gehieneko tasa ez litzatekeela 16 milioira arte aplikatuko, Estatuko 10,6 milioien aldean.

Koalizioak azaldu duenez, zerga EAEko proposamenak jaso bezala aplikatuko bada, hamabi milioiko likidazio-oinarri batek %2,1eko tasa jasango lukeela, Estatukoa baino baxuagoa (%3,5).

EAJren «tranpak»

Talde politiko honek nabarmendu du zerga berriak ez duela Ondarearen gaineko Zerga ordezkatzen, aitzitik, osastu egiten duela eta, beraz, ez diela ondasun berdinei eragingo. «EAJ tranpak egiten ari da. Inor ez da ari ordezkatzeaz. Zerga hau erregimen komunean aplikatzen den moduan aplikatuko balitz, Ondarearen gaineko Zergaren osagarri gisa, EAJk orain egiten duen planteamenduarekin baino hamar aldiz gehiago bilduko luke», argitu dute ordezkariek.

«Horrela ulertzen du EAJk autogobernuaren aplikazioa? –galdetu dute De Madariagak, Etxebestek eta Rodriguezek– Errenta handiei mesede egiteko? Euskadi paradisu fiskal bihurtzeko Estatuaren barruan?».

Elkarrekin Podemosentzat, agertu dutenez, «autogobernuak eskubide eta aukera gehiago esan nahi du, ez pribilegiatu gutxi batzuentzat».

PSEren «koherentzia»

PSEri, bestalde, «koherentzia» eskatu diote koalizioko ordezkariek, alderdi sozialista izan baita fortuna handien gaineko zerga proiektu berriaren bultzatzaileetako bat Estatuan, baina, aldi berean, zehaztu dute, EAEn proiektu hau «diluitu» dezan utzi dio EAJri.

Hori dela eta, Eneko Anduezak gidatutako alderdiari galdegin diote «erakuts dezala ezkerrekoa izan nahi duela Euskadin, edo, aitzitik, nahiago duela EAJren konpartsa hutsa izan». «Euskal Alderdi Sozialista honek Madrilen egiten duena Euskadin defendatzea gustatuko litzaiguke», azpimarratu dute Elkarrekin Podemosetik.

Koalizioak baietsi du prest dagoela etorkizuneko zerga-erreformaren edukiaz zein «PFEZaren tarteen deflaktazioaz» hitz egiteko. Aurreratu du EAJk proposatu zuen deflaktazio linealari zuzenketa aurkeztuko diola, «tarterik baxuenei bakarrik eragin diezaien».

Elkarreki Podemoseko ordezkariek ohartarazi dutenez, «ekonomia bakar batek ere ezin du behar bezala funtzionatu pribilegiatu talde batek dagokion ekarpena egiten ez badu», eta Fortuna Handientzako Zergak, haien ustez, helburu hori du: «Prezioen krisi-une honetan, aberastasuna birbanatzeko elementu bat sartzeko gai izatea».

Horrela, koalizioak zerga proposamenari zuzenketa propioak egiteko gonbitea egin die EAJri eta PSEri, «fiskalitate bidezkoago baten alde» egiten dutela erakusteko.