NAIZ

Aurrekontuen bidez Gipuzkoan «jauzi kualitatiboa» lortzeko eskua luzatu du EH Bilduk

Aurrekontu egitasmoaren inguruko bilera egin dute ostegun honetan Gipuzkoako Aldundiak eta EH Bilduk, Eider Mendoza ahaldun nagusia eta hauteskundeetan bozkatuena izan zen Maddalen Iriarte bi delegazioen buru zirelarik. Ekarpenak egiteko prest da EH Bildu, «jauzi kualitatiboa» lortzeko.

Altolagirre, Iriarte eta Elduaien (EH Bildu), ezkerrean; Asensio, Mendoza eta Perona (Aldundia), eskubian.
Altolagirre, Iriarte eta Elduaien (EH Bildu), ezkerrean; Asensio, Mendoza eta Perona (Aldundia), eskubian. (EH Bildu)

Pasa den astean aurkeztu zuen Gipuzkoako Aldundiak 2024rako aurrekontu egitasmoa, baina oraingoan ez du Batzar Nagusietan gehiengorik eta adostu beharko ditu. Lehenengo bilera ostegun honetan izan da; mahaiaren bestaldean EH Bilduren ordezkariak izan dituzte Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiordeak eta Jon Perona Ogasun arloko diputatuak.

EH Bilduren partetik Maddalen Iriarte bozeramailea eta Estitxu Elduaien eta Jon Altolagirre batzarkideak egon dira bileran. Hauek «Gipuzkoak jauzi estrategikoa egin dezan, aurrekontu proiektua hobetzen laguntzeko borondatea» azaldu diote EAJk eta PSEk osatzen duten Aldundiko ordezkaritzari.

«Lurralderako ardatz nagusiak diren arloek aurrekontuan pisu erlatibo handiagoa behar lukete eta norabide horretan ekarpen eta proposamen zehatzak egingo ditugu», jakinarazi dute EH Bilduko ordezkariek.

Inflazioaren gorakadak markatutako egoera medio, inoizko diru bilketa handiena izan den garaiotan, «zuhurtziaz eta anbizioz» jokatzeko dagoen aukera baliatu beharko litzatekeela adierazi die Iriartek Aldundiko ordezkariei, ohar batean jakinarazi duenez: «Inbertsioak portzentualki hazteko eta denboran eusteko baldintzak ezarri behar dira».

Asteartean Aldundiak aurkeztutako aurrekontu proiektuan, ordea, «ez da berrikuntza estrategikorik jaso EH Bilduren iritziz, jarraikortasunera bideratutako aurrekontua da, Gipuzkoak aurrez aurre dituen erronkak ohikoak ez direnean». Honela mintzo da Iriarte: «Uste dugu planteatu den aurrekontuaren artean eta lurraldeak egin behar duen jauziaren artean badagoela hobetzeko aukera».

«Akordio politiko garrantzitsu batzuk lor daitezke funtsezko gaietan, egiturazko aldaketak egiten hasteko. Gure eskua luzatua dago eta gu laguntzeko prest gaude», berretsi du. Proposamenak elkar trukatzeko faseari ekingo diote orain, beraz.

Mendoza: «Guztion ekarpena behar da»

Bere aldetik, Eider Mendozak esan du aurrekontuen bidez «konfiantza, indarra eta elkarlana» eskaitzen zaiela Gipuzkoako «ekonomia eta gizarte sarerai, eta baita batzarkide taldeei ere».

«Gipuzkoako etorkizunerako giltzarri den une batean gaude, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren egoera global batean. Horregatik, garrantzitsua izango da guztiok gure ekarpena egin eta akordioak lortzea eta ahalegin zintzoa egingo dugu akordioei ateak zabaltzeko», erantsi du.

Hurrengo astelehenean aurrekontu egitasmo hau babestu lezaketen beste bi taldeekin bilerak egingo dituzte Aldundiko agintariek: Elkarrekin Ahal Dugu eta PP. Gobernukide diren EAJ eta PSErekin ere eseriko dira.