NAIZ

Azaroaren 30eko greba feministan «unibertsitateak ere geldituko» dituztela aldarrikatu dute

Leioako, Gasteizko, Ibaetako, MUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusetako zenbait ikaslek agerraldi bateratua egin dute hilaren 30eko grebarekin «unibertsitateak ere geldituko» dituztela aldarrikatzeko eta deialdiaren «antolaketan murgilduta» daudela iragartzeko.

A30eko grebaren harira agerraldia egin dute unibertsitate ikasleek Ibaetan.
A30eko grebaren harira agerraldia egin dute unibertsitate ikasleek Ibaetan. (Euskal Herriko Neska* Gazteak)

«Zaintzaren problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, ikasleok ere hezkuntza sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu», ohartarazi dute ostegun honetan azaroaren 30eko greba feministaren inguruan Ibaetako campusean Hego Euskal Herriko zenbait unibertsitatetako ikasleek egin duten agerraldian.

EHUko Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Mondragon Unibertsitateko campusetako greba komiteetako ikasleak bildu dira agerraldian, greba orokor feministarekin bat egiten dutela eta honen «antolaketan murgilduta daudela» adierazteko. Iragarri dutenez, «unibertsitateak ere geldituko ditugu».

Horren harira, antolatzea eta elkarlanean aritzea «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute eta mistoak diren ikasle greba komiteetan parte hartzera dei egin dute, baita egunean bertan antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetara joatera ere. «Ikasleria osoa artikulatzeko», «indarrak batzeko» eta «kaleak hartu eta zaintza sistema publiko komunitarioa ozen eta argi aldarrikatzeko» hogeita zazpi egun falta direla nabarmendu dute.

«Argi dugu feminismoak herri honen eraldaketa ekarriko duela. Feminismotik, zaintza erregimena irauli, zaintza eraldaketarako tresna gisa ulertu eta Zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa eraiki eta aldarrikatuko dugu», adierazi dute.