Kazetaria / Periodista
Interview
Jon Artano
Kazetaria eta idazlea

«Bortxakeriak eta gerrak zeharkatutako emakume harrigarri baten istorioa da ‘Juana’»

Kazetaritzan askotariko bidea egin duen zestoarrak bere lehen liburua ondu du, “Juana”. Duela hiru urte Kolonbian tiroz erail zuten Juana Perea Plataren istorioa bildu du.

Jon Artano Izeta, Zestoan egindako elkarrizketan.
Jon Artano Izeta, Zestoan egindako elkarrizketan. (Jon URBE | FOKU)

Kazetaritzako molde askotan aritua da Jon Artano (Zestoa, 1978), baina liburu bat idazteko grina izan du betidanik. Tene Mujika lehiaketa irabazi zuen 2022an, eta “Juana” liburua argitaratu berri du (Elkar). Juana Perea Plata euskal jatorriko kolonbiarra eta bere familiaren bizitza ditu ardatz kontakizunak. Hego Amerikan barrena egin zuen sei hilabeteko bidaia luzean ezagutu eta landu zituen dozenaka istorioetan azkena izan zen “Juana”. Idazlea harrapatu, bereganatu, irentsi duen emakumea izan da Juana Perea Plata. Gaur beteko dira hiru urte Kolonbian erail zutenetik.

Jon Artano Euskadi Irratiko kazetaria da egun, baina bi hamarkadatan kazetaritzako ia alor guztiak ezagutu ditu: Euskal Telebistan ordu asko bete zituen entretenimendu saioetan, “Sorginen Laratza” denetan ezagunena, baina “Hitzetik Hortzera” eta “Sautrela” saioetan ere aritua da. Prentsa idatzian “Berria” eta “Argia” hedabideetan sinatu izan du, eta, irratian lur hartu baino lehen, EITBren Latinoamerikako korrespontsal izan zen hiru urtez, Kolonbiako Bogotan, hain zuzen ere. Zestoako Bainuetxean egin dugu hitzordua, “Juana”-ren ingurukoak eta beste kontatzeko.

Esku artean daukazu «Juana», zure lehen liburua. Kontent?

Bai, noski. Elkar argitaletxeak Adunan daukan biltegira hurbildu nintzen jasotzera atzo, eta oso kontent nago, liburua eskuetan edukitzea pozgarria da.

Gauza potoloa da liburu bat idaztea, argitaletxeren batek liburu bat argitaratzea. Zer sentitzen duzu zuk?

Ez dut publikoki inoiz aitortu, baina liburu bat argitaratzeko ametsa beti izan dut presente. Nire ahalmenetik kanpo zegoen zerbait bezala sumatzen nuen, baina ahalegina egin behar nuela sinetsita nengoen. Ahalegina egitetik ez baitzara damutzen, ahalegindu ez izanagatik bai, agian. Historia, antropologia eta kazetaritza nahasten dituzten istorioak ditut gustuko, bidaia tanta batzuekin zipriztinduta. Ezaugarri horiek betetzen dituzten euskarazko liburu gutxi daudela esango nuke. Ingelesez eta gaztelaniaz bai, eta irakurri ditut batzuk. Halako leitmotiv edo arrazoia bilatzen ari nintzen liburu bat idazten ahalegintzeko, eta bilaketa horretan, lagun batek esan zidan zertan ari ote nintzen han eta hemen bilatzen, Hego Amerikan korrespontsal jardunean hiru urteko egonaldia egin ostean.

Eta hara, Kolonbiara egin zenuen jauzi, abiapuntu moduan.

Bai. Korrespontsal lana erronka handia izan zen, baina nire izaeragatik-edo, kazetaritza sakonagoa egiteko gogoarekin geratu nintzen. Latinoamerika osoa jarraitu behar nuen informatiboki, baina hainbat herrialde bisitatu ere ez nituen egin. Aintzat hartu behar da han mugitzea ez dela erraza. Kolonbian bertan gauza gordinak gertatzen dira, baina gertatzen diren lekura iristeko bakarrik bi egun behar dituzu: hegaldi bat, ondoren errepidea eta autoa, eta bukatzeko trocha edo pista batean ez dakit zenbat ordu. Hori gogoan, Andeak eta euskaldunak, edo euskal jatorriko herritarren istorioak uztartzen zituztenak jasotzen hastea erabaki nuen.

Sei hilabeteko bidaia egin zenuen Hego Amerikan barrena, iazko otsaila eta abuztua bitartean, baina bidaiari ekin aurretik lan handia egin zenuen etxetik.

Bai. Hasieran hiruzpalau istorio posible potente sortu ziren, eta gero beste batzuk atera ziren. Bidaia baino lehen hogeitaka elkarrizketa egin nituen etxean nintzela: Iruñea, Portugalete, Hondarribia, Azpeitia… Istorio asko dira, eta geruzak kendu ahala gehiago azaltzen dira. Herrialde bakoitzean istorio bat neukan, gutxi-asko, Kolonbian izan ezik. Hobeto ezagutzen nuen herri hura, eta material gehiago neukanez, azken geltokia han egitea deliberatu nuen.

Kolonbiako hauteskundeak zirela-eta, halako sartu-irten bat egin nuen herri hartan, eta orduan izan nuen “Juana”-ren istorioaren berri. Txundituta utzi ninduen istorioak, eta Kolonbiara azken geltokia egitera itzuli nintzenean, bidaiako azken bizpahiru asteetan, istorio piloa nuen jasota zakuan. “Juana”-k, baina, irentsi egin ninduen.

Tene Mujika lehiaketara aurkeztu zenuen proiektua, eta irabazi egin zenuen. Horrek epe muga bat ekarri zuen zuretzat: liburua saria eman eta urtebetera entregatu behar zenuen derrigor.

Tene Mujika beka jasotzeko proiektuan ez nuen “Juana”-ren istorioa sartu, beste hainbat baizik. Sariaren berri hegazkina hartu baino bizpahiru aste lehenago jakin nuen.

Nolakoa izan zen bidaia?

Ederra. Argentinan ekin nion, eta gero apopilo egon nintzen Txileko Santiago hiriburuan, Perun Liman, Kolonbian Bogotan… Maputxeen Wallmapu lurraldean egon nintzen, eta, Boric ezkerreko hautagaiak 50 urteren ondoren Txileko hauteskundeak irabazi ostean, Hector Llaitul aktibista elkarrizketatu nuen. Gero, “Into the ice” espedizioko glaziologo eta alpinistekin hilabete pasatu nuen Darwin mendilerroan, Txileko Tierra de Fuego eskualdean, asto lanean, izokin arrantzan eta izotz laginak biltzen. Boliviatik ere pasa nintzen, eta Perutik Ekuadorrera ibaiz mugitu. Han, kaputxinoekin bizitzen egon nintzen, Yasuni Parke Nazionalean eta beste, duela hamarkada gutxira arte zuriekin harremanik izan ez zuten tribuekin.

Abuztuan bueltatu zinen, eta liburua otsailerako osatu behar.

Bai. Berez urtebeteko eszedentzia eskatu nuen Euskadi Irratian, eta beste urtebetez luzatu nuen, konpromisoa betetzeko.

Konplikatua izan al da liburua erditzea?

Erraza ez, baina gozatu ere egin dut bidean. Norberaren lanarekiko zalantzati, patologikoa bihurtu daiteke edonor horrelakoetan: hilabetetan lanean aritu, eta idazten ari zarenak zerbaiterako balioko ote duen edo ez jakin ez. Podcast-ak entzun zalea naiz, “Longform” izena duen bat, ez fikziozko lanak dituena ardatz. Gozamena da idazle, kazetari edo dokumentu egileak euren sormen prozesuaz entzutea. Anglo-saxoiak hobeak dira lan mekanismoak partekatzen, erakusten. Hemen bakoitza berera doala esango nuke. Bartzelonako Unibertsitateko kazetaritza fakultateko liburu pare bat ere irakurri ditut, ikasten saiatzeko, baina ez duzu ikasiko liburu bat nola idatzi. Liburu bat idatzi duen kazetari sentitzen naiz, eta “Juana” kazetaritza lana da. Ahalik eta erakargarrien egiten saiatu naizen lana.

Nola saiatu zara erakargarri egiten?

Kontatzen dudana kontrastatuz, hainbat iturritatik. Ezin dut ezer asmatu, behartu, baina zenbait kazetaritza-lizentzia hartu ditut: gustatzen zaizkidan esamoldeak erabiltzea, adibidez. Leial izan behar duzu datuekin, baina eltzera nahi izan dudan gatz eta piperra botata. Ahaleginaren faltan, ez daukat zorrik kontzientzian.

Idazlearen bakardadea gordin-gordin sentitu omen duzu: jardun eta aurrera pausorik eman ez; data muga gerturatu eta ezina sentitu…

Estatubatuarrek erabiltzen duten esaldia datorkit gogora: “Fake it till you make it”. Alegia, norberaren gaitasunean konfiantza irabazteko ariketa; proposatutako helburua lortzeko gaitasunik ba ote duen, zalantzan dagoenarentzat. Hori egin nuen nik. Idazmahai bat egin zidan lagun batek, ez neukalako etxean, eta Hego Amerikako mapa bat jarri nuen paretan, post-it edo oharrez josia. Horrela hasi nintzen.

Zalantza asko izan duzula aitortu duzu. Jardunak erakutsi al dizu bide egokia?

Inor ez da jaiotzen oinez dakiela. Muturreko batzuk hartu ditut. Behin lanak bukatuta jabetu naiz, adibidez, ziur aski sare handiegia bota nuela. Zerbait ekarriko nuela ziurtatu nahian, kontu gehiegitxo jo nituela begiz.

Nola egiten zenuen lana? Zein izan da zure egunerokoa?

Oso oso goiz esnatzen nintzen, nire buruari oso emana, eta poliki ari nintzenaren susmoarekin. Orduak pasatzeak, baina, ez du gauza askorik konpontzen; arnasa ere hartu behar da tarteka.

Bidean ibili eta ibili, «Juana» azaldu zen.

Bai. Atzekoz aurrera hasi nintzen liburua osatzen, “Juana”-ren istorioan murgilduta erabat, bidaiako azken geltokia izan zelako. Argitaletxeari lana helarazteko epe muga gerturatzen ari zen, asko, eta ni lana osatu ezinik nengoen. Larrituta, “Juana”-ren kontakizuna bidali nion editoreari, hark lanean ari nintzela ikus zezan, sikiera. Editoreak, nire ezusterako ‘hemen bazagok liburu bat’, erantzun zidan, eta liburuko azken atala zena liburua bera bilakatu da. Niretzat itzal handiko laguna denak ere oso iritzi ona eman zidan “Juana” istorioaz, eta aurrera egin nuen. Beste atal guztiak garaiz batzeko tenorerik ez nuela izango jakitun nintzen, eta liburua “Juana” izango zela erabaki nuen. Atal edo istorio batek eman dio forma liburuari azkenerako.

Zer da, bada, «Juana»?

Kolonbiako Choco eskualdean gertatzen den istorioa, Itsaso Barean. Ni bertan arrotza naiz, estralurtarra ia-ia. Han aztarrika oiloek bezala egin dut, nabarmendu gabe, turista banintz bezala. Jendearekin hitz egin dut, baina hura terra ignota da niretzat (eremu ezezaguna), eta bertakoak ez diren kolonbiarrentzat ere nahiko eremu arrotza dela esango nuke. Gringo bat izan naiz han, turista, eta lan hau argitaratu aurretik istorio honi buruz lanik potoloena osatu duen kazetariak ohartarazi ninduen: «Ez esan kazetaria zarela».

Beldur pixka bat ematen dute atarikoek…

Beldurrik ez nuen pasatu, kontuz ibili baino ez. Iritsi nintekeen mugaraino iritsi naizela esango nuke, baina frustrazio puntu bat badut urrunago iritsi ez naizelako. Kolonbia beste mundu bat da, han agintzen duenak agintzen du, eta horregatik akabatu zuten Juana. Arauak oso garbiak dira, eta abisua behin ematen dizute. Bigarren abisurik ez dago. Erailtzen dituzten gehienak beltzak, indigenak edo nekazariak dira, eta horiek ez dira albiste izaten.

Istorioaz arrastoren bat emateko moduan, irakurlearentzat amu moduan?

Ez dakit zenbat konta dezakedan… Juana Perea Plata emakume harrigarria zen. 2020ko urriaren 29ko goizaldean erail zuten hiru tiro jota. Zuria zen Juana, pasaporte espainiarraren jabe, eta horri eskerrak sortu zuen bere kasuak hainbesteko harrabotsa. Kolonbian bi egunetik behin hiltzen dute lider sozial bat, eta normalean ez dute oihartzun handirik sortzen. Juana Perearen erailketak sortu zuen, espainiarra ere bazelako. Pixka bat irakurtzen hasi eta aho bete hortz geratu nintzen: ikus-entzunezkoen arloan pelikulak eta reality-ak ekoizten aritu zen, Afganistanen AEBetako Armadarentzat egin zuen lana, helikopteroen hegaldiak koordinatzen, eta urpekari ere izan zen. Hotel bat eraikitzen ari zen Tribuga inguruan, eta narko-paramilitarrek erail egin zuten. “Zer da emakume hau?”, galdetu nion nire buruari, eta hori ulertzeko ahaleginean aritu naiz. Nork, zergatik, nola erail zuten? Ikertzen hasi ahala konturatu nintzen istorioa askoz harrigarriagoa zela, bere familiagatik.

Bota, intriga sortzen ari zara.

Juana kolonbiarra da jaiotzez, baina bere aita Bilbon jaio zen. Bere aitaita, Andres Perea, EAE-ANV mugimenduko figura inportanteenetakoa izan zen Espainiako Gerra Zibilaren atarian; Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzan Ogasun saileko goi mailako kargua. Juanaren aitaitak Euskadiko altxorra bertatik ateratzeko ardura eduki zuen. Eta horraino konta dezaket. Familiak ihes egin zuen Euskal Herritik, Belgikan barrena. Istorio hori, nire zorionerako, ahoz eta idatziz gorde zen, Juanaren izeba bat helduaroan idazle izan zelako, eta bere familiaren epopeia bildu zuelako. Bi istorioak uztartu ditut: Juanarena eta bere familiarena, bortxakeriak eta gerrak erdiz erdi zeharkatutako istorioak.

Salmenten baitako egoerak urduritzen zaitu?

Ez, ez baitakit zenbat ale saltzen diren, zenbat ale argitaratu dituzten… Aztarrenik ere ez daukat. Argitaletxearekin kontratu bat sinatzen zenik ere ez nekien. Euskaraz gutxi samar saltzen dela da aurrez dakidan bakarra.

Akaso «Juana»-k oihartzuna izango du, eta gaztelaniara itzuliko da.

Gustatuko litzaidake, baina ez aleak saltzeko helburuarekin, Juanaren familiak liburua gaztelaniaz irakurri ahal izateko baizik. Nik idatzitakoak ezagutzea nahi nuke, euskara aspaldi galdu baitzuten. Nahiago nuke liburuak interesa piztu, eta gaztelaniaz publikatzea proposatuko balidate.