NAIZ

Iraupen eskia egiteko aukerarik ez da izango Iratin denboraldi honetan

Iraupen eskia egiten dutenek aukera bakarra zeukaten orain arte Ipar Euskal Herrian: Iratiko estazioa. Klima larrialdiaren eraginarekin zerikusia duen erabakia hartu du Zuberoako Sindikatuak, ondoko denboraldian jarduera bertan behera uztea deliberatu baitu.

Udan bezala neguan ere mendi jarduerak garatzeko aukerak aztertzen ari dira Iratiko txaleten kudeatzaileek.
Udan bezala neguan ere mendi jarduerak garatzeko aukerak aztertzen ari dira Iratiko txaleten kudeatzaileek. (Gaizka IROZ)

Iraupen eskia egiteko ohitura duten zaleentzat albiste txarra da, Iratin ez baita hura praktikatzeko betarik izanen denboraldi honetan. Azken urteotan mendi estazioak izan duen bilakaeran kokatu den erabakia hartu du Zuberoako Sindikatuak, aipaturiko jarduera bertan behera utziz.

Iratiko txaleten zuzendaria da Josy Arrossagaray. Arduradunak argi du klima larrialdiak eragin zuzena duela mendi estazioaren bilakaeran. Zehaztu duenez, gaur-gaurkoz egun berean tenperatura aldaketa handiak gertatu daitezke, eta horrek zailtasun handiak sortzen dituela elurrari loturiko jarduerak kudeatzeko orduan.

Hala eta guztiz ere, ‘Mediabask’ hedabidearekin mintzo, itxaropentsu azaldu da Arrossagaray. Nabarmendu duenez, mendi ingurune honek beste hainbat aukera zabaltzen ditu.

Trantsizio faseari ekinen diote aurten Iratiko txaleten kudeatzaileek. Hala, mendiarekiko errespetuan oinarrituta, beste hainbat jarduera plantan emateko aukera aztertzen ari dira, tokiko eragileekin elkarlanean.

Mendi estazioak abian eman duen aladaketa horrek lanpostuen gainean eragin txarrik ez duela izanen bermatu du Arrossagarayk. Lehenik eta behin, arrakasta handiz udan garatzen dituzten aktibitateak beste sasoi batzuetan ere eskaintzeko urratsa emango dute.

«Tokiko eragileak lan eginarazi nahi ditugu, bide bat izan nahi dugu haientzat. Adibidez, euskarazko mendi ateraldiak eskaintzeko gai izan nahi dugu», azaldu du.

Natura ondareare kudeaketa arduratsua defendatu du, bertako jarduerak errespetatzea lehentasuna dela abarmenduz, hala nola artzaigintza.

Elur kopurua murriztuz doa

1968. urtean zabaldu zuten Iratiko eski estazioa eta, handik hamar urtera, igogailu mekanikoa plantan emateko lanak abian eman zituzten.

Azken hamarkadetan murriztuz joan da elur denboraldia. Esaterako, iaz zortzi egunez baizik ezin izan zituzten pistak zabalik atxiki.

Iratin gertatzen den egoera beste hainbat eski estazioetan errepikatzen da. ‘Nature Climate Change’ aldizkariak eginiko aurreikuspenaren arabera, klima 1,5 gradutan berotzen bada, Europako estazioen %32an elur eskasia egongo da.

Neurri eraginkorrak hartu ezean, tenperatura igoera oraindik ere altuagoa izan daitekeela oharrarazi dute adituek.

Gauzak horrela, klima beroketari neurria hartu ezean, Pirinioetako estazio gehienak arriskuan egongo litzatekeela azaldu du aipatu aldizkariak.