Ion Salgado

Langileen abisua Arabako Batzar Nagusietan: «Guardianek Glavista itxiko du eskuak zikindu gabe»

Glavistako enpresa batzordeko ordezkariek Arabako Batzar Nagusietan izan dira ostiral honetan eta Guardianen erantzukizuna salatu dute bertan. Izan ere, beraien esanetan, multinazionalak Laudion dagoen lantegia «itxiko du eskuak zikindu gabe».

Glavistako langileak Arabako Batzar Nagusietan izan dira.
Glavistako langileak Arabako Batzar Nagusietan izan dira. (ARABAKO BATZAR NAGUSIAK)

Laudion dagoen Autoglas-Glavistako enpresako batzordeko ordezkariek Araba Batzar Nagusietan izan dira ostiral honetan, pairatzen ari diren egoeraren berri emateko. Gogoratu dutenez, 2020 urtean Guardianek enpresa saldu zion Parter Capital funtsari eta martxoan hartzekodunen konkurtsoa ezarri zen.

Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntza Batzordean Iker Olazabalek azaldu duenez, enpresa batek prest agertu zen faktoria erosteko, baina udan akordio bertan behera geratu zen. Izan ere Guardian da Glavistak okupatzen duen lursailaren jabea eta, erabaki zuen ez zituela lursail horiek salduko.

Udan negoziazioak izan dira egoera horri aurre egiteko, baina irailean konkurtso-administratzaileak 240 langileei eragiten dien enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu zuen. Gaur egun espediente horren kontsultaldia indarrean dago, eta langileek erakundeen laguntza eskatu dute Guardianek hartutako erabakiari aurre egiteko.

Olazabalek berak aitortu duenez, langileek ez dakite zer dagoen lursailen ez saltzeko erabaki horren atzetik, baina beraien susmoa da Guardianen nahia zela  «Glavista ixtea eskuak zikindu gabe»: «Guardianek ez ditu azaldu beraren zergatiak, baina erabakiko du Laudion duen enpresaren ondoan –Guardian Laudion duen fabrika Glavistaren ondoan dago– negozio bat ote dagoen edo hutsik dagoen lursaila».

Hilabete hauetan Lakuako Industria Sailarekin hitz egin dute langileek, eta nabarmendu dutenez, badakite Guardianek ez dituela erantzun Arantxa Tapia sailburuak egindako deiak. Beraien ustez erakundeek neurriak hartu behar dituzte multinazionalak ezarritako blokeoarekin amaitzeko.

«Gure ustez, hilabeteetan zehar egin da egin beharrekoa, ustez konponbidea zuen egoera batean lagundu, baina orain, ixteko arriskuan gaudenean, tresnak eta benetako botere publikoa falta dira Luxenburgon dagoen enpresa baten nahiei erantzuteko», azpimarratu du.