NAIZ

Gazako sarraskia gelditzeko exijitu dute ehunka eta ehunka herritarrek Baionan

Gazatarren aurkako sarraskia salatzeko eta palestinarrentzat bakea eta konponbidea eskatzeko manifestazioa egin dute larunbat arratsalde honetan, Baionako Euskaldunen plazatik abiatuta. Su etenaren eta Palestinaren askatasunaren aldeko oihuz bete dituzte karrikak.

Gazatarren aurkako sarraskia gelditzeko eskatu dute Baionako karriketan.
Gazatarren aurkako sarraskia gelditzeko eskatu dute Baionako karriketan. (Guillaume FAUVEAU)

Gernika-Palestina dinamikak zabalduriko bidetik, ‘Gazako sarraskia gelditu. Konponbidea eta bakea Palestinarentzat’ lelopean manifestazioa egin dute larunbat honetan Baionan ehunka eta ehunka herritarrek, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek deituta.

Iragan urriaren 7an Hamasek kibutzak eraso eta Israelgo armada Gazako herritarrak bonbardatzen hasi zenetik hildakoak ia 9.500era iritsi direla jakinarazi du bertako Osasun Ministerioak, eta zifra goiti joanen da, 2.000 lagun baitaude desagertuak, kasik erdiak haurrak. Hondamendi horren aitzinean, «jendarte zibileko kide garen heinean ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu», azaldu dute 16.00etan Euskaldunen Plazatik abiatu den martxaren antolatzaileek.

Gazatik datorren larrialdi deiari erantzun diote euskaldunek Lapurdiko hiriburuan. (Guillaume FAUVEAU)

Lehenbizikoz, gazatarrek gose eta egarri direla erran diete zerrendan bertan diren UNRWA Errefuxiatu Palestinarren NBEko Agentziako langileei. «Izututa gaude ikusten ari garen ankerkeriarekin. Zibil ugari ari da hiltzen, eta hirutik bi adin txikikoak dira, asko oso-oso txikiak», adierazi dio GARAri Raquel Marti UNRWAko zuzendari exekutiboak.

Bake justu, egonkor eta iraunkorraren alde

Manifestariek su etenaren aldeko oihu artean igaro dute Jacques Portes plaza. ‘Halte au massacre’ eta ‘Gazako sarraskia gelditu’ aldarrikapenak haizeratu dituzte. Merkatu plazara iristear, ‘Palestina askatu’ leloa ozen entzun da. Herriko Etxean amaitu da euri zaparraden artean igaro den martxa.

Nazio Batuak Israelen konplize izaten ari direla salatu dute pankarta batzuetan. (Maite UBIRIA)

Johanne Foirien laborariak eta Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko buruak irakurri dute berehalako su etena exijitzen duen adierazpena. Bertan, Gazaren setioarekin eta oro har Palestinako lurraldearen aurkako mehatxu ororekin bukatzea galdegin dute. «Herritar palestinarrek zein israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela» nabarmendu, eta Palestinan Israel gauzatzen ari den kolonizazioa amaitzeko eskatu dute. Baita Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea bermatzea ere.

Finean «bake justu, egonkor eta iraunkorra» lortzeko bidean elkarrizketa prozesua plantan ematea defendatu dute.

 

 

Sinatzaileek gogor kritikatu dute frantziar Gobernuak Israelgo Gobernu ultraeskuindarrari emandako erabateko sostengua, baita Palestinaren aldeko edozein elkartasun ekimen zigortzeko Parisek garatzen duen jazarpen politika ere.

Jendarte zibileko askotariko lagunek deitu dute bakearen eta konponbidearen aldeko martxa. (Guillaume FAUVEAU)

Orain arte Baionan Palestinarekin elkartasunean eginiko mobilizaziorik handiena izan da. 500 lagunetik gora batu dira dozenaka eragilek deituriko martxara. ‘Gora Palestina!’ oihukatuz eta txaloen artean bukatu da ekitaldia.

Sostengu zabala

35 herritarrek izenpetu zuten hasieran manifestua. Besteak beste, Manex Fuchs antzerkigileak, Eñaut Etxeberria pilotariak, Panpi Sainte-Marie laborariak, Marie Cosnay idazleak, Marie Lagan, Mizel Zamora eta Jurgi Ekiza musikariek, Sandra Papon, Claire Lataillade eta Itziar Varela militante feministek, Mathieu Beloki bakegileak, Joana Halsouet arraunlariak, Guillaume Fauveau argazkilariak, Xebax Christy elkarte-militanteak edota Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakari den Paxkal Indok.

Geroago, beste 30 lagun baino gehiagok egin zuten bat eurekin, tartean EH Bai, Europe Ecologie-Berdeak, NPA eta Gauche EcoSocialiste alderdietako hainbat ordezkarik eta Peio Dufau, Eñaut Aramendi, Clement Pottier eta Argitxu Dufau sindikatuetako kideek.

Babes zabala izan du ekitaldiak. (Guillaume FAUVEAU)

Mobilizazioa babestu dute Françoise Gallois, Maite Etxeberria, Beñat Elkegaray, Arño Gastambide, Xabi Larre, Leire Larrasa eta David Hugla EH Baiko hautetsiek; Lysiann Brao, Nathalie Paroix eta Marie-Ange Thebaud EE-Berdeak taldekoek, baita alderdi bereko Alize Leiziagezahar eta Christophe Abellanok ere.

NPAko Thibaud Cattek eta Lysa Dudleyek ere bat egin dute deialdiarekin, Evelyne Damestoy, Martine Mailfert eta Serge Nogues Gauche EcoSocialiste taldeko ordezkarien gisa berean.

Maite Goienetxe, Gilles Louis eta Jean-Claude Handy militanteek, Frantzia Intsumituak eta LAB eta Solidaries sindikatuek ere sostengatu dute martxa.

500 lagun inguru bildu dira Baionako karriketan gazatarrei elkartasuna adierazteko. (Guillaume FAUVEAU)

Astearterako deia

Palestinarren aurka Israelgo Gobernua egiten ari den sarraskia salatzeko protestek ez dute etenik gurean. Manifestaziorik handiena urriaren 21ean egin zen Donostian. 30.000 lagun bildu ziren, Europa osoan bi aste horietan egindako mhandienetakoa izan zen Gernika-Palestinak egun gutxitan aurrera eramandako premiazko ekimena. Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere atera dira karrikara. Urruñan, Maulen eta Baionan, debekuei muzin eginez eta Poliziaren zaintzapean ibili dira. Larunbat honetako martxa, ordea, ez du debekatu Suprefeturak.

Heldu den astearterako, Gernika-Palestina deialdi herritarrak mobilizazio eguna antolatu du, hilabete bat beteko baita Israelek Gazako azken sarraskia hasi zuenetik. Eguerdian hezkuntza zentroetan eta lantegietan eginen dira elkarretaratzeak eta arratsaldeko zazpietan Euskal Herriko udaletxeen aitzinean, ‘Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna!’ leloarekin denak.