NAIZ

Iberdrolako langileek manifestazioa egin dute Bilbon KPIaren araberako soldata igoera eskatzeko

Iberdrolako langileak kalera atera dira Bilbon. Izan ere, enpresak etekin handiak ditu, baina langileen erosteko ahalmena galtzen ari da. Hori salatzeko manifestazioa egin dute 12.00etan, Plaza zirkularretik abiatu eta Iberdrola dorrearen aurreraino. ELAk deitu du protesta.

Iberdrolako langileek manifestazioa egin dute Bilbon, enpresa lortzen ari den irabazi handiak langileen artean banatzeko eskatzeko.
Iberdrolako langileek manifestazioa egin dute Bilbon, enpresa lortzen ari den irabazi handiak langileen artean banatzeko eskatzeko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iberdrolako langileek protesta egin dute larunbat honetan Bilbon, ELAk deituta, KPIaren araberako soldata igoera eskatzeko. «Enpresak uko egin dio hitzarmen berri bat negoziatzeari, eta langileek erosteko ahalmenaren galera metatzen jarraituko dute 2025. urtera arte», azaldu du sindikatuak.

ELAren arabera, enpresak bederatzi hilabeteotan 3.637 milioi euro irabazi ditu, azken hitzarmena sinatu zen urte osoan baino gehiago (3.611 milioi euro). Bertan ari diren langileei esker lortu da onura hori, baina erosteko ahalmena murriztu egin da, ia bi ordainsari urtean. Hau da, urtean ia bi hilabete gehiago lan egin beharko lukete langileek 2020ko erosteko ahalmena berreskuratzeko.

«Iberdrolak, beste multinazional handi batzuek bezala, gobernuari zergak jaisteko presioa egin bai, baina ez du bere langileen erosteko ahalmena errespetatzen», salatu dute. «Irabaziak goi zuzendaritzarentzat, inbertsio taldeentzat eta ekonomia espekulatiboarentzat nahi dituzte, eta ez irabazi horiek sortu dituzten langileentzat».

Deialdi gehiago

Urriaren 18an eta 25ean ere egin zituzten elkarretaratzeak, Iberdrolako dorrean eta Larraskituko zentro sarreran. Ekimen gehiago prestatzen ari dira akordio duina lortzeko.

Euskal Herriko mobilizazioez gain, azaroaren 18an Galiziara eta azaroaren 25ean Madrilera joango dira langileak protesta egitera.