Hirugarrenean aidanez. Peio Etxeberriak bere ibilbideko lehen finala jokatuko du abenduaren 19an Bilbon, Gasteizen jokatutako finalerdi klaustrofobikoan Jon Ander Peña 22-15 gaindituta. Azken bi urteetan pauso bakarrera geratu ostean –Laso eta Ezkurdiaren aurka erori zen–, aurten ez du barkatu eta beste jauzi bat eman du bere ibilbide zailean. Erasoan tolosarra baino eraginkorrago eta, batez ere, errestoan aurkariari inolako aukerarik eskaini gabe, nafarra gipuzkoarra baino gehiago izan da eta merezimendu osoz dago finalean.
Bi pilotariak ideia oso argiekin heldu dira Gasteizera eta bataren eta bestearen lehentasunetan arerioari airez sartzeko aukerarik ez ematea zen lehenengoa. Horrek bi aurrelariak azpitik jokatzera eraman ditu, oso motzean eta lau eta erdian baino, hiru eta erdian arituko balira bezala. Sakatzaile onak izanagatik, elkarri min gutxi egin diote lehen pilotakadarekin eta honi jokoari sartu dioten erritmoa eta partridaren garrantziak sortutako tentsioa batuta, lehia erabat klaustorfobikoa bilakatu da bi pilotarientzat.
Saketik min gutxi
Orain arte takadaka jokatutako partida pila ikusi baditugu ere, gaurkoan kosta egin zaie, bai batari zein besteari, euren sakea defendatzea eta hortaz, baita markagailuan zuloak irekitzea ere. Lehen erdian Peio Etxeberria izan da denborarik gehien markagailuan aurretik, baina alde handirik gabe, ez jokoan eta ezta markagailuan ere.
Gauzak horrela, lehen atsedenaldi luzera ultzamarra heldu da aurretik (10-12) eta aldagelatik bueltan alde hori zabaltzea ere lortu du, hein handi batean sakean eta sake-errematean gehiago asmatuta (10-15). Partidaren lehen txanpa horren gogorra izanda, erasoko bi pilotari izanda, bien defentsa gaitasunak ere behera egin du eta bigarren erdian tantoak askoz laburragoak izan dira.
Eta hori saketik zuzenean tolosarrak tanto bakarra egin duela eta 2 Peio Etxeberriak, baina baita garesti ordaindu zezakeen falta bat ere bai. Hori bai, ezin ahaztu Zenotzekoak errestoan egindako lan bikaina, sake errematerako apenas aukerarik eman gabe bere aurkariari.
Azken txanpa horretan Peio Etxeberriak libreago jokatu aritu da eta Peña askoz gehiago bultzatu du oraindik pilota biltzea kostatzen zaion kontrakantxara eta merezitako garaipena eskuratu du, finalerako bidean partida bakarra galdu gabe.
FITXA TEKNIKOA:
Peña II.a: 15
Peio Etxeberria: 22
Pilotakadak: 291. Iraupena: 60 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-5, 5-5, 5-8, 7-8, 7-9, 10-9, 10-15, 12-15, 12-18, 13-18, 13-21, 15-21, 15-22. Sakeak: 1 Peña II.ak eta 2 (falta 1) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 8 Peña II.ak eta 12 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 7 Peña II.ak eta 6 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako jaialdia. Eneko Labaka izan da Peñaren botilleroa eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarena.