Arnasa hartu du gaur Alavesek Mendizorrotzan. Urrezko hiru puntu lortu ditu Almeria aurkari zuzenaren aurka 1-0 irabazita. Gaurko garaipenarekin, bost puntuetara ditu jaitsiera postuak. Zazpi neurketa irabazi gabe egon ostean, babazorroek lortu dute merezitako garaipena. Distira handirik gabeko partida egin duten arren –Ianis Hagik penalti bat huts egin du–, Gaizka Garitanoren taldea baino gehiago izan dira.
Aleksandar Sedlarrek txanponaren bi aldeak dastatu ditu gaur: garaipenaren gola sartu du 78.minutuan –bere estreinako gola izan da Lehen Mailan–, eta partidaren hondarrean, zelaia ohatilan utzi behar izan du eroriko baten ondorioz. Itxura txarra zuen, eta baliteke lesio larri bat izatea.
Luis Garcia Plazak astean zeharreko Kopako partidan aldaketa ugari egin zituen hamaikakoan, minutu gehien jokatu dituzten jokalariei atseden emanez. Gaurko partidan, Athletico de Madrilen aurka zelairatu zuen hamaikakotik, hiru aldaketa egin ditu. Ezker alboko atzelarian Ruben Duarteren ordez Javi Lopez aritu da, eskuin hegalean Alex Solaren ordez Ianis Hagi, eta aurrean Kike Garciak jokatu du Samu Omorodionen ordez.
Lehen zatiko aurreneko minutuetan, ohi bezala, asko estutu dute babazorroek. Luis Riojak eta Javi Lopezek bikote ederra osatu dute ezker hegaletik, eta bertatik etorri dira eguneko jokaldi onenak. 10. minutuan ondo josi dute jokaldia ezker hegaletik Riojak, Lopezek eta Jon Guridirik, eta ezker hegaleko atzelariak egindako erdiraketa Almeriako atzelariak alboratu du.
19. minutuan Ander Guevara batu da ekuaziora, eta Riojak Kike Garciari egindako erdiraketa kanpora bidali du aurkariak. Hamar minutu geroago etorri da hirugarren erdiraketa ezker hegaletik, baina Alaveseko aurrelariak ez du asmatu errematean, eta kanpora joan zaio jaurtiketa.
Inoiz egin ez duena lortu du gaur Alavesek: baloiaren jabetza izatea. Orain arte, partida bakar batean ere ez du lortu aurkariak baino denbora gehiago izatea baloia hanketan. Garcia Plazaren jokalariak ez daude ohituta horretara, baina ezin hobe erantzun dute rol berri horretan.
Gaizka Garitanoren jokalariak desagertuta ibili dira. Ez dira gerturatu ere egin Antonio Siveraren atera, eta, ia lehen zati osoan, haien zelaian pilatuta egon dira, bertatik atera ezinik.
Antonio Blanco Alaveseko erdilaria izan da lehen zatiko protagonistetako bat, gertu izan baitu hirutan gola, urrunetik egindako jaurtiketetan. Hirugarrenean asmatzen ohi dela esaten da. Bada, 40. minutuan gogor jo dio baloiari area kanpotik, baina Almeriako atezainak alboratu du baloia.
Hagik penalti bat huts egin du
Lehen zatiaren amaieran izan dute babazorroek abagune paregabea aurretik jartzeko markagailuan. Epailea VAR-a ikuskatzera joan baita penaltia egon ote den ala ez erabakitzeko. Baietz ebatzi du, eta Hagik hartu du ardura hamaika metroetatik jaurtitzeko. Baloia sareetara bota ordez, harmailetara joan da. Berdinduta iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Derioko prestatzaileak partidaren joera aldatu asmoz, bi aldaketa egin ditu. Sergio Arribas eta Adrian Embarba zelairatu ditu. Horrekin, neurketa orekatzea lortu du, eta Alavesek lehen zatian izan duen nagusitasuna murriztu.
Hala ere, Almariak ez du lortu estu hartzea etxeko atezaina. Babazorroek, bai, ordea, bisitariena. 58. minutuan, berriro ere ezker hegaletik, Kike Garcia gertu egon da gola egiteko, baina Luis Maximianok saihestu du etxekoen lehen gola.
Etxekoen ahaleginak saria izan du 78. minutuan. Alboko sake baten ostean, jokaldia nahasi egin da, zenbait alboratze tarteko, eta baloia Sedlarri iritsi zaio. Serbiarrak ez du hutsik egin, eta babazorroak aurretik jarri dira markagailuan.
Bukaeran, arabarrek ez dute gehiegi sufritu hiru puntuak eramateko. Albisterik txarrena, partidaren hondarrean iritsi da. Sedlarrek zelaia utzi behar izan du eroriko baten ondorioz. Horren inguruan, Garcia Plazak esan du «itxura txarra» duela Sedlarren erorikoak, baina «itxaron» egin behar dela.
Tienes el cariño de toda tu familia albiazul, Sed 💙
— Deportivo Alavés (@Alaves) November 5, 2023
Que sea lo menos posible 🤞#GoazenGlorioso ⚪️🔵 pic.twitter.com/ULRJ3qGE7v
Garcia Plaza: «Merezitako garaipena»
Partida osteko prentsaurrekoan Garcia Plazak adierazi du «merezitako garaipena» lortu dutela, eta markagailuari dagokionez, pixka bat «eskasa». Haren ustez, «arraroa» izan baita atsedenaldira hutsean joatea.
Gola sartzea kosta egiten zaiela aitortu du prestatzaileak: «Beste bertute batzuk ditugu, ez dugu golegilerik, eta hori konpondu beharko dugu ondo jokatuz eta lehiatuz. Horretan, taldeak hamarreko bat du».
Horrez gain, Alaveseko entrenatzaileak nabarmendu du huts egindako penaltiaren ondoren, «kostatu» egin zaiela martxa hartzea: «Beheraka joan gara, eta bizitasun handia ematen diguten bi jokalari atera ditugu –Abde eta Samu Omorodion–. Asko sufrituko dugu denboraldi honetan».
Bigarren zatian partida orekatu egin da, eta horren inguruan Garcia Plazak adierazi du «oso zaila» dela 90 minutuetan nagusi izatea: «Sentsazioei buruz hitz egiten dugu beti, baina azkenean garrantzia puntuek dute. Denok bat gatoz beti bete-betean egon garela partidetan. Talde honek lan asko egiten du, eta aurpegia ematen du».