NAIZ

Hiru haur eta haien amona hil dira Libanon, Israelgo Armadaren eraso batean

Hiru neskato eta haien amona hil dira autoan zihoazela Israelgo Armadaren eraso bat jasan ostean, Libanon. Umeen ama, ibilgailuaren gidaria, zaurituta dago. Denak kazetari libanoar baten senideak dira. Hizbulah-k hainbat misil jaurti ditu Israelerantz, «mendeku gisa», eta zibil israeldar bat hil da.

Kea Libanoko Marwahin herrixkaren kanpoaldean, Israelek jaurtitako misil baten ondorioz.
Kea Libanoko Marwahin herrixkaren kanpoaldean, Israelek jaurtitako misil baten ondorioz. (AFP)

Israelgo Armadaren lehergailu batek bete-betean jo du ama, hiru alaba eta haien amona zihoazen ibilgailua, Blida eta Aainata hirien artean, Libanoko hegoaldean, Israelgo mugatik gertu. Ondorioz, amona eta hiru haurrak hil egin dira, eta ama zauritu.

Igande arratsalde honetan izan da erasoa, NNA Libanoko berri agentzia ofizialak azaldu duenez. Inpaktuaren eraginez, autoa irauli egin da, lehertu eta sutan geratu da.

Iturri horren arabera drone israeldar batek egin du erasoa, bi ibilgailuren aurka. Lehenengo autoan Samir Abdel Hussein Ayub kazetaria zihoan, errusiar komunikabide bateko berriemailea, eta haren atzetik bere arreba Samira Abdel Hussein Ayub –umeen amona–, bere iloba Hoda Abdel Nabi Heyazi –ama– eta 10, 12 eta 14 urteko haurrak: Remas Mahmud Heyazi, Talin Mahmud Heyazi eta Layan Mahmud Hejazi. Kazetaria ere zauritu da erasoan.

Gertatutakoaren berri izan ostean, Hizbula talde xiitak iragarri du hainbat misil jaurti dituela Kiryat Shmona herri israeldarraren aurka. Israeldar zibil bat hil da.

«Etsai sionistak ibilgailu zibil baten aurka egindako ekintza anker eta basatiaren mendeku gisa (...), non emakume bat eta bere hiru bilobak hil diren, Erresistentzia Islamikoaren miyahidinek ekintza bat egin dute 2023ko azaroaren 5ean, igandea, 19.20ean», jakinarazi du Hezbolak Al Manar telebistakjasotako ohar batean.

Hizbulak ohartarazi du zibilak erasoetatik babestuko dituela eta bere erantzuna «irmoa eta sekulakoa» izango dela.

Libanoko jarduneko lehen ministro Nayib Mikatik ere gaitzetsi egin du Israelgo Armadak lau zibil libanoar hil izana eta ohartarazi du erasoa ez dela zigorrik gabe geratuko.

«Krimen hau ez da zigorrik gabe geratuko. Gobernuak jarraipena egingo dio gai horri, eta nazioarteko harremanak ireki ditu. Presazko kexa bat aurkeztuko dugu Israelgo etsaiaren aurka NBEko Segurtasun Kontseiluan», adierazi du.

Israelen eta Libanoko milizien arteko borrokak ia egunero ari dira gertatzen Israelgo Armadak Hamasen aurkako mendeku operazioa hasi zuenetik, duela hilabete.