Jon Ormazabal

Sasi guztien gainetik, bere zortzigarren kaiolako finalean da Jokin Altuna

Partida ero batean, Erik Jaka 20-15 eta 21-18 aurreratu da, baina sakeak erabat baldintzatutako partida batean ez du lehia amaitzen asmatu eta garaipenak ihes egin dio.

Jokin ALtuna, amorruz, garaipena ospatzen.
Jokin ALtuna, amorruz, garaipena ospatzen. (Jon URBE/FOKU)

Sorginkeria dirudi, eta ziurrenik izango du magia pixka edo puska bat, baina Jokin Altunak bere ibilbideko zortzigarren kaiolako finala jokatuko du azaroaren 19an Peio Etxeberriaren aurka, Erik Jakari, partida ezin eroago batean tanto bakarraz gailenduta. Amezketarraren zortzi finalerako bideek izango dute euren historia, baina zalantzarik ez zailena aurtengo hau izan dela, sorbaldako arazoek erabat baldintzatu baitute bere jarduna. Aurreko zazpi finaletan bi zituen, lehena eta azkena, Oinatz Bengoetxea eta Ezkurdiaren aurka tanto bakarraz galduak, eta beste bat irabazia, Mikel Urrutikoetxearen aurka lehen txapela irabazi zuenekoa, hogeitabatna berdindu ostean eta gaurko kale edo balekoa bere alde irten da, gauzak oso maldan gora izan ostean.

Distirakoa baino, sufritzen jakitearen garaipena izan da gaurkoa, bai azken bi aste hauetan eta baita Erik Jakak esku artean izan duen partida honetan ere. Sakeak, eta batez ere errestoan Jokin Altunak izandako arazoek erabat baldintzatutako lehia batean, lizartzarrak esku-eskura izan du garaipena 11-0eko partzial batekin 20-15 aurreratu denean, baina garesti, oso garesti, ordaindu du saketik egindako falta eta 21-18 aurreratu denean ere ez du partida asmatzen jakin eta egunak beharko ditu pilatutako amorrua kanporatzen, Astelenako barrunbeetan botatako oihuek mina apur bat arintzeko baino ez zutelako balioko.

Beroketarekin nahikoa ez bazen, nahikoa izan du tanto bat Jokin Altunak bere ezker sorbalda hori %100ean ez bazen, jokatzeko zegoela, eta ederki gurutzatutako tanto batez lortu du partidako lehena. Baina gauza bat da erasoan aritzea eta beste bat defentsan jardutea eta Erik Jakak jokoaren ekimena izateko gai izan denetan nabaritu zaizkio gehien gabeziak amezketarrari.

Baikokoa izan da, hasiera orekatu baten ostean, lehen zuloa ireki duena, hein handi batean sake-errematean oso eraginkor arituta (7-3). Denbora luze batean nahikoa burumakur aritu ostean, lizartzarra itzuli da bere senera, bere joko oldarkorra berreskuratu du eta edonori irabazteko gai ikusten du bere burua.

Sakeak eman eta kendu

Sakeak emandakoa, ordea, sakeak kendu dio Erik Jakari eta segidan sufritzea tokatu zaio, Jokin Altunak lehen pilotakada bere esku izan duenean. 11-0eko partzial batekin amezketarrak partida erabat bideratu duela ematen zuen (7-15), baina gaur egungo kaiolan, are gehiago Astelena bezalako pilotaleku azkar batean, ez dago sekula halakorik esaterik eta partida erabat irauli du lizartzarrak, oso pilotakada gutxirekin gainera. Luze jota eta aurkariak airez sartzeko gaitasun edo konfiantzarik gabe, errestoan erraztasun ugari ematera behartu du Altuna Baikokoak eta aukera izan duen bakoitzeko gaitzeko eraginkortasuna atera die aukerako pilotei. Denera 21 pilotakada jo ditu airez eta horietako bederatzitan tantoa amaitu du Jakak (20-15).

Baina, irabazteko beldurrak jota edo, amaitu ez duena partida izan da eta urteetan gogoratuko du egindako sake falta, baita gauzak bero-bero zirenean izandako estorbada bat ere. Okerren zenean bizirik utzi du Jokin Altuna eta honen magiaren gatibu izaten amaitu du.

FITXA TEKNIKOA

Jaka: 21

Altuna III.a: 22

Pilotakadak: 258. Iraupena: 57,53 minutu. Markagailua: 01, 2-1, 2-2, 3-2, 7-3, 7-14, 8-14, 8-15, 20-15, 20-18, 21-18, 21-22. Sakeak: 4 (falta 1) Jakak eta 4 Altuna III.ak. Egindakoak: 12 Jakak eta 12 Altuna III.ak. Galdutakoak: 4 Jakak eta 5 Altuna III.ak. Gorabeherak: *Betekadatik gertu Eibarko Astelena pilotalekuan. Aitor Aranguren egin ditu Jakaren botillero lanak eta Gorka Altunak bere lehengusi Jokinenak.