NAIZ

Aurtengo A25eko kanpainan pornografian erabilitako indarkeriari heldu dio Emakundek

Emakunderen Azaroaren 25erako kanpaina pornografian erabilitako indarkeriaren ingurukoa izango da. ‘Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da’ lelopean, ostiralean jarriko dute abian kanpaina. Sexu heziketaren garrantzia azpimarratu dute, hura indartzeko neurririk zehaztu ez badute ere.

Azaroaren 25eko kanpaina gaur aurkeztu dute Emakundek eta Lakuak.
Azaroaren 25eko kanpaina gaur aurkeztu dute Emakundek eta Lakuak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek kanpaina bateratua egingo dute aurtengo azaroaren 25erako. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean pornografiarengan jarriko dute fokua, ‘Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da’ lelopean.

Azaldu dutenez, erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina bateratu horren bidez gizartea ohartarazi nahi dute gazteen sexu hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz. Izan ere, eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa darabil eta horrelako edukia 12 urtetik hasita kontsumitzen dute nerabeek, batez beste. Horrez gain, Emakundek eskuartean dituen datuen arabera, nerabeen %33,4k uste du pornoak eragin handia duela beren sexu harremanetan.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuaren iritziz, «emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ere bada gazteek kalitatezko sexu hezkuntza jasotzea» eta, ildo horretan, gizarte osoari dei egin dio, baita erakundeei, gizarte eragileei eta familiei ere, «gazteek sexua indarkeriarekin, emakumeen umiliazioarekin eta haien gauzatzearekin lotu ez dezaten». Hala ere, Melgosak ez du zehaztu ordezkatzen duen sailak nerabeen sexu heziketa indartzeko neurri zehatzik hartuko duenik.

Ordea, nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela erakunde guztiek «modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko». Melgosak ohartarazi duenez, «teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin». Argi utzi nahi izan duenez, «arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza delako».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogora ekarri duenez, gazteek «kalitatezko sexu hezkuntza jasotzeko eskubidea dute». Azaldu du Emakunde, beste ekintza batzuen artean, hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari dela ‘Jakitun’ programaren barruan, eta «gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta» dagoela ondorioztatu dutela.

Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo dute telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan.