NAIZ

EH Bildu: «Estatuko nazioen agenda politikoak markatuko duen legealdirako atea ireki da»

EH Bildu «pozik» dago PSOE eta Juntsek ostegun honetan sinatu duten akordioarekin, «Estatuko nazioen agenda politikoak markatuko duen legealdirako atea ireki delako eta espainiar Estatuaren lurralde eztabaidari ekin dakiokeelako».

Miriam Nogueras (Junts) eta Mertxe Aizpurua (EH Bildu) artxiboko argazki batean.
Miriam Nogueras (Junts) eta Mertxe Aizpurua (EH Bildu) artxiboko argazki batean. (Alberto ORTEGA | EP)

EH Bilduk txalotu du PSOE eta Juntsek lortutako akordioa. «Pozik egoteko moduan gaude, beraz, inbestidurarako ez ezik, Estatuko nazioen agenda politikoak markatuko duen legealdirako atea ireki delako eta espainiar Estatuaren lurralde eztabaidari ekin dakiokeelako», nabarmendu du talde subiranistak.

Ohar batean azaldu duenez, «EH Bildu pozik egoteko moduan da gaur Junts eta PSOEren artean sinatutako akordioarekin ezagutu den berri onarekin; izan ere, EH Bilduk hauteskunde kanpainan zein uztailaren 23ko gauetik aurrera defendatzen duen agertoki politikoa lortzea errealitate bihurtu da».

«Horrek berresten du elkarrizketa eta negoziazioa akordio politikoak lortzeko funtsezko tresnak direla, eta kasu honetan Kataluniarentzat onak diren akordioak Euskal Herriarentzat ere onak direla», gaineratu du.

Subiranisten ustez, «bizi dugun egoera politiko garrantzitsu honetan ekidistantziarekin jolastea ez da aukera bat edozein alderdi politikorentzat». «Espainiar Estatuak Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galizaren nazio aitortzaren bidean sakontzeko aukera baldintzatu ahal izateko muturreko eskuinak eta eskuin muturrak dituzten asmoei atea itxi zaie gaur», azpimarratu du EH Bilduk.

EAJ, «negoziazioan buru-belarri»

EAJri dagokionez, «buru-belarri» jarraitzen du PSOErekin akordio bat lortzeko negoziazioan.

Alderdi jeltzaleko iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, oraindik ez da itxi akordioa, eta «berrikuntza nabarmenik» ez dagoen bitartean, orain arte bezala jarraituko dutela azpimarratu dute, «negoziazioan buru-belarri eta diskrezio osoz».